Xiba taldea, herri kiroletan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 17a, 11:34

Uztailaren 31ko arratsaldean herri kirolen tradizioa aspaldidanikoa da Villabonan. Aurten Xiba lehiaketa egingo da; Amasa-Villabona, asteasuren aurka.

Herri kirolen baitan, ohiko frogak egin izan dira gehienetan jaietako azken arratsaldean. Ezohikoagoak ere bai; gizakia animaliaren kontra… Aurten, amasar eta villabonatarren artean Xiba taldea sortu da eta Asteasuren aurka lehiatuko dira uztailaren 31n, ostegunean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Ekimenaren antolatzaileek talde bakoitzean seina neska eta seina mutil izango direla aurreratu dute, “proba bakoitzean bi taldeetako neska eta mutil batek hartuko du parte. Pisuzko probetan orekatu egingo da kilo kopurua”. Proba konpetitiboak izango dira tartean: harri-jasotzea, trontzak, lokots biltzea, lastofardoak, zakuak… Baina Xiba lehiaketako proba guztiak ez dira lehiazkoak, jolasak ere izango dira: dantza, toka edo xiba jolasa, besteak beste. Antolatzaileek diotenez, “azken jolas horretan biltzen da Xiba txapelketaren zentzua”. Proba guztiak ikusgarriak izango dira baina, bat aipatzekotan, harri-jasotzearena aipatu dute. “Polita izango da harri-jasotzearen proba. Amasa-Villabonako taldean, nesken artean, Izaro, “Gibitegi” harri-jasotzailearen alaba arituko da”.

Aurrera begira ere bai
Santio jaietako lehiaketan ez ezik, aurrera begira Xiba txapelketan parte hartzen jarraitzeko taldea osatu nahi dute antolatzaileek, “taldea agian ez da herrian atera zitekeen sendoena. Parte hartzaileak inguruko belaunaldikoak izateari garrantzia handia eman diogu eta 18-24 urte bitarteko gazteengana jo dugu. Proba batzuk egiteko 30 urte inguruko jendea prestatuagoa egon zitekeen baina, gazteak izatea nahi genuen; gerora aurrera jarraitzeko aukera seguruagoa izango delako. Animatuta daude momentuz, ikusiko da aurrerantzean”.

Parte hartzaileak
Villabona eta Amasako sei neskek eta sei mutilek osatu dute Xiba taldea. Ondorengo hauexek:
Mutilak: Iñaki Lizaso (dantza), Eneko Ugartemendia (lastoa, trontza), Gurutz Galarraga (zakua, dantza), Arkaitz Arretxe (ingudea, xiba), Jokin Etxeberria (harria, txingak) eta Aritz Garin (lokotsak, korrika).

Neskak: Izaro Otegi (harria, dantza), Olatz Ugartemendia (txingak), Zuriñe Villa (trontza, dantza), Oihana Iguaran (lastoa, zakua), Miriam Arana (lokotsak, korrika) eta Itziar Uzkudun (ingudea).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!