Iruntxiberri korrikalariarekin solasean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 16a, 12:19

Baserriko morroi, Ileapaintzaile, zurgin, tabernari, liburu banatzaile, aizkolari, segalari, korrikalari, kirolen erakusle… Idazlearen ofizioa geratzen zitzaion probatzeko, eta hori ere dastatua du. Herri kirolek izan duten apustularirik famatuena da Andoainen bizi den Leon Albeniz Iruntxiberri, eta bere oroitzapenak idatzita utzita ditu euskara jatorreko liburu batean.

Nolaz bururatu zitzaizun liburua idaztea?
Iruntxiberri: Sendoa argitaletxean liburuak banatzen ari nintzela, bertako jabe Joakin Berasategi eta Antonio Zabalak tentatu egin ninduten. Ematen zidan lehendik ere halako burutazioa. Baina pentsatzea gauza bat da eta idaztea bestea, mundu hori ezagutzen ez duenarentzat. Behin, “Kabuenla! Hasi egingo naiz!”, holaxe esan eta ekin nion paper txuria hartuta.

Idazteko joerarik ez izaki, nolaz moldatu zinen?
I: Oso gustura. Behin hasita, hiru-lau ordu egiten nituen mahaian. Gure ume denborarekin hasi nintzen. Nola jaio nintzen gerra bukatu aurretik, Aiako Iruntxiberri baserriko istorioak, herriko eskola orduerdira egonik nola joaten nintzen korrika… Azken batean, larre motzean hezitakoa nintzela esplikatuz hasi nahi nuen. Garai bateko bizimodua kontatuz, lotsagarrikeriak jarri izana leporatu izan didate; baina nik umiltasunez egin dut lana, ez harrokeriaz. Hasierako kontu horiek eginda gero, apustuen mundua nik bizitutakoa kontatzen dut. Tentelkeria irudituko zaio gazte jendeari, baina…

Nolako harrera izan du irakurleen aldetik?
I: Asko saldu da. Deskubrimendua izan da askorentzat ni idazten ikustea eta hor jartzen direnak irakurtzea. Bat baino gehiago gerturatu zait gustura irakurri duela esanez. Durangoko azokan, Aranalde zenak esan zidan: “Zorionak Iruntxiberri, holako liburua pozgarria da herri kirolak ezagutzeko”. Jon Leunda kirol kazetariak ere  idazten segitzeko esaten dit, baina ez dakit…

Dakizun guztia ez duzula hustu ematen du liburua irakurrita…
I: Herri kirolen mundu hau barrutik ezagutzen ez duenak ez daki ondo zer den. Herri kirolarien istorio asko buruan sartuta dauzkat, baina ez naiz ausartzen dena kontatzera. Nahiago ez kontatu gauza mingarriak. Ni neroni asko sufritutakoa naiz, jende gaiztoa ezagutu dut mundu honetan. Kirolariak apusturako prestatzen ibili, esate batera, eta gero saldu egin izan naute.

Dirua jokoan denean pertsona gaiztotu egiten dela, alegia?
I: Bai horixe. Lagunak lagunak saltzen, nik ikusi eta pasa ditut horrelakoak. Gero barkatu eta denekin segi dut tratuan, hala ere. Hor bakoitzaren balorea dago. Ez dugu bihotzik askok, ez daukagu kristautasun zintzorik Euskal Herrian. Diru zikinaren atzetik ibiltzea oso tristea da, pasadizoa baita gure bizitza. Makina bat desafio egindakoa izan arren, ni ez ninduten erosi diruz. Egun batean ez banuen gorputzaldi onik, galdu egingo nuen, baina ez inork erosita. Esan izan zidaten: “hi mokoloa haiz!”. Baina nik herri kirolak eta plaza maite izan ditut.

