Xabier Usabiaga asteasuarrarentzat aurtengo Kazetaritza Sari Nagusia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 3a, 18:43

Jose Mari Iriondok Rikardo Arregi Kazetaritza Sariko Ohorezko aipamena jaso zuen euskal kulturaren aparteko komunikatzaile gisa egin duen ibilbide luzeagatik. Miren Azkaratek sariari buruz hitz egin zuen azpimarratzeko hogei edizio horietan egin den ahalegina euskarazko kazetaritza aztertzen eta baloratzen, eta adierazi zuen Interneten bidez gertatzen ari den garapen azkarra ikusita, RAKS sari nazionala ez ezik euskarazko kazetaritzaren nazioarteko saria badela ere. Azkarateren hitz horiek zer pentsa eman beharko diete antolatzaileei etorkizunean.

Joan den larunbatean, ekainaren 28an, Andoaingo Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak duela hogei urtetik hona antolaturiko Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren azken erabakia ezagutzera eman zuten antolatzaileek Bastero Kulturgunean. XX. edizio honetako sari nagusia Xabier Usabiagarentzat izan zen eta ohorezko aipamenaren bidez omenaldia egin zitzaion Joxe Mari Iriondori. Gainera, Kazetari Berria saria Lander Arbelaitz gaztearentzat izan zen eta Epaimahaiak bere Sari Berezia ex aequo eman zien bi hedabideei, biak ere bizkaitarrak: batetik Bizkaia irratiari eta, bestetik, Bizkaie izeneko agerkari dijitalari. Jende ugari bildu zen Basterora sari banaketa ikustera.

BALEAK ETA ANTXOAK
Epaimahaikide guztiek –Jose Inazio Basterretxea, Arantxa Urretabizkaia, Agustin Errotabehere, Aitor Zuberogoitia eta Alazne Aiestaranek– eta Jose Antonio Pérez Gabarain alkateak eta Miren Azkarate Kultura sailburuak beren lekuak hartu ondoren, sari banaketa ekitaldiari hasiera eman zitzaion. Epaimahaiko idazkari Nekane Goikoetxeak XX. edizio honetako azken erabakia irakurtzeari ekin zion. Azpimarratu nahi izan zuen sariak egin dituen XX edizioetan epaimahaikide gisa parte hartu duten guztiek –denetara 25 izan direla adierazi zuen– egin duten lana, eta horretarako, gaur egun sariak dituen erronketariko batekin lotuz irudi adierazgarria erabili zuen: baleak eta antxoak arrantzatzearena. Izan ere, Goikoetxearen hitzetan, sariak bere sareak bota izan dituenean Euskal Herri osoan lantzen den katzetaritzaren gainean, erraza gertatu izan zaio euskal kazetaritzako baleak harrapatzea, hedabide handietan lan egin edo argitara eman diren kalitatezko lanak neurtzea, alegia, baina nekeza, ordea, herrialde eta eskualdeetan lantzen diren tokian tokiko kazetaritza lanak, txikiak baina duinak, harrapatzea. Azken horiek lirateke, irudi horretan, antxoak, euskal kazetaritzaren kate biologikoan hil ala biziko egitekoa dutenak. Eta, hain zuzen ere, bale eta antxoak arrantzatzen ibilitako epaimahaikide guztien oroitzapenik egin nahi izan zuen epaimahaiak aurtengoan.


KAZETARITZA BERRIA
Sariturikoa, Lander Arbelaitz Mitxelena izan da aurtengoan, 2007. urteko ekainetik 2008. urteko maiatzera bitartean Argia astekarian argitara emandako hiru erreportajerengatik. Nazioarteko erreportajeak izan dira sariturikoak, bata Irlanda iparraldeko gatazkari buruzkoa –Amaitutako guda baten arrastoak–; bigarrena, Danimarkako bizitza kalitatearen gainekoa –Iparraldeko herri aurreratu hori–, eta, hirugarrena, Estoniako errusiarrek pizturiko liskarrei buruzkoa –Estatua bat, bi estatu–. Erreportaje hauek guztiak, gainera, paperean argitara emateaz gain Argia.com webgunean entzun eta ikus daitezke.

SARI BEREZIA
Epaimahaiaren ahalegina aurten bere sariaz herrialde eta eskualdeetan lan bikaina egiten ari diren aipaturiko antxoak arrantzatzea izan da, eta harrapaketa horretan bi hedabide bizkaitarrari saria ex aequo eman dio, biek ere herrialde osoan eta munduan Bizkaiko berri xehetasunez eta kalitatez ematen egin duten lan apartagatik. Batetik, Bizkaia Irratiak egindako lana saritu nahi izan du epaimahaiak eta, bestetik, Bizkaie! agerkari dijitalak egindakoa. Izan ere, hedabide handiagoek arrakasta gutxi erdiesten duten eremuan euskarazko esparru komunikatiboa bikain landu izana eta bizkaiera naturaltasun osoz erabili izana dira Epaimahaiak azpimarraturiko merezimenduetako bi. Bizkaia Irratiaren izenean Dorleta Alberdi zuzendariak jaso eta eskertu zuen saria. Bizkaie! agerkari dijitalaren izenean Koldo Isusi zuzendariak jaso zuen saria, Dorleta Alberdik bezala lankideen lana izan zuen gogoan.

