Juanito Iturriotz, eskualdeko albaitaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 9a, 19:22

Albaitari edo mediku. Bi aukera horiek zituen esku artean, eta lehenengoaren aldeko hautua egin zuen Juanito Iturriotz Urnietan bizi den asteasuarrak.
Albaitaritzari eskaini dizkio bere bizitzako urte gehienak, eta ezaguna da Urnietako baina baita eskualdeko beste hainbat baserrietan egindako lanagatik ere.

Iruñean burutu zituen batxilergo ikasketak. Azken ikasturtean, Atarrabiara joan zen gainerako ikaskideekin batera, fraideen aurrean aitortza egin eta etorkizunean zer egin hausnartzera. “Gerorako zer asmo nuen galdetzen zidaten. Mediku edo albaitari izan behar nuela erantzun nuen. Gogor samar hartu ninduten”, oroitzen du Iturriotzek. Baina bere asmoei eutsi eta Nafarroako hiriburutik Zaragozarako bidea hartu zuen, albaitaritza prestakuntza jasotzera.
Han ezagutu zituen bi ikaskiderekin zuen harremanak gerora urrutira eramango zituen, Afrikaraino. Jada, albaitari titulua eskuratu zutenean eta soldaduska garaia gainean zutela, egun batean Donostian topo egin zuten. “Batek Afrikara boluntario joan behar zuela, besteari ez zitzaiola axolarik hara joatea eta nik zer esan behar?”, adierazi du Iturriotzek. Esan eta egin. Melillan izan zen, sei hilabete eta hamabost egunez.

BELAUNALDI BERRIEN TXANDA
Bittor Garmendia lazkaotar lagunaren eskutik hasi zen albaitari gisa lanean. Hark inguru hauetako baserrietan sortzen ziren beharrei erantzuten aritzen zen. Albaitari gehienak zahartzen hasiak izanik, eta Iturriotz berriz langile gaztea zenez, segituan hasi zen jardunean. Garmendiak utzitako lekua hartu zuen. Gerora, berak argitzen duenez, “gazteek ez zuten zorte bera izango”.
Ordutik bere lanbidea bi norabideetan garatu izan du. Goizetan, Foru Aldundiak ateratako lan eskaintza eskuratuta, Zizurkilgo Fraisoron haziekin lanean hasi zen. Gipuzkoa osoan banatuko ziren haziak  prestatzen zituen. Arratsalde, iluntze eta gau askotan berriz, Urnietako eta eskualdeko baserrietatik jasotzen zituen deiei erantzuten zien. Motoz hasieran, eta herri bideen egoera hobetu ahala, autoz gerora, abelburuek pairatzen zituzten larrialdi egoerak konpontzera abiatzen zen. “Majina bat gau lorik egin gabe igaro ditut”, oroitzen du.
Ez zuen ordutegi finkorik, beharraren arabera lan egiten zuen. Txertaketek eragiten zioten buruhauste gehien, garai hartako gaixotasunak zabal errazak baitziren; abelburuen hanketako zauriek eragindako hankamina eta perineumonia kasu gehienetan. Eta horiei aurre egiteko inguruetako arduradun bakarra Iturriotz zen. “Zaila zen gauzak ondo eta azkar egitea”, adierazten du. Ganadua lotu eta hildako abelburuak lurperatzea izan ohi zen, orduan hartzen zituzten prebentzio neurriak.

SASOI ONEAN
Gau bat hiru baserrietan igaro eta hurrengo goizean, Fraisorora lanera joan beharra, Iturriotzen bizitzako agendako zereginak ziren. Baina beti lanerako prest eta gustura aritu dela aitortzen du. Iturriotz, ezaguna egin da inguru hauetan, baita 25 urte bete zituenetik bere bizilekua izan duen Urnietan ere.
Albaitaritzak eman dion esperientziatik, baserriaren etorkizuna beltz samar ikusten du. “Pena ematen dit, hemen hartzen ari den martxa”, adierazi du. Orain ordea, ikuspegi desberdinetik aztertzen du gaia. Duela hamabost urte utzi baitzituen hain gogoan dituen albaitaritzako bizipenak. Ordutik, jubilatuta Urnietan bizi da. Bizitzan zehar egindakoaz damutu gabe, esan beharrekoak esanda, bere hitzetan, “ni ez bainaiz ezer gordetzen duen horietakoa, dena esaten nuen”. 79 urte beteko ditu urrian, sasoi onean gainera.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!