Gazte eguna, uztailaren 25ean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 17a, 11:36

Iazko festetan, Onddo gazte asanbladak antolatutako lehen Gazte eguna egin zen. Aurten berriro antolatuko dute. Manex Castrok eman ditu uztailaren 25eko jaiaren azalpenak.

Lehen ere herriko gazteek Gazte eguna antolatzen zuten Santio jaietan. Iaz Onddo gazte asanbladak hartu zuen egun hori prestatzeko ardura eta Berdura plazako bazkariarekin eman zioten hasiera. Ekimenak harrera ona izan zuenez, aurten ere martxan jarri dute. “Egitaraua ekintzez beteta dagoenez, Gazte eguna uztailaren 25ean egitea pentsatu genuen. Santio eguna dela kontuan hartuta, bazkarian jendea biltzea zaila izango zela pentsatu eta Gazte eguna arratsaldez hastea erabaki genuen”. Jendeak etxean bazkaldu eta kafea guztiek batera kalean hartzeko deia egin dute Onddoko kideek, “bazkalondoren, 17:00etan, nahi duen guztiak kafea Berdura plazan hartzeko aukera izango du. Orchestra Nacional taldearekin kalejira egingo dugu gero. Kafearekin, kalejiran atera aurreko giroa sortu nahi dugu”. Seietatik bederatziak ingurura arte luzatuko da kalejira baina, Manexek azaldu duenez, festa ez da horretan amaituko. “Iluntzean pintxo-jana izango da Errebote plazan eta 22:00ak aldera, Impecables taldearen kontzertua”. Joan zen urtean jendeari asko gustatu zitzaiolako eta plazan oso giro ona sortu zelako, iazko talde berdina etorriko da kontzertua ematera. Besteak beste, rantxerak jotzen dituzte. Manexek herritar gazte eta helduagoei festan parte hartzeko deia egin die.

Gazte asanblada
Jaietan nahiz jaietatik kanpo, gazte asanbladak herriari argia ematen lan handia egin dezakeela uste du Manexek. “Gauza asko ikasi genuen aurreko Gaztetxean eta pena da orain herria itzalita ikustea. Azken batean, herriko gazte eta elkarte guztiek koadrila handi bat osatu beharko genuke. Bakoitzak bere taldea edukitzeaz gain, guztiok batera ekintzak egiten eta ondo konpontzen ahalegindu beharko genuke eta biltzeko leku bat edukiz gero, toki horri probetxua ateratzen. Herriko gaiei, arazoei edo festei aurre egitea lortu beharko genuke. Guztion artean herria piztea, argia jartzea”. Dinamika hori berriro martxan jartzeko gazteen gogoa behar da, “lehen, lan dezente eginda, Gaztetxea aurrera eraman zela argi ikusi zen. Atzetik datozen gazteek ere lan haren emaitzak ikusi zituzten eta jendeak berriro hasteko gogoa daukala uste dut”.

Biltzeko saiakera
Onddo gazte asanbladaren egungo egoeraz galdetuta, Manexek lanean ari direla erantzun du. “Itzaletik pixka bat ateratzen hasi ginen arren, jendea berriz gerturatzen hastea dezente kostatzen ari zaigu. Konpromisoak hartzea zaila da egun. Azken hilabeteetan, festa pare bat egin dugu: lehenengoak oso harrera ona izan zuen, bigarrenean jende gutxi samar bildu zen ohituta gaudenerako. Oraindik ez daukagu biltzeko lekurik eta plazan elkartzen gara baina, gazte asanblada bizirik mantentzen saiatuko gara. Ea festetan mugimendua badagoela ikusi eta gazteei, berriro elkartzeko gogoa pizten zaien”. Udalarekin harremanetan daude Onddoko kideak, “Udala gazteok behar hori baldin badugu, prest ez ezik, gogoz ere badago Gaztetxea jartzeko. Gazteek euren lekua behar dutela ikusten dute baina, gure aldetik lanerako gogoz gaudela erakutsi beharko dugu lehenik”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!