EAJ 2009ko aurrekontuak prestatzen hasteko prest

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 9a, 19:21

Urnietako EAJ-PNV-ko udal taldeak eskari zuzena egin dio udal gobernu taldeari: aurtengo aurrekontuak aurkeztu beharrean, 2009koak prestatzen hastea.

Hala adierazi zuten Maribel Vaquero eta Miren Martiarena zinegotzi jeltzaleek uztailaren 9an eskaini zuten prentsaurrekoan. “Ez du merezi hilabete bat edo birako aurrekontuak onartzea”, zehaztu zuen Vaquerok. Hain zuzen, gogorarazi zutenez, udako oporraldia kontuan hartuta, eta negoziazioak bide onetik joanda, eskenatoki onenean urrian onartuko lirateke aurtengo aurrekontuak. Oposizio eraikitzailea egiten jarraituko dutela adierazi zuten jeltzaleek. Nahiz, Vaqueroren esanetan, “geroz eta gehiago kostatu”.

GARRAIOA
EAJ-PNV-ko udal ordezkari taldea aste honetan bertan, datorren plenoari begira, mozio bat aurkeztekoa zen. Aipatu testuan, Foru Aldundiari Lurralde Bus zerbitzuaren barne konexio edo lotura berri bat jartzea eskatuko da; Urnieta eta Lasarte-Oria herriak lotuko lituzkeen autobus zerbitzua. Gaur egun Urnietatik aipatu herrira joateko gutxienez bi garraiobide publiko baliatu behar direla kontuan hartu behar da. Eta ez dira gutxi, lan edo aisialdi arrazoiengatik Lasarte-Oria edo Urbil merkatalgunera joaten direnak.

ETXEBIZITZAK
Alokairu bidezko etxebizitzak bultzatzeko nahia dute jeltzaleek. Horretarako, Yurramendi kalean Udalak dituen bost etxebizitzak etxebizitza-tasatuen prezioan saltzea proposatzen dute. Hortik jasotako diru-sarrerarekin berriz, Berrasoetako lokalen arteko solairuan koka daitezkeen alokairuko hamar etxebizitzatan inbertitzea planteatzen dute. Baina egitasmo honekin aurrera jotzeko oztoporik bada, Vaqueroren esanetan. “Lokalak etxebizitza bihurtzeko udal ordenantza onartzeke dago”, adierazi zuen prentsaurrekoan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!