Landa eremua aztergai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 3a, 18:57

Azken hilabeteetan egindako ikerketa batek, Urnietako landa-eremuaren egoera nolakoa den erakutsi du. Egileek ekainaren 30ean aurkeztu zituzten emaitzak. Helburua, Urnietako eremu horretan bizi direnen bizi-baldintzak ezagutu eta haien ongizate beharrak zeintzuk diren detektatzea zen.

Landa-eremuko ikerlanaren helburua Lategi, Ergoien, Goiburu eta Oztaran auzoetako emakumeen eta adineko herritarren bizimodua aztertzea zen hain zuzen.
Udal erroldan eskuratutako informazioarekin batera, 118 elkarrizketa egin dizkiete landa-eremuko adinekoei, 83 baserri bisitatuta. Eta zonalde bereko 74 emakumeei, 73 baserrietan. Behemendi Donostialdeko Landa Garapen Elkarteak, Urnietako Gizarte Zerbitzuek eta INEM Enplegu Sustapenak elkarlanean buruturiko ikerlana izan da.

Beharrak ikusita, NEURRI zehatzak
Adinekoen eta emakumeen azterketek abiapuntu desberdina izan dutela aipatu behar da. Adinekoen kasuan, lehenik, kontuan hartu baita, jaiotza-tasak behera egin eta bizi-itxaropena luzatu dela. Horrek guztiak biztanlerian 65 urtetik gorakoek duten pisua indartu du eta ondorioz, baita haien artean sor litezkeen ezgaitasunak eta mendekotasun egoerak ugaritu ere. Emakumeen kasuan, haien esperientziak jaso nahi ziren. Horrekin ba-
tera, oraina eta etorkizuna nola irudikatzen ere bildu nahi duten.
Beharrak detektatuta, ekimenaren eragileek iragarri dutenez, egindako datu-bilketa ez da hutsean geratuko. Datozen asteetan, udal ordezkariekin bilduko dira, emaitzak aurkeztu eta zer nolako neurriak har daitezkeen aztertzeko.

Emakumeak
Kopurua: 40-65 urte arteko 101 emakume dago landa eremuan.
Mugikortasuna: %63-k gida baimena dauka.

BEHARRAK
• Goiburun auzotarren bilgunea.
• Seinaleztapenaren beharra, baserriak non dauden ezagutzeko.
• Plastikoa eta kartoiak birziklatzeko ontziak.
• Banda zabala ez da iristen.

PROPOSAMENAK
• Xoxokako aterpean auzotarren erabilerarako leku bat egokitzea.
• Bidean, baserri izenen seinaleak jartzea.
• Ohiko bilketa guneetan, birziklatzeko ontziak jartzea.
• Wimax banda zabala jartzea.
• Internet ikastaro bat antolatzea.
• Emakumeen Azoka Berezia antolatzea.

Adinduak
Kopurua: 65 urtetik gorako 138 bizilagun landa-eremuan.
Zerbitzuen urruntasuna: %63-k Gizarte Zerbitzuekin harremanik ez.

BEHARRAK
• Garraio beharra: adinekoen %69k autorik ez du. Beste pertsonen menpe.
• Plastikoa eta kartoiak birziklatzeko ontziak.
• Harreman sozialak bultzatzeko esparruak zabaltzea.
• Zaintzaileei zuzendutako ikastaroak.

PROPOSAMENAK
• Aldundiko Bono-Taxia: diru-laguntzak ematea, taxia erabiltzeko.
• “Atez-Ate” programa: taxi zerbitzua eskaintzea, herrira joan eta itzultzeko.
• Ohiko bilketa guneetan, birziklatzeko ontziak jartzea.
• Erakundeek landa-eremuan ekimen berriak eta bilguneak sustatzea.
• “Ezinduak zaintzen dituzten familientzako prestakuntza ikastaroa”.
   Dagoeneko Sendian Programaren bidez, Udalak antolatu du.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!