Etxebizitza: Argindarra uztailetik aurrera garestiago

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 3a, 18:41

Argindarra uztailetik aurrera %5,6 garestitu da. Eta ez da ahaztu behar igoera honekin, aurten %8,9 egingo duela gora argiaren prezioak. Izan ere, 2008ko urtarrilean ez ziren kafearen eta ogiaren pezioak bakarrik igo. Argindarra ere %3,3 igo baitzen. Kuota gainera hilerokoa izatera pasako da.

Piska bat es mucho dio uda honetako esamoldeak, eta mucho mogollón. Baita argindarraren prezioaz ari garenean ere! Erosketak egitera supermerkatura joan eta fruta, berdura edota esnekiak erostea garesti dago, orain sei urte baino nabarmen gehiago. Eurotuta dabiltza kontsumitzaileak erosketa ez ezik, erregaiak edota argindarra etenik gabe eta neurrigabe igo direlako.

Kontsumitzaileen elkarteak argindarraren garestitzearen aurka agertu dira Kontsumo Prezio Indizea (IPC, KPI euskaraz) bikoizten duelako. Eta zeintzu dira neurri zorrotz hauen kaltetuak? Bada, lerro hauen irakurlearen gehiengoa, ekonomia txikienean bizi den jendea:

Herritar eta langilego familia xumeenak, alegia.
Igoera honen oposizioa adierazteko bi balorazio argigarri. CECU kontsumitzaile elkartearentzat kolpe gogorra izan da azken igoera, Euriborraren gorakadaren ondoren gogorrena. Zer esanik ez maileguen igoerak ataka batean jartzen duela etxe askoren ekonomia.

FACUA elkartearentzat berriz salatzekoa da igoera baxuena elektrizitate gehien kontsumitzen duten bost enpresa handienei aplikatzea. Enpresa handi hauei %4,6 bakarrik garestituko zaie prezioa.

Espainiako gobernuak kritikak aurreikusiz, hainbat abantaila iragarri zituen neurri sozial gisa iragarriz. Uztailetik aurrera informazio zuzena eskuratzea komeniko da balizko abantail horiez baliatu ahal izateko. Izan ere, kontsumitzailearen ohiturak aldatzen ez badira ezustekoa handi samarra izatera irits daiteke, kasu batzuetan faktura bikoizteraino.
Adi egotea komeni da, beraz. Tarifa soziala eta ordukako gastuarekin, adibidez.
Tarifa soziala. Kontratatutako potentzia doakoa izango da eta kontsumitzen dutenagatik soilik ordainduz. Ministerioaren kalkuluen arabera, %16ko aurreztu daiteke horrela.
Ordukako gastua. Uztailaren 1etik aurrera gaueko tarifa desagertu egingo da eta orduen araberakoak hartuko dio tokia. Aurrezteko aukeraren alde egiten duenak hamalau orduz argindarra %47 merkeago izango du, 22:00-12:00 ordu tarteetan.

Burua estutu epe erdira dirua aurrezteko moduak

  • Fluoreszente konpaktuak eta boltaje apaleko halogenoek argitasun berbera ematen dute, 8 bider gehiago irauten dute eta energiaren %80rainoko aurrezkia egiten dute. 
  • Plater eta ontziak eskuz ur beroarekin ikuzteak, ikuzgailuaren aldean, kontsumoaren %40aren aurrezkia ekartzen du.
  • Erabiltzen ez duzunean, eduki itzalita telebista, bideoa, musika aparatua, ordenagailua. Stand-by posizioan %33 gehiago gastatuko duzu. Beraz, itzaliz gero horixe aurreztuko duzu.
  • Kontsumo apaleko arropa-garbigailuek uraren %70 eta energiaren %24erainoko aurrezkia egiten dute.
  • Labea alferrik irekitzen duzun aldiro tenperatura dezente jaitsiko da. Balia ezazu aparatuaren erlojua edo txirrina, bestela %20 alperrik xahutuko duzu.
  • Eduki hozkailu eta izozkailuen atzealdea garbi eta aireztaturik; Baldintza egokietan badaude, energia gutxiago kontsumituko dute, %15eraino.
  • Aire egokituko aparatuari, 25º C-tik behera, eskatzen diozun gradu bakoitzeko, energiaren kontsumoa %8an areagotuko da. Etxea ondo aireratu eta pertsianak ondo erabiliz gero aire egokituaren erabileran dirua aurrez liteke.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!