Amasamendiko kanal handia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 3a, 18:50

“Kanal Handia” edo goiko ubidearen historia apur bat, ibilbidea hasi aurretik.

Bilboko “Sociedad Hidroeléctrica Ibérica” enpresak 1904. urtean Villabonako Udalari Amasamendiko lurretan zenbait lursail erosi zion. XX. mendearen hasieran, aipatutako soziedadea estatu mailan elektrika- industriaren hastapenetako enpresa aitzindaria izan zen. Euskal inbertsore eta injineruen papera oso aktiboa izan zen eta horren adibidea Joaquín Larreta dugu zeren eta 1900ean Larreta injineriak elektrizitateko aprobetxamendu partikularrerako ubide baten lanak zuzendu baitzituen; urtebete geroago, “Iberica” soziedadeak Leitzarango kontzesioa erosi zion Larreta injineruari. 1902. urterako hidroelektrika eraikuntzaren lan guztiak, hau da, ubidea, presa, urjauziaren estolderia eta zentrala, bukatuta zeuden. Hurrengo urtean, 1903an urjauzia martxan jarri zen, 2.000 zaldiko potentziarekin, Añorgako Rezola porlan lantegiari energia hornituz, hain zuzen ere. Ordurako, Juan Urrutia injineru ospetsua konpainiaren zuzendari izendatu zuten. Urrutia bera izan zen, estatu mailan, energia hidraulikoaren dibulgatzaile eta aditu nagusienetako bat.  1905. urterako  Leitzaran eta Larraskitu (Bilbo) airetiko linea, Bilbo hiriari energia hornitzeko diseinatua, amaituta zegoen. Honi lotuta, esan beharra dago, Andoain eta Bilbo arteko airetiko linea honek Europa mailako errekorra gainditu zuela energia elektrikoaren ibilbide luzeko garraiobide aldetik (32.000 voltioak).


Leitzarango saltoak edo urjauziak “Iberica” ren  hidroelektrika arloko gune edo esplotazio garrantzitsuena izan ziren eta estatu mailan XX. mendeko 20ko hamarkada bitartean hirugarren garrantzitsuena.

IBILBIDEA

Amasamendiko kanal handiaren ibilbidea / 12 km (joan etorria, Villabona-Amasa).
Sei kilometro inguruko ibilbide erraza, laua eta atsegina Leitzaran bailarako Amasamendiko magalean (Onddolar, Onddo eta Orbara). Baso naturala eta koniferak uztartzen diren arboladi itzalpean ubide ondoko bide honek hainbat sorpresa eskaintzen du (meategi-zuloak, makinetxeko aztarnak, zubiak, tunelak, bordak, etab.).


Ubidera ailegatzeko sarbideak:
Villabona-Amasatik: 1-Lasturretik kanaleko ur-biltegira edo 1.000 eskaileretara doan bidea hartuta; 2- Amasako Lizarraga baserrira joan eta Onddoko araztegira ailegatuta, Onddolarko bidegurutzetik Aski ingurura jaitsi. 300 metroko altuera edo kotan dago ubidea.
Leitzaran bailaratik:
1-Bertxingo zentraletik 1.000 eskailera igota (bihotz sendoa behar da); 2-Amasola burdinola hondakinetatik gora mendiko bidea hartuta (ez nahastu ! lehenengo ubidea kanal txikia da, hortik gora).

 

Ibilbidea: Onddolar, Onddo eta Orbaranen basoan barrena

Behin Onddolarko ur-biltegira  hurbildu garenean,   220 metroko ur-jauzia ikus dezakegu, non  1.000 eskailera aldapatsuak aurkitzen diren eta tutu erraldoia goitik behera. Ur-biltegiaz gain, besteak beste, konportak, gainezkabideak edo txabolak ere ikus  ditzakegu. Altza, akazia eta astigarrek osatzen duten basoa lagun hasten gara martxan ubideak daraman uraren ibilbidearen kontrako bidean. Konifera eta harizti  nahiz gaztaiondo eta urritzek bide ertzetan  itzala emanez, ubidearen kilometroak adierazten duten zenbait zutoin herdoildu (13. km et 12. km) zeharkatuko ditugu. Infernuerreka erreka eta zenbait zubitxo gurutzatuta, Askiko borda eta minazulo zahar aztarnetara ailegatuko gara; minazulo hau, zalantzarik gabe, Leitzarango burnigintzaren lekukoa da. Hortik aurrera, platano luzeen itzalpe finen azpian, basoko loreek (primulak, bitxiloreak, san joan loreak...) horixkatu egiten dute  orbelez beteriko bidearen lurzoru erosoa. Behin A-1 izeneko autobide aldera ailegatuta, bere azpialdean, basoaren ezean, oteak ere horitu eta berdetu egiten du ingurua. Onddoko magalean ubidea tutua bihurtu da eta pasabide estu batetik aurrera segituko dugu kontu handiz.


Arrintzintzarrieta errekaren ondoan Makinetxe izeneko egurrezko txabola kalamastra bat topatuko dugu. Bidea zigi-zaga eginez Agiñegi eta Saratseta zubiak  zeharkatuta, agerian diren txondor plaza eta xenda estuek aizkolari eta ikazkinen lana gogoraraziko digute. Orbara izeneko mendia, (hariztiak, urkiak eta beste espezieak nahastuta) inguratuz ubideak Leitzaran bailarara hurbilduko gaitu. Berehala, 9. km-aren bide seinale zaharra pasata, tunel baten ondoan, Praskuren borda agertuko zaigu. Borda hau 1924an eraiki zen ubidearen mantenurako.  Begiraleku haitzetan tunel bat inguratuko dugu xenda eder batetik.  Ibarrola, errekara iritsita, bi aukera: buelta eman edo egurrezko zubitxoa zeharkatuta, Amasara ibilbide alternatibo eta seinalizatua jarraitu. Bestalde, ubideak inguru basatian zehar Berastegi eta Elduain aldera segitzen du. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!