Nestor Orozko Urnietako igerilekuko soroslea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 3a, 18:50

Iritsi da uda, eta beroarekin baita igerilekuan bainu freskagarria hartzeko garaia ere. Batzuk ondo pasatzeko ordea, besteak lanean aritu behar. Irailaren 14ra arte, Urnietako kiroldegiko igerilekuan egongo diren sorosleak bezala. Tartean, Nestor Orozko gaztea.

Zer nolako aurreikuspenak dituzue uda honetarako?
Nestor Orozko:
Eguraldi ona eginez gero eta asteburua izanda, 200 bat pertsona erraz egon daitezke. Kopuru horietara ailegatuz gero, neurriak hartu behar dira; sarrera ixtea eta jendea ateratzen doan neurrian, kanpoan daudenei sartzen uztea. Baina halako egoera, iaz adibidez, behin bakarrik gertatu zen. Gainera Hernanin ere igerileku irekia dutenez, kopuru aldetik hobeto moldatuko gara.

Eguraldiaren menpe egongo zarete?
N.O.:
Iazko balantze bat eginda, eguraldi nahiko txarra egin zuen. Eta aurten ere, ekainaren 14an hasi ginen lanean. Hilaren 21a, larunbata, kristoren beroa izan arren, uste baino jende gutxiago etorri zen. Egun bat egin du ona, eta tarteka euria egiten du. Espero dezagun eguraldi ona egingo duela denontzat, uztailean eta abuztuan.

Zuen lan egun bat nolakoa izan ohi da?
N.O.:
Prebentzio lana egin behar dugu, jendeak arauak errespeta ditzan. Zerbait gertatzen bada, lehen sorospenak egiteko hemen badugu gelatxo txiki bat. Zerbait larria gertatuz gero, jarraitu beharreko prozesua betetzen dugu. Nire hirugarren urtea da, baina orain arte ezer larririk ez zait gertatu.

Lasaia da beraz igerileku bat, ez hondartzetan bezala?
N.O.:
Bai. Ni hondartzan egon nintzen bost egunez, esperientzia gisa. Oso gogorra da. Honekin alderatuta, jende kopurua edota zaindu behar duzun eremua oso handia da. Hemen, igerileku handia eta txikia zaindu behar dira, hori da garrantzitsuena. Bi zaintzaile egonda, ezer gertatzea zaila da.

Zer aholkatu erabiltzaileei?
N.O.:
Sarreran zer egin daitekeen eta zer ez jarria dute. Guk zerbait gaizki ikusiz gero, arauak gogorarazi behar dizkiegu. Gehien hausten diren arauak honakoak dira; jatea, erretzea, haurrak igerileku inguruetan korrika ibiltzea… Normala da, baina haurrei gogorarazi behar zaie. Kiroldegiko arauak errespetatzen jakinez gero, ez dago ezer gehiago eskatzerik.

Sorosle izateko zer nolako prestakuntza jaso behar da?
N.O.:
Nik IVEF ikasi nuen eta bertan lantzen da lehen sorospenen gaia. Baina horrekin ez dute titulazio espezifikoa ematen. Zeregin honetan aritzeko titulazioa behar da.

Nik Gurutze Gorriaren bitartez egin nuen. Esan beharra dut, oso formazio ona izan nuela. Klaseak Donostiako Aquarium aldean jaso genituen. Igeriketa klase batzuk egin genituen; hogei metroko sakonerara jaitsi behar izan genuen panpin bat erreskatatzera, baita gugandik hamar metrora zegoen monitorea ere.  

Sorosle ona izateko, igerilari ona izan behar da beraz?
N.O.: Ikastaroan sartzeko froga fisiko bat eskatzen dute; 200 metro lau minutu baino gutxiagoan egitea. Haiek diote, ez duela garrantzirik igeri ondo egiteak, beharrezkoena formazioa ondo jasotzea dela. Igerileku baterako igerilari ona izateak ez du eraginik akaso, baina itsasoan egonez gero, gutxieneko batzuk bete beharrak daude.

Urnietar dezente zabiltzate igerilekuan lanean?
N.O.:
Jon Izagirre, Xabier Irastorza, Patxi, Egoitz, Aritz andoaindarra eta ni neu. Seiron artean, ekainaren 14tik irailaren 14ra arteko ordutegia antolatu dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!