Nafarroako bandera, udaletxeko balkoian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 17a, 11:37

Uztailaren 24tik 31ra nafarroako bandera udaletxeko balkoian zintzilik ikusi ahal izango da. aritza kultur taldeko enrike lahidalgak eman ditu azalpenak.

Egun, euskal nortasunaren ikurtzat ikurrinaren erabilera oso zabalduta badago ere, Aritza kultur taldeko kideek Nafarroako erresumako bandera berreskuratu eta sustatu egin behar dela uste dute.  Enrike Lahidalgaren arabera, “batetik, bandera hori gurea delako. Bizi dugun zalaparta egoeran, ez genuke geurea den ezer galdu behar. Gure ondare sinboliko nahiz historikoak galtzeak ondorio larriak ekar ditzake. Bestetik, ikurrina ez bezala, Nafarroako erresumako bandera euskaldunak estatu independentean bizi zirenekoa delako”. Aritza taldeko kideek, norberak bere ondarea baztertzeak kontrakoek bereganatu eta indartzea ekartzen duela uste dute, kasu honetan espainiar nazionalistek. “Euskal nazionalismoak ikurrina aukeratu eta Nafarroako erresumako bandera alboratu zuenean, nazionalismo hispaniarrak espainiar sinbolismoari gehitu zion Nafarroakoa, bandera hura bere sentitzen zuten nafar asko ideia ustel eta faltsuetan nahasiz”.

Nafarroako bandera baztertzeak euskaldunen arteko banaketa sortzen duela uste du Aritza taldeak, “Nafarroako erresumako banderak, berriz, euskaldun guztion batasunaren banderak, egiazko estatu independente, burujabe eta ondare historikoaren pisu sinbolikoa berreskuratzen du: izan ginena eta izan nahi duguna”. Aipatu arrazoi horiek tarteko, Santio jaiek irauten duten bitartean, ikurrinarekin batera, Nafarroako erresumako bandera zintzilik egongo da Udaleko balkoian, Aritza taldearen ekimenez.

Estatu txikia
Aritza kultur taldeak Euskal Herriaren historiari buruzko ikastaroak antolatu ditu azken bi urtetan. Hurrengo ikasturteari begira, bestelako hitzaldi edo konferentziak landuz, beste era bateko metodologia aztertzen ari dira. Enrikeren ustez antzeko taldeak sortzen ari dira herri ezberdinetan eta oso garrantzitsua da hori, “gure erroak aztertu eta etorkizuneko asmoak batera ditzagun”. Euskal Herria berriro ere burujabe eta independente izatea dute helburu.  “Euskal Herria estatu txikia da baina, handiagoak al dira Eskozia, Luxenburgo, Txipre, Eslovenia, Txekia edo Kosovo? Europan gu baino txikiagoak diren estatu piloa dago eta guk ere horietako bat izan nahi dugu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!