Frantziako Tourraren atarian, Andoni Urbistondo adituaren iritzia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 3a, 19:09

Frantziako Tourrari buruz iritzitxoa emateko eskatu didate Aiurriko lagunek.

Gai librean. 10 urteren ondoren, hasi berri den uztaila izango da egunerokotasunetik aldenduta biziko dudan lehena. Egunerokotasunetik urrun, baina egunerokoan murgilduta, txirrindularitza gustuko duenarentzat ezinezkoa baita Tourrean ez murgiltzea. Jan Ullrich morroskoaren ibilera elegantearekin oroitzen naiz. 1997a zen. Marco Pantani handiaren igotzaile sena urtebete geroago. Eta jakina, Lance Armstrong handiaren zazpi urteko diktadura. Munduko onenaren diktadura demokratikoa. Larunbatean hasiko da 2008koa, eta berriro, telebistari adi egongo naiz euskaldunen lana gertutik jarraitzeko, batez ere Astarloza lagunarena, iazko 9. postua hobetuko duen jakiteko irrikan.

Unai Zubeldia lagunak dioen moduan, tropelean ezagunak diren txirrindulariekin harreman estua eduki baino pizgarri handiagorik ez baitu kazetariak, bere lana gustura egiteko. Zenbat elkarrizketa, telefono dei, aitortza, une on, une txar… Pribilejiatuak gara haiekin gertuko tratua daukagulako, edo haien balentrien edo txakalaldien berri ematen dugulako. Pirinioetako mendateetan gora jota doala errepide bazterrean ero baten pare oihuka ari dena ezagutu egingo duelako txirrindulariak. Ura eskatuko diolako. Edo gainerako zenbat geratzen den galdetuko diolako. Aurten ere antzera egitea espero dut. Peyresourde eta Hautacamera hurbilduko naiz. Lagun arteko oporrak. Umorea, garagardo freskoa, ikurrinak dantzan, eta txirrindulariak ondo-ondoan dituzula hauspotzeko aukera ezin hobea munduko proba onenean.

Hainbatetan egon naiz Tourrean. Kontua galduta dut dagoeneko. 12, 14, 16 aldiz… Ez dakit. Gogoan dut aitarekin Villabonako peña batekin egindako lehen bidaia, Iru-Bide uste dut zela. Irteera hartan gizon edadetu batek esandakoa ondo gogoan daukat oraindik. Autobuseko izerdi eta usainarekin, eta uztaileko beroarekin lepo eginda, “nahiago nikek hurrengo kurba pasa eta gero Tolosa azalduko ba hukek, de dio!”. Zazpi gazte lerdenek furgoneta alokatu eta Alpeetara joan ginenekoa ere handia izan zen. Grand Wallon Vosgues eskualdean, Col d’Iseran (2.770 m.), Alpe d’Huez… 1992a zen. Urnietako autobusean ondoren, eta sosak irabazten hasi ondoren, norbaiten autoarekin, eta ahal bazen, bizikleta zintzilik, mendateren bat igotzeko, gure txikian txirrindulari handien pare sentitzeko ordubetez. Ia beti Pirinioetara, urteren batean Alpeetara. Tourra ondoen etxeko sofan etzanda ikusten dela jakinda ere!

Zer dauka ba txirrindularitzak, halako grina sorrarazteko? Pirinioetan milaka euskal zale biltzeko, urte batean bai, eta hurrengoan ere bai? Bizpahiru hitz erabil daitezke, baino pasioa, grina nabarmenduko nuke horietatik. Kirol diziplina gogorrenetakoan murgiltzen diren kirolari saiatuen lana eta sakrifizioaren grina. Azkarren doanaren grina, eta justu-justu doanarena, biena. Euskal Herriko zaleen grina. Txirrindularitza maite dugulako eta txirrindularitzaz dakigulako. Lehiaketaren grina, euskal txirrindulariak lorpen politak gauzatzeko grina. Eta munduko txirrindulari onenak mokoka ikusteko grina.

Martxoaz geroztik Paris-Niza, Tirreno-Adriatiko, Iparreko klasikoak, Euskal Herriko Itzulia, Romandiako Tourra, Giroa, Dauphine-Libere, Suitzako Tourra… den-denak ikusi ditut. Batzuk, gertutik: Paris-Roubaix iparreko infernua Euskaltel-Euskadiren autotik jarraitzeko pribilejioa eduki nuen apirilean. Lehendabizikoz joan naiz Girora, Dolomitetara, eta Italiako eskualde hartan baino grina handiagoa oso leku gutxitan dutela jabetu naiz. Beste guztiak telebistan, besteak beste egunerokotasun astun horretatik urrundu naizelako. Urrundu, baina ihes egin gabe. Pasiotik ezin delako ihes egin. Grina hori Urnieta-Biyok afizionatu taldeak sortzen duena izan, Quebrantahuesos zikloturisten klasiko handiak sortzen duena izan, edo Tourrak sortzen duena izan.

Uztailaren 13an da hurrengo hitzordua, Peyresourde edo Aspin mendateetan. Edo edozein errepide bazterretan. Txirrindulariak pasatzea da aitzakia, pasatzen dena edonor izanda ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!