Autokrosik ez da izango aurtengo jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 16a, 12:24

Azken urteotan ikus-min handia sortzen zuen ekitaldia desagertu egin da aurtengo jaietako egitarauetik. Autokrosaren ordez, auto klasikoen erakusketa egingo da abuztuaren 17an.

2006an hasitako ohiturari jarraituz, oilasko biltzearekin hasiko dira Andramari jaiak. Abuztuaren 13tik 17ra bost egunetan gozatu ahal izango da Zizurkilgo jai giroaz. Haurrentzako ekitaldiak, Zimiterioko pilota txapelketa, bazkari eta afariak, idi frogak, bertso saioa..., bost egunetan zehar hainbat ekitaldi izango da gozagarri.


Aurtengo jaietako aldaketa nagusia autokrosaren desagerpena izango da. “Azken urteotan kezka sortzen ari zen autokrosaren inguruan, hasierako izpiritua galtzen ari zelako. Hasiera hartan herrian zeuden kotxe zaharrei, txatarretara eraman aurretik, erabileraren bat emateko modu bezala sortu zen. Arriskurik gabe, elkarrekin ondo pasatzeko modu bat izan nahi zuen, eta ez lasterketa bat. Azken urteotan konpetitibitatea gailentzen ari zen eta geroz eta abiadura handiagoa hartzen zuen jendeak. Horrek frogaren arriskua handitzen zuen eta pixka bat eskuetatik joaten ari zitzaigula iruditzen zitzaigun. Iaz istripu txiki bat ere gertatu zen. Ezusteko horrek bultzatuta, autokrosa ez antolatzea erabaki du jai batzordeak”, azaldu du batzordeko kide den Joxin Azkuek.


Hogei auto klasiko
Autokrosaren ordez, auto klasikoen erakusketa antolatu da aurten. Hogei auto inguru izango dira ikusgai abuztuaren 17an, arratsaldeko 18:00etan hasita. Ordu berean, gainera, sagardo dastaketa egingo da plazan. Aburuza, Zabala, Sarasola, Satxota eta Lizeaga sagardotegiak hurbilduko dira Zizurkilera eta Lur Lan elkarteko produktuak ere jarriko dira. Urarte trikitilariak arduratuko dira arratsaldean zehar jai giroa herrian zehar zabaltzeaz.
Beraz, autokrosa egingo ez bada ere, autoen inguruan ondo pasatzeko aukerarik ez da faltako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!