Alkatearekin solasean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 3a, 18:41

Gora-beheraz beteriko urtea izan da Zizurkilen. Maria Angeles Lazkano alkateak urtearen errepasoa egin du.

Nolako balorazioa egiten duzu agintaldiko lehen urteaz?
M.A.L Nire lehen urte honen balorazioa oso baikorra da. Azpimarratuko nuke gainera, legealdi honetako gobernu taldea aurreko legealdian ere Udal ordezkariak izan zirela. Jarraikortasun horrek, proiektuetan erritmo onean aurreratzea erraztu digu, proiektu asko aurreko legealdian guztion artean adostu eta onartu baigenituen. Ziur nago gainera, aurreko legealdian adostu genituen beste ekimen batzuk ere, eta denboraz justu ibili garelako amaitu ez direnak, orain azkartasunez garatu ahal izango ditugula.

Nola bizitu zenuen plazen izen aldaketa erabaki zen bilkura? Eta ondoren etorri diren erreakzio eta balorazioak?

M.A.L Plenoan hartutako erabakia, oso erabaki pentsatua, kontsultatua eta eztabaidatua izan zen. Ez dut erabaki zaila eta delikatua izan zenik ukatuko, denbora behar izan zuen eta erreflexio lan sakona, baina gobernu taldea oso lasai dago, bide zuzena aukeratu zuen zalantzarik ez baitu. Egia da, norberak bere ikuspuntua duela, arrazoi politiko eta sentimentalengatik, eta zentzu horretan, EAJ-k eta EA-k, orduan defendatu zutena beti defendatu izan dutela gogoraraztea gustatuko litzaidake. 1981ean Elbarrena plazari Joxe Arregi plaza izena jartzea proposatu zen lehendabizikoz, EAJ eta EA ez zeuden ados, eta hori ez da aldatu ordutik hona.

Nolakoa esango zenuke izan dela oposizioko alderdien lana?

M.A.L Norberak sinisten duen politika egiten du, betebeharra ere bada. Baina badago kritikak komunikabideetan agertzeko soilik egiten dituenik, eta ez Zizurkilgo herria hainbat alor ezberdinetan garatzen lagunduko lukeen oposizio konstruktiboa egiteko asmoz. Ardatza, herritarraren arreta hobetzea, zerbitzuen kalitatea hobetzea edota azpiegiturak egokitzea izan beharko luke besteak beste, eta ez komunikabideetan agertzea.

Zein proiektu nagusi geratzen dira agintaldi honetan zehar garatzeko?
M.A.L Gobernu taldea proiektu askotan ari da lanean, hauetatik asko legealdi honetan burutuko ditugu, beste batzuek, ordea, apur bat gehiago itxaron beharko dute, tramitazioek epe luzeagoak baitituzte. Hala ere, herrian izango duten eraginagatik nik bi proiektu nabarmenduko nituzke. Lehena Zizurkilgo saihesbidearen eraikuntza da, gehienbat poligonoetako kamioiak direla eta gaur egun Zizurkilek trafiko handia jasaten baitu. Orain gutxi, Markel Olano Diputatu Nagusiari aipatu nion lan hori burutzeko genuen beharra, gure eskakizuna jaso zuen eta ondorioz hurrengo urteetan azpiegitura hori burutuko dugulakoan nago.
Nabarmendu nahiko nukeen bigarren proiektua Kultur Etxea da. Jarduera honek oihartzun sozial nabarmena izango du. Batetik instalazioen berrikuntza egingo da edota Musika Eskola eraikuntza honetara eramango da, bestetik, kirol eta gazteria politikak bultzatuko dira Kultur Etxe berri horretan garatuko diren jarduera desberdinei esker.

Alkatetza uztekotan zabiltzala dioten zurrumurruak zabaldu dira herrian zehar. Zurrumurru hutsalak edo egia?
M.A.L Ez, ez dut alkatetza uzteko asmorik. Iaz hauteskundeetara aurkeztu nintzenean konpromiso garbia hartu nuen Zizurkilgo herriarekin eta hori mantendu egingo dut. Alkatetzak lan gogorra eskatzen du eta nahiz eta batzuetan esker txarreko lana izan, gehienetan, zure ahaleginarekin emaitza onak lortzen dituzunean, gozamen eta poztasun handiak ematen ditu.

 

Hirigintza lanak

Ubareko errepidea kanpoaldetik pasatzeko lanak aurrera doaz, datorren hilabete amaierarako bukatzeko. Azpiegiturei dagokienez, dagoeneko martxan dira Oria Ibaia bideratzeko lanak: “Eusko Jaurlaritzak aurreratu digunez, urtea amaitu aurretik lehen fasea bukatuta izango dugu, ondoren bigarrenari ekingo diote, Asteasuko urbidea egokitzeari. Zubimusuko zubia dugu oztoporik nagusiena. Zizurkileko eta Villabonako Udalek ez dugu zubia dagoen bezala utzi nahi, uholdeen arriskua dugu zubia horrela utzita eta honetan Eusko Jaurlaritzako Uren Zuzendaritzak ere arrazoia eman digu. Zizurkil eta Villabonako Udaletxeek gainera, uholdeen arazoaz gain, zubiak ibilgailu eta ohinezkoentzat suposatzen duen arriskua ere azpimarratu nahiko genuke. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Ondare Sailak azpiegitura hau urtarrilaren 25eko 14/2000 dekretuagatik babestua dagoela gogoratu nahi du eta ezin dugula zubia ikutu. Gaur egun konponbide baten bila negoziaziotan ari gara”.
Babes ofizialeko etxebizitzen ingurua: “Pasus plazakoen eraikuntza udazkenean hasiko da. Udan, Area 33 eremuari obra-baimena emango diogu, Lizaraineko zerrategi zaharra zegoen tokian. Gerora Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko etxebizitzak kalifikatzeko, beharrezko pausua da honako hau. Udazken honetan 33 etxebizitzak zozketatuko ditugu. Zizurkil Goiko etxebizitzei dagokienez, 2009 urte amaieran onartuko den Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari lotuta dago honako jarduera hau”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!