Alkain anaiak, Quebrantahuesos proban

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 9a, 19:27

Ez da makala Quebrantahuesos izeneko txirrindulari proba. Pirineotako lau portu mitiko igo behar dira, Somport, Marie Blanque, Portalet eta Hoz. Horiei beste bi elementu gehitu zaizkie aurten: eroriko ugari eta asko ahuleziak jota utzi dituen 35 graduko beroaldia. Arkaitzek 205 kilometroak 6:16:27an egin zituen (100. postua); Aimarrek  7:31:25ean (1953. postuan). Mekanikoak dira lanbidez, txirrindulariak zaletasunez.

Nolako bizipena izan da zuentzat aurtengo Quebrantahuesos-a?
Ar.: Gauza ez da berria guretzat. Aimarrek hirugarren urtea du, eta laugarrena nik. Oso gustura ibili gara. Jada bezperatik hasi zen gure festa. Kuadrilan abiatu ginen Andoaindik Asier Etxezarreta, Javi Soto eta laurok; furgonetan bertan gaua egiteko asmotan.

Eta behin proba hasita…
Ar.: Irteera eromena izaten da. Pentsa zer den 8.000 txirrindulari urduri egotea, lehenbailehen atera nahian. Behobia-Donostia lasterketaren antzekoa da, baina hori bai, bakoitza bere bizikletarekin.
Ai.: Proban zehar, betiko pelikula izaten da: lehenbiziko kilometrotan, Jakaren bidean, abaila bizian joaten dira batzuk; bataz beste 40tik gora kilometro orduko bai! Somporteko lehen mendatearen igoeran zehar, jada bakoitza dagokion tokia hartzen hasten da. Hor selekzio naturala egiten da. Hortik aurrera, nor bere benetako neurria ematen hasten da.

Unerik zailenak, arriskutsuenak…
Ai.: Nik ezingo nuke une berezirik azpimarratu.
Ar.: Ni eroriko batetik justu justu salbatu nintzen behin. Txirrindularien pilaketa masiboak gertatzen dira maiz hainbeste partaide izanik, eta hain justu, aldapan behera sortu zen eroriko horietako batek ia harrapatu ninduen.

Eta unerik polit edo gozagarrienak…
Ai.: Gozatzen da benetan, Portalet portuko igoeran. Ikusle pila biltzen da, eta Tourrean profesionalei bezainbat animatzen zaitu. Ura, freskagarriak eta behar dena emateko prest beti. Nahiz eta zu ez ezagutu.

Oso denbora ona egin duzue biok. Nolako prestakuntza egin duzue?
Ar.: Urtarrilean heldu genion serio prestakuntzari. Arratsaldeko 7etatik aurrera ateratzen gara lanetik, ilunpetan alegia, eta orduan kiroldegian spining-a egin izan dugu astean bitan edo. Gero asteburuan eguraldi onarekin, Axier Etxezarreta edo Leizaur taldekoekin batera bospasei orduko saioak egin izan ditugu.
Ai.: Astean zehar ni behin bakarrik atera nintzen errepidera. Eta orduan Lizartzara joan nintzen eta itzuleran, egundoko euri zaparradak harrapatu behar!

Lehiaketen martxara egokitzen saiatuko zineten, aurreko hilabeteetan.
Ai.: Ez pentsa. Hemen inguruan, Bizkaia eta Gipuzkoan zikloturistentzat antolatzen diren proba bakar batzuetan parte hartu dugu, besterik ez.

Dieta berezirik bai?
Ai.: Batere ez.  
Ar.: Alderantziz. Gorputzak gehiago jateko eskatzen dizu, kirol saio gogorra egin eta gero.

Fama galanta du probak. Oso sasoikoentzat mugatzen den astakeria dela esateraino.
Ai.: Keba! Oso mitifikatua dago. Ez dago zertan txirrindulari-txirrindularia izan behar; gure kasua da horren adierazgarri. Hor garrantzitsua zure gorputza ezagutzea da; ahalmenak dosifikatzen jakin behar. Pertsona normal batek egin dezakeen proba da. Ikusi besterik ez dago, jende mota askotarikoak nola hartzen duen parte: badira 10 ordutan ere bukatzen dutenak, eta fresko! Meritua, horiena da! Gogorragoa behar du izan, esate batera, maratoia korritzea.
Ar.: Quebrantahuesos-a da fama gehiena duena, baina ez da gogorrena. Badira adibidez, Erronkarin aldean egiten dena edo Alpeetan La Marmotte izenekoa, Alpe d´Huez, Galibier eta Telegraph portu handiak dituenak.

Dena dela, motibazio berezirik beharko da halako ezaugarriak dituen proba egiteko.
Ar.: Helburu argiren bat beti jartzen da, bestela ez dituzu bost sei orduko entrenamenduak egiten; gu bezalako zaletuek ezin dute urte osoan erritmo berean ibili. Gure asmoa, bukatzea eta denbora txukunean egitea izan da. Presioa? norberak jartzen dio bere buruari, eta alde horretatik, gu oso lasai ibili gara.
Ai.: Azken batean, sufrituz disfrutatzen dugu. Helmugan ateratzen zaizun aurreneko gogoeta, zera izaten da: “gehiago ez naiz itzuliko”. Baina denbora pasa eta lasterrera, berriro parte hartzeko arra martxan jartzen zaizu.

Mitoekin jarraituz, egia da txirrindulari ugari dopatua joaten dela proba horretara?
Ar.: Dopinaren kontrako kontrolik ez da egiten, eta ezin jakin nork zer hartzen duen. Akaso aterako litzateke kasuren bat edo gehiago… Guk, baina, ezin dugu ezer ziurtatu, ez dugulako inoiz ezer ikusi.  

Lanordu luzeko langileak izateaz gain, familia ere baduzue.
Ai.: Oso ondo portatu zaizkigu emazteak eta haurrak. Bi ume dauzkat nik eta bat Arkaitzek. Astean zehar gutxi ikusi izan ditugu prestakuntzak iraun duen hilabeteetan; asteburuetan ere ez pentsa gehiegi ikusi ahal izan ditugunik.
Ar.: Proba bukatuta, ekainetik aurrera oraintxe tokatzen zaigu familiari erabateko dedikazioa eskaintzea; lehen ezin izan duguna nola edo hala berreskuratu behar orain. Gainera, bizikletarako gogoa ere ez da aurrekoaren parekoa, beste era batera ikusten da bizikleta.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!