Zuregatik ere gaizki esaka jardun izan da jendea…
I: Izan da, bai, gaizto famaren marmarra herri kiroletan. Seriotasunez sartzen nintzen apustuetan; inguruko jendearekin ahalik eta gutxiena hitz eginez…, eta hori ezin eraman! Hortik zabaldu izan da “Iruntxiberri, beti drogatuta zebilek”, “droga emanda ibiltzen dizkik mutilak”. Kapitulu batean azaltzen dut pixka bat atletismoko federazioarekin eduki nuen afera, fama txar hori ekarri zidana. Neroni edo herri kirolak ondo ikusten ez eta… Kontua da Asteasuko Irazurekin egindako korrika apustuan 1968an, dopinaren aurkako kontrola egin zidatela, artean ezagutzen ez zuten sistema aplikatuz alegia. Bazkaldu ostean eginarazi zidaten, Coca-colako frasko bat erabiliz. Handik egun batzuetara, nireganako ikusiezina zuen Balda kazetariak “Iruntxiberri estaba drogado” argitaratu zuen. Gipuzkoako federaziora joan eta haiek ez zekitela ezer; Espainiakora joan eta dena gezurra zela. Etxebarren medikuak ere adierazi zuen analisia gaizki eginda zegoela…. Federazioak ez zuen argitu nahi izan, eta niri mantxa beltza geratu zitzaidan betirako.

Ia beti irabazle irteten zinen zenbatu ezin diren apustuetatik. Korrikalari ona ala apustulari ona?
I: Jakin egin behar da apustuak egiten. Abantailak zenbateraino eman aurkariari, zenbateraino ez… Tentsioa gainezka egoteko uneak izaten dira mahaian tratua egiten ari zarenean; aurkaria eta bere sozioak zu harrapatzera joaten dira. Hala ere, ni nahiko hotza izan naiz. Eta horretarako nik balio nuen. Jakina, mahaian lana aurreratu liteke, baina gero plazara prestatuta atera behar da, eta horretan ere oso serioa nintzen ni.

Dena esatera, oso korrikalari ona omen zinen…
I: 47-48 kilotan ibiltzen nintzen, baina indarra eta hauspoa nuen. Nik oraintxe pena ikaragarria daukat, orduan apustua irabaztera joaten ginela, ez marka jartzera. Nik harrapatuko banitu orain modan jarri diren mendi lasterketak… Larraitzera, Herniora, Aizkorrira…, maiz joana naiz korrika, baina bakarrik egindako markek ez dute ezertarako balio. Batzuen batzuk jarrita dauzkat, hala ere: Ergobi-Sosperri, Andazarrate-Villabona, Zarautz-Aia, Igeldo…

Oraindik ere desafioak kilikatzen zaitu…
I: Iaz, 70 urte betetzera nihoala egin nuen bat Iker Gorritiren aurka aizkorarekin, Aian. Ikusmina zegoen jendearen aldetik, telebista ere agertu zen… Konpromiso ikaragarria zen niretzat, eta urduri joan nintzen. Ikuskizuna handia gertatu zen, bi kanako moztu nituen, baina ez nintzen gustura jardun. Oraintxe ez nago gauza handitarako: besotik hondatuta nago, uzkurdurak izaten ditut maiz…

Kirolarien prestatzaile lanetan zabiltza aspalditxotik…
I: Korrikalari, aizkolari eta segalari ugari prestatu izan dut: Mindegia, Larretxea, Aierbe, Zabaleta, Mugertza, Jexus Lete Repo, Tapia… Baten bat kenduta, esanekoak eta esker onekoak izan dira denak. Apustu sonatuak irabazten lagundu diet askori eta ondo estimatu didate hori.


Esaiguzu nolako lana den hori...
I: Herri kiroletan ofizioa erakutsi duen maisu falta nabaria dela esan behar da aurrena. Gure garaian ere ez zegoen, eta inguratzen zitzaizunak gaizki enfokatzen zintuen; asko pasa nintzen esku txarretatik eta mediku batek izorratu ninduen galanki. Entrenamendua oso garrantzitsua da, baina baita arriskutsua! Goizetik gauera, mutila nola dagoen jakin behar duzu ondo, zein entrenamendu mota jartzeko gero. Elikaduraren gaian adibidez, “jantzak txuleta!” esaten ziguten guri; baina argi dago segun eta zer, hobe dela ez jatea.

Faltan botatzen al duzu apustuen mundua?
I: Erabat. Herri kirola mantentzen laguntzen zuelako. Iraunbizi dezake datozen gazteek nahi badute. Langaiak badaude, elkarrekiko seta ere pizten da. Baina gogor entrenatu behar da plazan irabazteko, eta ez dakit nik sakrifikatzeko dagoen gazte jendea…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!