Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak Sagardonat izeneko aldizkaria plazaratzen du. Uztaileko alean aipatzen duenez, Foru Aldundiak dirulaguntza berri bat eskainiko du udazkenetik aurrera. Diputazioak aspalditik ematen ditu dirulaguntzak (lehenengo eta hirugarren urterako landaketak) sagardorako landatzen diren sagarrondoetarako. Orain, sagastien egoera hobetzeko (garbitzeko, bideak txukuntzeko, hesiak jartzeko eta abar) plan berri bat jarriko da abian.
Dirulaguntza deialdia, urrian
Horretarako, laster aterako dira, urria aldera edo, dirulaguntza-eskabidea egiteko baldintzak. Datu zehatzak aurreratu gabe, baina horrela eman zuen aditzera Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapeneko Departamentuaren diputatua den Rafael Uribarrenek, VII. Sagardo Lehiaketaren sari banaketaren unean.