Afrikaren beroa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 16a, 12:14

Onditz Jauregi, Nahikari Iturbe eta Luisa Montecelo villabonatarrek Afrikako lurrak ezagutzeko aukera izan dute, euren ametsak egi bihurtuz.

Hasiera batean saharar errefuxiatuei laguntzera kanpamenduetara joatea pentsatu bazuten ere, ideia hori zabaldu egin zen gerora, “zergatik Saharara eta ez Malira edo Burkinara?”. Furgonetarekin abiatu eta Afrikako mendebaldeko ahalik eta lurralde gehien ezagutzea erabaki zuten. 2007ko urriaren amaieran, etorkizuna ametsekin bidaiatzen dutenena dela gogoan hartuta abiatu ziren abentura handiaren bila.  Onditz, Nahikari eta Luisak _zortzi, sei eta lau hilabetez_, 20000 kilometro baino gehiago egin dituzte guztira Afrikako lurretan: Maroko, Mauritania, Mali, Burkina-Faso, Ginea Conacry eta Senegal zeharkatu dituzte. Beste mundu bat ezagutu izanaren pozarekin etorri dira. Bihotza beteta. “Oso harreman zuzena izan dugu afrikarrekin, familiekin bizitu gara, haien pareko bizimodua eginez: merkatura joan, jatekoa prestatu, arropak garbitu…”. Afrikarrak eguneko bizimoduari begira bizi direla diote eta daukaten guztia elkarbanatzen dutela, errespetu handiz. “Ez daukate materialki ezer handirik baina, dena daukate. Oso harrera beroa egin digute. Ia denek zeukaten eskaintzeko irribarreren bat. Kotxean gindoazela, bat-batean pertsona taldeak agertzen zitzaizkigun agurka. Poza ematen du horrek”.

Herrialde alaia
Bidaiaren helburua ez zen Afrika ezagutzea soilik, haiengandik ikasi eta euren pare bizitzea baizik. Txuri eta beltz: berdinetik berdinera. “haiek azalaren koloreari begiratzen diote lehenengo baina guk, beraiekiko gertutasuna lortu eta haiengandik ikasi nahi genuela adierazi diegu hasieratik. Jende asko ahalguztidunaren paperean joaten da Afrikara eta turismoaren eragin hori oso nabaria da; haurrengan batez ere”. Turismoak onura baino kalte gehiago eraman du Afrikara hirukotearen ustez. Besteak beste, turismoak sortu eta indartutako korrupzioa ikusi dute. “Luxuzko turismoa, turismo sexuala…, batere konpartitzen ez dugun turismo motak ikusi ditugu. Gu bertakoengandik ikasten ahalegindu gara; hara ez gara gure ezer erakustera joan, beraiengandik jasotzera baizik”. Afrikaz asko hitz egiten da, eta elkarrizketatuen arabera, hango egoera gehiegi ezagutu gabe, maizegi. “Jendeak ez daki benetan zer dagoen han. Beti gosea eta miseriaz hitz egiten da. Guk miseria ikusi dugu baina goserik ez. Beste ezertarako dirurik ez dute izango baina jendeak, oro har, badauka jatekoa”. Umeak hanka-hutsik ibiltzen dira eta  arropa xaharrekin baina, dudarik gabe, bihotz handikoak ez ezik, oso alaiak direla ziurtatu dute. “Bertakoen hitzetan, hango bizimodua gogorra da triste bizitzeko. Musika eta dantzarekin alaitasuna bilatzen dute eguneroko bizimoduan. Edozein ordutan hasten dira dantzan eta oso ondo egiten dute gainera. Mutilek batez ere”. Musika festibal bat baino gehiagorekin egin dute topo. Herria festa bihurtu eta izugarrizko mugimendua sortzen zen halakoetan.

