Ez ohiko batzarraldiaren kronika

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 3a, 18:55

Ezohiko pleno saioa izan zen pasa den ekainaren 30ean. Bertan, 2007ko Kontu Orokorra behin betiko onartu zuen gehiengoak, EAE-ANV-ko zinegotziak izan ezik, abstenitu baitzen. Udal ordezkarien azken iritzia jakitea baino ez zen falta, gai honek jorratu beharreko bidea osatzeko. Hain zuzen, udalbatzak Kontu Orokorrari hasierako onarpena eman eta erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenean, erreklamazioak aurkezteko epea zabaldu zen. Baina tarte horretan inork ez zuen alegaziorik aurkeztu. Horregatik, plenoaren behin betiko onarpenak gaia jada bideratuta utzi du.

URNIETATEL
Bestalde, Urnietatel-i buruzko erabaki bikoitza hartu zuen udalbatzak, aho batez. Mikel Izagirre alkatea udal sozietateko Administrazio Kontseiluko Lehendakari izendatu zuten. Eta aldi berean, Izagirre bera Urnietatel-en likidazio eta disoluziorako tramiteak aurrera eramateko ahaldu zuten. Likidazio tramiteak burutzeko udalbatzak aipatu erabakiak hartzera behartzen zituen notarioak.  
Azkenik, maiatzaren 28ko plenoko aktaren onespena mahai gainean geratu zen. Arazo teknikoak tarteko, udalbatza saio hartako gorabehera guztiak ezin izan ziren bere osotasunean jaso. Udal ordezkariek haien ezinegona agertu zuten, euren diskurtsoa neurri handi batean galdu delako. Horregatik, aipatu aktari egokitzapenak egin ostean hurrengo pleno batean emango zaio onarpena.
Bi hilean behin egin ohi da ohiko udalbatza saioa. Azkena maiatza amaieran egin zenez, datorrenak uztaileko azken asteazkenean izan beharko luke. Beste aldaketarik ez bada ordea, egun bat aurreratuko dute pleno saioa; uztailaren 30etik 29ra.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!