Agintaldi berriko lehen urteko balorazioa alkatearen eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 16a, 12:26

Urtebeteko epean egindako lanez eta aurrerantzean egin beharrekoez solasaldia.

Agintaldiko lehen urtea pasata, zer nolako balorazio egiten duzu?
Oso balorazio baikorra egiten dut. Zinegotzi gehienak aurreko legealdian egondakoak dira eta horrek, hasita zeuden proiektuak aurrera eramateko lanak erraztu egiten ditu.

Zeintzuk dira alkatetzaren alderdi on eta txarrak?
Herriak behar dituen zerbitzu eta azpiegiturak gauzatzen joateko aukera izatea da alkatetzaren alderdi ona. Esaterako, kiroldegia, igerilekua, bidegorria, eskola hazitzeko lanak...
Alderdi txarren artean berriz, erabakiak herritar guztien gustukoak ez izatea. Erabakiek desadostasuna sortzen dute batzuetan, baina alkatetzatik herritarren interes orokorrari begiratu behar zaio, norbanakoenari baino gehiago. Herri txikia izateak ere berezitasuna ematen dio alkatetzari, denok elkar ezagutzeak batzuetan gauzak erraztu egiten ditu eta beste proiektu batzuetan, zaildu egiten du elkar horrenbeste ezagutzeak.

Zein proiektu garatu duzue urte honetan zehar?
Asteasu, Zizurkil eta Villabona lotuko dituen bidegorria garatzea izan da lehen urte honetako proiekturik handienetakoa, bi milioi eurotik gorako inbertsioa eskatu duena. Dagoeneko erabiltzeko moduan dago, nahiz eta azken lan batzuk egiteko dauden. Baranda jarriko dute laster eta aurrerago, argiteria ere jarriko da. Bidegorriarekin batera, herrigunea eta pabilioiak batuko dituen zubia egin da Asteasu erreka zeharkatu ahal izateko. Errotondatik Sagastume aldera doan errepidean ere zenbait lan egin da autoen abiadura murrizte aldera. Horrez gain, Elizmendiko aparkaleku arazoari irtenbidea emateko, behin-behineko aparkalekua eraiki da eta eskolako frontoiari teilatu berria egin zaio.
Bestalde, arau subsidiarioekin testu bateratua egin dugu Foru Aldundiak hala eskatuta. Ezinbestean eman beharreko urratsa zen hori arauak argitaratu eta esku artean ditugun proiektuak garatzen hasi ahal izateko.

Duela urtebete aipatu ziren hirigintza proiektuen artean igerilekua, plaza oinezkoentzat egokitzea, eskola handitzea edota etxebizitza berriak eraikitzea zeuden, besteak beste. Zein puntutan daude lan horiek?

Arau subisidiarioak argitaratzea ezinbestekoa da lan hauetako gehienak aurrera eraman ahal izateko. Esaterako, igerilekua egiteko proiektua egina dago, baina arauak publikatu eta beste hainbat dokumentu prestatu beharra dago lanei ekin aurretik. Plaza oinezkoentzat jartzeko, Erreka bailarako errepidea egin behar da lehendabizi eta hori ere arauen baitan dago. Eskola handitzeko proiektua berriz, Hezkuntza sailak aukeratutako arkitektuak ari dira egiten eta urte amaierarako proiektu hori amaituta egotea espero da. Datozen urteetan egingo dira lan horiek. Etxebizitza berrien gaia ere arau subsidiarioen argitalpenaren baitan dago.

Ipupomamua zertan da?
Asko konplikatu da gaia, bai inbertsio aldetik eta, baita kudeaketa aldetik ere. Horregatik, azken osoko batzarrean proiektu horrekin aurrera ez jarraitzeko erabakia hartu zuen Udalak. Horrela jakinarazi zaie Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari.

Zein mezu helaraziko zenieke asteasuarrei?

Bi mezu nagusi helaraziko nizkieke. Batetik, proiektuak amaituta ikusi aurretik, kudeaketa lan luzea izaten dela, askotan guk nahi baino luzeagoa, eta pazientzia eduki behar dela. Udala lanean ari da lehen aipatutako proiektu horiek garatzeko eta legealdi honetan garatuko dira. Bestalde, bidegorria erabiltzeko deia egin nahi diet. Oso bide polita geratu da eta denen gustukoa izatea espero dugu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!