Sanferminak Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 9a, 19:20

Urnietan uztailaren 7an, Iruñean lehen entzierroa izan eta ordu gutxira, Eguzkitan Blai udako aisialdi eskaintzan parte hartzen duten 2-12 urte arteko haur eta gaztetxoek ere gertu sentitu zituzten zezenak.

Ez noski benetazkoak, baina bai korrika saio bat baino gehiago egitera bultzatu zituztenak. Zapi gorria lepoan jantzi eta arropa zuria soinean, denak lasterka ibili ziren zezen plaza inprobisatuan bihurtu zen Plazido Muxika plazan.
Haur eta gaztetxo asko, aurten 2-5 urte artekoei zuzendutako ludoteka zerbitzuan 55 urnietarrek izena eman baitute. 6-12 urte artekoentzat den Eguzkitan Blai ekimenean aldiz, 179 gaztetxok. Denek helburu garbi bat dute. “Antolatzen diren ekintzatan ondo pasatzea”, adierazi du Eguzkitan Blai aisialdi eskaintzako koordinatzaile Olatz Urangak.

FESTA HANDIA UZTAILAREN 30EAN
Adin tarteka antolatuta daude osatu diren taldeak. Batzuk, Lekaion egoten dira, besteak Azkorten, txikienak ludotekan. Baina San Fermin egunez egin bezala, izango dute hil hau amaitzerako denak batera berriz biltzeko beste aukera berri bat. Uztailaren 30ean munduko kulturei omen egingo dien festa handi bat antolatu dute eta. “Plazido Muxika plazan, talde bakoitza herrialde bateko kulturari lotuta mozorrotuko da eta dantza egingo dute”, gogorarazi du Urangak.
Hitzordu hori ailegatu baino lehen, beste ekintza askotan parte hartzeko aukera izango dute. Hala nola, hor daude askok oso gustukoak dituzten herri kirol saioa edota Zikin Egunaren ospakizuna. Ekintza horietan guztietan primeran pasa ostean, haur eta gaztetxo askok bestelako planak izango dituzte abuztuan. Hil horretan, ludoteka zerbitzua eskainiko da. Izena ematea jada zabalik dago Lekaion.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!