Atari Bizi lehiaketaren azken txanpa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 16a, 11:57

Udaleko Ingurumen batzordetik jakinarazi dutenez, epaimahaiak larunbat honetan erabakiko du zein diren sarituak eta sari banaketa uztailaren 25ean egingo da, 19:00etan Errebote plazan.

Villabonako Udalak antolatu duen Atari Bizi lehiaketaren irabazleak, larunbat honetan erabakiko dira, nahiz eta uztailaren 25era arte ez dugun jakingo zein diren epaimahaiaren ustez, eta bertan kokatuta dauden landareei dagokienez behintzat, interesgarrienak diren Amasa-Villabonako atari eta balkoiak. Epaimahaia lau kidek osatuko dute: Joxe Ramon Mendiluze (Iratze Lorazaintza enpresako lorazaina), Mikel Igarataundi (Kimu Bat enpresako lorazaina), Arkaitz Rezola (Itsasmendikoi-Fraisoroko lorazaintzako irakaslea) eta Garbiñe Olaberria (udaletxeko teknikaria). Larunbat honetan ibiliko da epaimahaia Amasa eta Villabonako etxeetako balkoi eta atariak aztertzen, saridunak nor izango diren erabakitzeko lan zailari aurre eginez. Lehiaketa honetan parte hartzeko ez dago inon izena eman beharrik, izan ere epaimahaiak balkoi eta atari guztiak aztertu eta baloratuko ditu.

Sariak uztailaren 25ean banatuko dira, 19:00etan Errebote plazan, Dantza-sokaren aurretik eta ondokoak izango dira:

1.SARIA: bi lagunentzako nekazal etxe batean gau eder bat eta 100 euroko bale bat Villabonako dendetan erosi ahal izateko.
2.SARIA: 100 euroko bale bat Villabonako dendetan erosi ahal izateko
3.SARIA: 85 euroko bale bat Villabonako dendetan erosi ahal izateko.

Lehenago ere antolatu izan ziren mota honetako lehiaketak udalerrian eta Udalak ohitura hori berreskuratu nahi izan du landareekiko errespetuzko jarrerak berpizteko, herriari nortasuna eman diezaiokeen elementu komuna izanik, bere potentzialitateak aztertzeko eta amasar eta villabonatarrengan harrotasun puntu bat sorrarazteko eta jendearengan bere etxearen itxuraz eta osasunaz ardura pizteko. Gogoratu, lehiaketa sustatu asmoz, lore banaketa egin zuela Udalak maiatzaren bukaeran.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!