Espedizioa abiatzear, eskualdeko partaidetzarekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 9a, 19:30

Mikel Legarreta urnietarra, Euskalduna Mendigoizale Taldeko kide Arkaitz Lasa eta Iker Iriondo andoaindarrak Koldobika Zubimendi erandiorrarekin espedizio baterako bildu dira.

Garai bateko Sobietar Batasuneko bost mendi garaienetako tontorretara ailegatzea da haien asmo nagusia; Pamir mendikateko Comunismo, Korzhenevskaya eta Lenin mendiak eta Tien Shan mendilerroko Kan Tengri eta Pobeda mendiak igotzea hain zuzen.
Espedizio kideek haien proiektua uda honetan bertan abiarazi nahi dute. Uztailaren 27tik abuztuaren 25era artean, Comunismo (7.495 metro) eta Korzhenevskaya (7.105 metro) mendi gailurretara igo nahi dute. Aurrerago egingo lituzketen beste bi saiakeratan berriz, gainerako hiru mendietako ibilbideak osatu nahi dituzte.
Bost gailurretara igotzen badira, lau lagunen helburua beteko da; halako saiakera burutzeagatik trukean jasotzen den “Elurretako Lehoinabar Titulua” eskuratzea. Garai bateko Sobietar Batasunean sortutako titulua da. “Bertakoek debekatua zuten kanpora irtetea. Haien artean motibazioren bat sortu behar”, adierazi du Arkaitz Lasak. Hortik, zazpi mila metrotik gorako aipatu bost mendi gailurretara igotzearen truke jaso beharreko titulua asmatu zuten.

PRESTAKETA
Urtean zehar kirola egiten duten arren, espedizio honetarako aspaldidanik prestatzen hasiak dira. Neguan bezala, asteburu honetan bertan, Pirinioetara joatekoak dira. Datozen asteetan biziko duten esperientzia horretarako ere simulazioak egin dituzte. “Motxilan pisua sartuta mendira joatea adibidez”, gogorarazi du Lasak. Joateko gogo handia dute, eta jada azken prestaketa lanak baino ez zaizkie geratzen. “Azken uneko gorabeherak geratzen dira. Igoerak antolatzeko moduaren arabera adibidez, kanping gehiago edo gutxiago beharko ditugu”, adierazi du Lasak.  
Batzuk Alpeetan, besteak Cho  Oyu igota, esperientziadun gazteak dira denak.

“COMUNISMO”
Kokapena: Taiyikistan eta Txina arteko mugan.
Garaiera: 7.495 m.
Ezaugarriak: Garai bateko Sobietar Batasuneko mendirik garaiena. Izen aldaketa ugari izan dituena; Garmo, Stalin, Comunismo. Gaur egun, Ismail Samani izena du.

KORZHENEVSKAYA
Kokapena: Komunismo menditik 12 kilometrotara.
Garaiera: 7.105 m.
Ezaugarriak: Garai bateko Sobietar Batasuneko mendien artean emakume izena duen mendi bakarretakoa. Topatu zuenaren emaztearen izena darama; Eugenia Korgenevskaya.

ESKER ona
Zenbait enpresa edota erakunderen laguntza jaso dute “Komunismo 08” izeneko espedizioa martxan jarri duten lau gazteek eta horregatik haiek eskerrak eman nahi dizkiete honakoei: Cafes Aitona, Prima Fila, Metalurgica Marina, Erandioko Udala eta Pinturas Hempel, Andoaingo Udal Kirol Patronatua, Cegasa, Isdinek edota Sherpak mendi dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!