Roberto Cabrejas eta Pablo Gomez, oroimenean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 9a, 19:23

Bizi izan ziren artean kirolarekin oso lotura estua izan zuten Andoaingo bi pertsonen oroimena hartu dira gogoan egunotan Andoainen. Futbol entrenatzailea izan zen Pablo Gomezen omenez futbol aretoko I. Txapelketa antolatu berri da San Juanetan. Etxeberrietako jaietan, berriz, Roberto Cabrejas altuera jauzilariaren izena daraman krosa antolatzekoa da.

Oso maitatua zen Andoainen Roberto Cabrejas altuera jauziko atleta bikaina. Etxeberrietako atletaren lagun eta bizilagunek daukate bereziki gordeta haren oroimena, txiki-txikitatik ezagutu baitzuten. Bizirik eduki nahi dute Bartzelonan 2001 urtean istripuz hil zen andoaindarraren izena eta izana, eta horretarako, Roberto Cabrejasen Oroimenezko I. Krosa antolatu dute besteak beste. Lasterketa Etxeberrieta auzoko San Inazio jaietan, datorren uztailaren 27an jokatuko da; 7.5 kilometroko luzera du eta herriko zein inguruetako korrikalariek parte hartzea espero da.
Roberto Cabrejas Cuadrado Burgosko Rabanera del Pinar herrixkan jaio zen, 1952ko abenduaren 28an. Bost senideetan bera zaharrena. Familia abeltzaintzatik bizi zen, baina biziraupenaren legeak aginduta, Andoainera emigratu behar izan zuen 1954ean. La Salleko ikasle izaki, “gorri eta berde”en arteko eskolako lehiketetan hasi zen atletismoa egiten, Iñaki Agirre historialari andoaindarrak Joko olinpikoetako albistegia. Erroma, 1960-Mosku, 1980 liburuan kontatzen duenez . Liburu honek Jesus Mari Lizeaga arraunlaria eta Cabrejas olinpiadetan parte hartutako bi andoaindarren biografiak biltzen ditu.

TXAPELDUN HANDIA
Cabrejasek gazte gaztetatik lehiaketa mailako kirola zuen gogoko; baina bakarkako kirolak, ez taldekakoak. Zizurkilgo Danena klubean hasi zen, eta balio handiko kirolaria zenez, denetik egin zuen: luzera, altuera eta pertika jauziak, krosa, 200 eta 100 metro… Etxeberrietako futbol zelaian, Leitzaran bailaran, Zizurkilgo mendi-bideetan, Berazubin… nonahi entrenatzen zen.
Tolosan, 1968ko abuztuan jokatu zuen bere lehen lehiaketa ofiziala; luzera jauzian jardun zuen orduan. 1969an jada, Gipuzkoako altuera jauziko txapelduna zen. Manuel Clavero entrenatzaileak gomendatuta, altuera jauzia hautatu zuen azkenean, eta 1969-1970 denboraldian eliteko kirolera bideratu zuen bere karrera.
Francisco Lopez entrenatzailearekin hasi zen eta piskana piskana, marka hobeak lortzen joan zen. Madrilen eta Bartzelonan bizitu zen, eta nazioarte mailako txapelketarik handienetan parte hartu zuen. Baina oso urrun iritsi arren, Tolosako C.F. taldeko atleta izaten jarraitu zuen beti, 1993an lehiaketa utzi zuen arte. INEFeko ikasketak eginda zituenez, Espainiako Federazioko entrenatzaile ofiziala izan zen; San Cugat-eko Goi-Mailako Errendimeturako Zentroan, Gustavo Adolfo Bequer, Antonio Cargas edo Carlos Sala atleta ezagunak bere agindupean aritu ziren.  
Harrigarria da bere historiala. Besteak beste, Espainiako txapelduna izan zen 1977, 1978, 1980, 1982 eta 1984an; bigarrena, 1976, 1979an, eta hirugarrena 1983, 1987 eta 1988an. Pista estaliko txapelduna, berriz, 1978, 1979, 1980, 1982 eta 1988an; bigarrena, 1977 eta 1986an. Espainiako dekatloneko txapelduna izan zen  1977an. Lau aldiz hobetu zuen Espainiako marka; bere inoizko altuera jauzirik onena 2,26 izan zen. 1983ko Bartzelonako Iberoamerikar Jokoetan txapeldunorde izan zen. Moskuko 1980ko olinpiadetan 16. sailkatu zen.

Gomez, umorearen aUrpegia
Iaz hil zen Pablo Gomez Carranza, eta samin handia eragin zuen ezagutzen zuten herritar ugariren artean. Pertsona herrikoia zen Gomez, eta gehien maite zuen kirola, futbola baliatu dute bere oroimena bizirik eusteko. Bere izena daraman I. Areto Futbola antolatu da aurten Sanjuanetan, eta hurrengo urtetan jarraipena izateko jaio da.
Gomez Hogar Extremeño futbol taldeko entrenatzailea izan zen gutxienez 15 urtean. Andoain, Hernani, Astigarraga, Villabona eta inguruko beste hainbat herritan senior mailako makina bat txapel jaso zituen bere taldeak; talde honek 0 a la izquierda izena eraman ohi zuen. Gipuzkoa mailako areto futbolean jokatu zuen lehenbiziko talde andoaindarra izan zen berea. Hasiera ezin arrakastatsuagoa eduki zuen gainera; partidarik ez zuen galdu denboraldi osoan, eta hirugarren mailara igo zen.
Hainbat urtetan bere ondoan ibili zen Manolo Hernandezek adierazi duenez, “futbola barrenean zeraman. Igerilekuetako baldosak jartzea zuen lanbide, eta Espainia osoan ibiltzen zen. Hala ere, kilometro eta denborak ez ziren oztopo harentzat; ez zegoen hari asteburuan partidatara etortzea galeraziko zionik. Etorri, jokatu eta berriro lantokira itzultzen zen”.
Entrenatzaile gisa ezagutzen bazen ere gehienbat, gizarte animatzailea zen erabat. “Pertsona jatorra eta eskuzabala zen guztiz, eta Hogar Etxemeñoren ekintza askoren antolatzaile edo parte hartzaile izaten zen. Esate batera, Maciasek, Estefanok, berak eta laurok urtetan Andoaingo neguko futbol txapelketa antolatu genuen”.  
Eginak egin, berezkoa zuen alaitasuna da, ziurrenik, Gomezandik gehien azpimarra litekeen ezaugarria. “Umore ona inguruko guztiekin zerabilen, baita aurkariekin ere nahiz eta istiluen erdian egon”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!