Xabier Mujika alkatearekin solasean

Urtebete pasa da Xabier Mujikak alkatetza hartu zuenetik. Denbora tarte hori izan da hizpide nagusia.

Alkatetzako lehen urtea pasata, nolako balorazioa egiten duzu?
Oso lanpetuta ibili gara, baina orokorrean balorazio ona egiten dut. Herri txiki bateko alkatetzan egoteak denbora asko eskatzen du, hemen ez dagoelako batzorde berezirik. Lan guztiak pertsona gutxiren eskutan geratzen dira. Lan bat amaitzerako, beste batean sartuta egoten gara.

Zer nolako harrera egin dizute herritarrek?
Harrera ona izan da. Herrigunean bizi den jendeak gehiago ezagutzen nau eta gertuko harremana dugu. Baserrietan bizi den jendeak, berriz, gutxiago ezagutzen nau eta distantzia gehixeago mantendu dute, baina harremana ona da guztiekin. Jendearen eskaerak ahal den ondoen betetzeko gaude gu eta horretan saiatzen gara. Gure lana ez da guk nahi duguna egitea, herriaren ordezkari gara eta jendearen beharrak betetzen saiatu behar dugu.

Zein izan dira lehen urte honetako lorpen nagusiak?
Herriko ur horniduran arazo handiak zeuden. Oso instalakuntza zaharrak ziren eta ur galera handiak zituen. Dagoeneko lan batzuk egin dira eta ur galerak erdira jaitsi ditugu. Hala ere, lan handia geratzen da egiteko. Diru-laguntzen zain gaude lan horiei ekiteko. Bestalde, eskola eta haur eskola sortzeko erronka izan dugu. Haur eskola zabaltzea lortu dugu eta Pello Errota ikastetxeko ikasgela bat hemen jartzea ere bai. Iraila hasieran zabalduko da haur eskola eta astebete geroago eskola. Hilabete honetan, eraikina egokitzeko lan txiki batzuk egin behar dira: haurrentzako komunak egokitzea, ikasgelak bereizteko lanak egitea, telefonoa eta internet sarea jartzea... Beste gauza gutxi batzuk ere geratzen zaizkigu lotzeko. Esaterako, garbitzaile zerbitzua kontratatzea edota goizean goizeko haurren zaintza antolatzea.
Liburutegia ere berritu egin da. Kultur Etxean jartzea zen hasierako ideia, baina eskola bertan jarriko denez, tokirik gabe geratu gara eta udaletxeko gainaldean utziko dugu, berrituta. Irailean jarriko da martxan Kzgune berria ere.
Gainera, Udaleko webgunea berritu egin da. 2010erako Udaleko tramitazio ezberdinak internet bidez egiteko aukera eskaini beharra dago eta Eudel erakundeak bost herri txiki aukeratu ditu proiektu pilotu gisa prozesu hori aurrera eraman eta sor daitezkeen arazoak ikusteko. Larraul izan da aukeratutako herri horietako bat eta proiektua aurrera doa.


Aurrera begira, zer geratzen da egiteko?
Lanik handiena ur hornidura berritzea izango da eta depositutik behera, hoditeria guztia berritzea lan handia izango da. Horrez gain, Foru Aldundiarekin bilerak egin ditugu, herriko errepidea zabaltzea eskatuz. Baiezkoa eman digute eta orain, proiektua garatzen ari dira. Lanak hurrengo urteko otsaila eta ekaina bitartean egingo dituztela esan digute.
Herriko museoari ere bultzada eman nahi zaio. Beharbada, herriko gune ezberdinak bisitatuko dituen ibilbidearen barruan sar daiteke museoa. Gainera, beste lan batzuk ere badaude egiteko; pilotalekua ere berritu nahi genuke, aparkalekuen arazoari irtenbidea eman behar zaio, zaborrontziak berrantolatu behar dira birziklapena bultzatzeko... Jende asko etorri da herrira eta ahalik eta zerbitzu gehien eskaintzen saiatu behar dugu. Bestalde, eta epe luzera begira, hiri antolamendurako plan nagusiari ekin beharko zaio, egungoa agortuta dagoelako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!