Furgoneta ospitale bihurtuta
Furgoneta, behar zutenei laguntza emateko goitik behera beteta eraman zuten: arropak, eskolako materiala, jolasak, sendagaiak… “Eramandako guztia banatu dugu eta asko eskertu dute haiek”. Furgoneta behin baino gehiagotan ospitale bihurtu da bidaian zehar, “norbaiti urraturen bat sendatzen hasi eta herri erdia inguratzen zitzaigun. Ahal genuen neurrian laguntzen saiatzen ginen.  Batzuk hagineko edo bizkarreko minez etortzen ziren eta asko, tripako minez: piper asko jaten dutelako”. Bi urteko Musa neskatilaren kasuak zeharo hunkitu zituen, aurpegiaren zati handi bat tapatzen zion tumorea zuen begitik behera. “Conatryko kalean bizi zen eta hantxe ezagutu genuen. Irribarrerik gabe ezagutu genuen ume bakarra izan zen eta bihotzak buelta eman zigun. Musak ez zeukan pozik. Hiruon artean ebakuntza ordaintzea erabaki genuen. Aurrera begira, kasuaren  jarraipena egitea gustatuko litzaiguke”.

Emakumea, eskola eta osasuna
Maroko Afrikan kokatu arren, guztiz europartuta dagoela azaldu dute eta oraindik ere begia jotzen duela emakumearen egoera penagarriak. “Afrika hegoaldean emakumeak Marokon baino askoz ere askeago bizi dira. Guztiz independenteak dira. Etxeko lanez gain, emakume asko azokatan saltzaile aritzen da. Gorputza ere askoz gehiago luzitzen dute, Marokon dena tapatuta ibili behar duten bitartean. Asko aldatzen da emakumearen papera iparraldetik hegoaldera, nahiz eta, seguruenik, musulmanagoak izan eta islamaren arauak goitik behera bete”. Eskola oso garestia izan ez arren, ordaindu egin behar da. “Seme-alaba askotako etxeetan ezin izaten dute denek eskolara joan”. Batzuk alfabetatzera, besteak lanera eta eskola koranikoetan ere haur asko elkartzen da. “Kalean janari edo arropa eske ume asko ibiltzen da, tomate pote antzekoak kolkotik zintzilik hartuta. Eskola koranikoetan, jasotakoa euren artean banatzen erakusten diete, bakoitza oso puska txikiarekin geratuagatik. Egunez kalean bizi dira eta gauez, lo egiteko lekua eskaintzen diete. Inpresio handia egiten dute, hanka-hutsik eta arropa zatarrekin ikusita. Izpiritu txarrengandik babesteko marabuek egindako fetitxeroak eramaten dituzte gainean”. Afrikar asko gaixorik dagoela aipatu dute, nahiz eta askok zer daukan ere ez jakin. “HIES-a oso zabalduta dago baina, baita gaixotasun gehiago ere. Ez dago ospitale publikorik eta herritarrek ez daukate zerbitzua ordaintzeko dirurik”.

Erritmo lasaia
Hemengo erritmoarekin alderatuta, oso lasai bizi dira Afrikan. “Oso erritmo lasaian bizi dira, ohituta gaudenerako, lasaiegi momentu batzuetan. Egoera batzuen aurrean, izugarrizko anabasak sortzen dira, hirietako trafikoan esaterako. Anarkia hutsa da hura”. Herri txiki nahiz hirietako bizimodua ezagutu dute eta, ohi denez, hirian mugimendu handiagoa sumatu dute. “Hiriburuetan kontraste gehiago ikusten da beti. Dena kalean egiten dute: arropa garbitu, sukaldean aritu, arropak lisatu… Bestalde, herri txikietako jende asko lana aurkitzeko esperantzan hirietara joaten da. Lanik aurkitu gabe eta ametsik bete gabe, kalean bizi da haietako asko”. Komunikazioari begira ez dute arazorik izan, “oso gutxi genekien frantsesez baina horrenbeste denboran, ondo moldatu gara. Gainera lekuan lekuko hizkuntza ikasten saiatu gara eta agurra behintzat euren hizkuntzan eginda, irekiago hartzen gintuzten, Euskal Herrian gertatzen den bezala”.


Bidaian zehar ateratako argazki sorta aukeratuta, hango egoeraren berri azaltzeko emanaldiren bat prestatzekotan dira. Aurrerantzean ere itzultzeko asmoa dute; ikusi, sentitu eta bizitutakoa abentura handi bat baino gehiago izan baita.
amafrika.blogspot.com.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!