Familia barnetegia, euskaraz komunikatzea helburu

Hiru barnetegi mota antolatzen ditu AEK euskaltegiak udan. Barnetegi arrunta batetik, familia barnetegia bestetik eta barnetegi ibiltaria azkenik. Familia ezberdinak euskara ikasten ari dira Adunan.

Uztartza aterpetxean familia barnetegiko taldeak elkartzen dira duela lau udaz geroztik. Aurtengo taldea uztailaren 7an etorri zen Adunara. Haizea Elizondo irakasleak azaldu duenez, “barnetegiaren helburu nagusia transmisioa da eta familiako hizkuntza ohiturak aldatzea”. 8 helduk, 10 haur eta gaztetxok, 2 irakaslek eta 2 begiralek osatzen dute taldea, 22 lagunek guztira. Aurtengo parte hartzaile gehienak bizkaitarrak dira. “Goizean gurasoekin bi saio izaten ditugu eta gu eskolan gabiltzan bitartean, haurrak begiraleekin jolasean aritzen dira. Arratsaldean berriro eskola izaten dute helduek eta jolaserako tartea haurrek. Ondoren tailerrak egiten ditugu guztiok batera, gurasoak eta haurrak elkarrekin ere euskaraz aritu daitezen. Otordu guztiak ere denok batera egiten ditugu”. Opor giroan baina, egunero izaten dira euskarazko eskolak. Eskolak ez ezik, txangoak ere tartekatzen dituzte noizean behin, “besteak beste, Tolosako txokolatearen museoa ezagutzera edo Leitzarango errekara joan ginen”. Aduna, familia barnetegiak egiteko herri ezin hobea dela uste du Haizeak, “oso eroso gaude Adunan, oso ondo hartzen gaituzte adunarrek eta Udalak laguntza handia eskaintzen digu. Haurrekin ibiltzeko ere oso leku lasaia da. Herritarrei eskerrak eman nahi dizkiegu egiten diguten harreragatik”. Uztailaren 20ra arte izango da Adunan familia barnetegia. Segidan Kataluniako talde baten txanda izango da.

Koldo Urkiza
Koldo Urkiza Lekunberrin bizi den bizkaitarrak, duela hamar urte hartu zuen lehen aldiz barnetegian parte. “Barnetegian bakarka, duela hamar urte, bost hilabetez egon nintzen jarraian. Familia barnetegian parte hartzen dudan lehen aldia da aurtengoa, ordea. Emaztea, alaba eta hiruok etorri gara eta oso gustura gabiltza”. Euskaltegian ikasi zuen Koldok hitz egiten, “euskaltegian hasi nintzen euskara ikasten eta kalean euskaraz hitz egiteko lotsarik ez neukanez, askatu egin nintzen. Euskaraz mintzatzen moldatzen banaiz ere, hobetu egin nahi nuen, hiztegiarekin eta aditzekin ez bainaiz hain ondo konpontzen. Alabak 8 urte ditu eta eskolako lanetan laguntzeko ere behar nuen euskara”. Aduna ezagutzea oso sorpresa polita izan da Koldorentzat, “Lekunberrin bizi gara eta autoz sarritan pasatzen bagara ere, ez genuen Aduna ezagutzen. Asko gustatu zaigu eta barnetegia bukatu ondoren ere etorriko gara bisitan”. Behin barnetegira etorrita, giro onean eta gustura ibiltzen direla azaldu du Koldok. “Opor gutxi daukagunez, zailena izena ematea da. Behin pauso hori emanda, ez da horrenbesteko esfortzua: hemen ere ondo pasatzen baitugu”. Helduen artean taldeko mutil bakarra da Koldo, “lehen egunean mutil asko ikusi nuen baina, emazte eta haurrak ekarri ondoren, joan egin ziren gehienak”.

Mariaje Pérez
Mariaje Pérez lehenengo aldiz etorri da barnetegira aurten. Barakaldokoa da eta duela bi urte hasi zen euskara ikasten, “euskaltegian oso zaila da euskaraz hitz egiten askatzea. Gramatika arauak ikasteko oso leku egokia da baina, benetan zaila da hitz egiten ikastea. Barnetegiko bi asteetan zehar, errazagoa iruditzen zait hitz egiten askatzea”. Haurrekin etorri da Mariaje, “asko gustatuko litzaidake haurrekin euskaraz ondo hitz egin ahal izatea. Bat-batean zaila da baina, pixkanaka lortuko dugu”. Taldean oso giro ona sortu dela dio Mariajek eta Aduna oso herri polita dela, “ez nuen herria ezagutzen. Iazko barnetegian hemen egon zen jendeak oso leku polita zela esan zidan eta bai, asko gustatu zait”. Basaurikoa da Mariaje eta han, euskara oso  gutxi erabiltzen dela esan du, “ea ohiturak aldatzen ditugun”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!