Uda giroa haur eta gaztetxoentzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 3a, 18:45

Eskulanak, jolasak, irteerak, tailerrak...,  aspertzeko betarik ez dute Zizurkilgo haurrek oporretako lehen egunotan. Hirurogeita hamasei haur biltzen dira Otaño ikastetxeko atarian, Oporretan Euskaraz ekimenaren barnean.

Hiru eta hamabi urte arteko haur eta gaztetxoak, 09:30etan elkartzen dira Pedro Maria Otaño ikastetxeko atarian. Zazpi begirale arduratzen dira eguneroko plangintza osatzeaz eta haurren zainketaz. Jolas eginez ondo pasatzea eta euskaraz hitz egitea da Oporretan Euskaraz ekimenaren helburu nagusia eta egunero, horretan saiatzen dira begiraleak eta haurrak. Potxin euskararen zaintzaileak ere laguntzen die lan horretan.

Irteerak astero
Ekintza ezberdinak egiten dituzte egunero. Astelehen goizetan, esaterako, gazteenak Amasa-Villabonako igerilekura joaten dira eta ostiraletan, helduenei iristen zaie igeriketarako txanda. Gainera, astero irteera ezberdina antolatzen dute. Ekainaren 28an Bertizen izan ziren eta uztaileko lehen ostiralean Santa Klara irla bisitatu zuten. Uztailaren 11n Larraulera joango dira Zizurkilgo haurrak, egunpasa egiteko asmoz txikienak eta, gaua bertan pasatzera nagusienak. Uztailaren 18an, Oporretan Euskaraz-i amaiera ezinhobea emateko, Gamarrako igerilekura joango dira guztiak elkarrekin.


Adinen arabera antolatutako hiru taldetan banatuta aritzen dira jolasean, adin bakoitzari hobekien egokitzen zaizkien ekintzak antolatu ahal izateko. Ederki pasatzen dute haurrek: “Gehien gustatzen zaiguna irteeratara joatea izaten da. Oso ondo pasatzen dugu. Aurreko urteetan parte hartu izan dut Oporretan Euskaraz-en eta aurten ere parte hartzea pentsatu nuen. Datorren urtean etxekoak oporretara kanpora joatekoak gara eta ez dakit etortzerik izango dudan, baina ahal badut, izena emango dut”, azaldu du Nadia Boujemaa gazteak. Ma-ddi Galarza ere pozik ageri zen Otaño ikastetxeko atarian: “Bertizera joan ginenean oso gustura ibili ginen. Tirolinan jaisteko aukera izan genuen eta asko gustatu zitzaidan”. Inguruko taldekideak ados daude Maddik esandakoarekin, Aiora Otamendik ordea, nahiago ditu igerilekura egindako irteerak: “Kanpora ateratzea gustatzen zait, baino nahiago dut igerilekura joatea, oso ondo pasatzen dut”.


Eguerdiko 13:30ak arte aritzen dira jolasean. Goiza amaitzean, euskara erabili ote duen edo ez pentsatu, eta horren arabera, gometxa berdea edo gorria ipintzen dio bere buruari haur bakoitzak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!