SARI NAGUSIA
Komunikazio gaitasunaren eredu: zorrotz, zehatz eta aberats ematen dituelako berriak eman dio Epaimahaiak XX. edizioko sari nagusia Xabier Usabiaga Oiartzabal kazetari asteasuarrari. Erabakia hartzeko epaimahaiak aintzakotzat hartu ditu, batetik, Berria egunkarian Usabiagak 2007ko ekainetik 2008ko maiatzera bitartean argitaraturiko kronika eta iritzi artikuluak eta, bestetik, Euskadi Irratian eta Euskal Telebistan berriemaile gisa aldi horretan egin duen lan oparoa. Epaimahaikideen iritziz Usabiagak pasioa transmititzen du, ofiziora ekarriak dituelako jardunak emandako erakutsiak. Aldi berean baloratu egin du iritzien aberastasuna, ideiak ongi aukeratu eta hobeto harilkatzea eta gaiari buruz duen ezagutza harrigarria eta hizkuntzaz egiten duen erabilera biribila.

Txalo zartada artean pozik jaso zuen saria Xabier Usabiagak eta bere lehen hitzak familia gogoan hartzeko eta saria eskaintzeko izan zituen. Bereziki gurasoak izan zituen gogoan Xabierrek –ama aretoan zuen Andoaingo Oiartzabaldar beste kide batzuek lagunduta–, haien ezagutza egin baitzuen lanerako bere gaitasuna eta kirolzaletasuna aitortzeko garaian.

OHOREZKO AIPAMENA
Zorretan ikusten du, nonbait, bere burua Rikardo Arregi Kazetaritza Sariko epaimahaiak, euskal kazetaritzaren aitzindariekin. Azken urteetan, besteak beste, Martin Ugalde, Xipri Arbelbide, Ramon Labaien, Martxelo Otamendi eta Luzien Etxezaharreta, edo Joan Mari Torrealdairi egin ondoren, aurten Jose Mari Iriondori egin zaio omen, baita bere biografia eta merezimenduei buruzko argitalpen dotorea plazaratu ere. Epaimahaiak ohorezko aipamena emateko merezimendu hauexek baloratu ditu: Sarituak euskal kulturaren zabalkundean zubi-lana gauzatu izana, beste eragile batzuek jorratutakoa gizarteratzea izan baita bere jarduera nagusietako bat. Horrela, azpimarratzekoak dira ez dok amairu taldea bultzatzeko egindako izugarrizko lana eta bertsolaritzan eta trikitixaren zabalkundean egindako ibilbidea. Sarituak lan hori bere gain hartu izan du, plazaratu eta zabaldu egin du beste batzuek egindakoa. Gainera, medio handietan lan egiteko aukera ere izan duenez, oihartzun handia sortu da bre ekimenen inguruan. Bestetik, Epaimahaiak bertaratuei gogorarazi egin zien Iriondoren lanak bere etekinik nabarmenena 60ko eta 70eko hamarkadetan eman zuela eta Iriondorenak izan zirela telebistan, Telenorte saioan, entzun genituen lehenengo hitzak,eta bera izan zela Herri Irratian euskaraz egin zuen lehenengoetarikoa ere. Horregatik, euskarazko kazetaritzarekiko Iriondoren konpromiso irmoa azpimarratu nahi izan du epaimahaiak.

Jose Mari Iriondok berak jaso zuen saria eta esker oneko hitzak adieraztearekin batera, bere kazetaritza jardunean Andoaingo herriarekin eta andoaindarrekin –bereziki Rikardo Arregi eta bere senideekin, baina baita Eizmenditarrekin eta beste batzuekin ere– izan duen harremana nabarmendu nahi izan zuen.

Gonbidatu eta herritar ugari

Sailburuarekin batera izan ziren Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde  Patxi Baztarrika eta Euskara Sustatzeko zuzendari Jose Antonio Rodriguez Ranz andoaindarra. Baita HABEko zuzendari nagusi Joseba Erkizia ere; eta Azkarateren prentsa arduradun Koldo Ordozgoiti kazetaria ere han ikusi genuen. Gipuzkoako Batzarre Nagusietatik etorri zen Rafaela Romero lehendakaria. Arregitarren artetik, urtero bezala hutsik egin gabe Mikel Arregi, Begoña Ormazabal eta hauen seme-alabak. Hedabideetako ordezkaririk ez zen falta, Berriako Martxelo Otamendi, Argiako Estitxu Eizagirre, Bizkaie! agerkari dijitaleko eta Bizkaia Irratiko kazetariak: Jexux Mari Irazu ekitaldia telebistarako grabatzen ikusi genuen.

Udal ordezkari ugari izan zen ekitaldian: Petri Romero eta Toñy Landa Udaleko talde sozialistako zinegotziak ikusi genituen, baita Iñaki Egibar eta Gurutz Irigoras jeltzaleak eta Gabino Agudo EA-ko zinegotzia ere. Horiez gain, Garbiñe Agirre Udaleko kultur teknikaria, Larramendi Bazkuneko Mª Juli Azkue eta Mila Iztueta asteasuarrak eta Aitor Amutxastegi andoaindarra, Gotzon Etxeberria eskulturgilea, Lontxo Oiartzabal irakaslea –Ines Oiartzabal eta Xabier Usabiagaren familiko beste batzuen artean–, sarituen haurride ugari eta beste herritar asko, 150 lagun inguru bildu baitzen sari-banaketa ekitaldi honetara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!