Alkateak parte hartzeko deia egin du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 3a, 18:37

Orain urtebete, joan zen urteko uztailaren 4an hartu zuen alkate kargua Maixabel Arrieta amasarrak. Denbora tarte horren inguruan hitz egin du Aiurrirekin.

Zer nolako irakurketa egiten duzu urtebeteko legealdiaz?
M.A. Urtea oso azkar pasa zait, ia konturatu ere egin gabe. Udaletxean ondo kokatzeko legealdi osoa behar dela iruditzen zait. Nire kasuan, aurretik egon izana bentaja handia da. Aurrenean, eman beharreko pauso guztiak ondo ikasi behar dira eta nik, alde horretatik, erraztatuta neuzkan hasierako pauso horiek. Hala eta guztiz ere, denbora behar da kokatzeko eta gauzak egiteko. Gestioak tarte handia hartzen du eta ez da erraza egin nahi den guztia egitera iristea. Gu ahalik eta alor gehienetan aukerak eskaintzen saiatzen ari gara; jendeak erantzun dezan, aukerak eskaini behar baitira lehenengo. Ahalegindu, ahalegintzen gara.

Lantzen ari zareten egitasmoen artean zeini emango zenioke lehentasuna une honetan?
M.A. Aurreko legealdian ez genuen arau subsidiarioak egiten parte hartu eta guretzat arau berriak direnez, lehen hilabeteetan ezagutzen saiatu ginen. Ondo aztertu beharreko gaia da, beste 10 edo 15 urteko plana delako eta orain erabakitakoaren arabera gauzatuko baita datorrena. Bestalde, aparkalekuen arazoa handia da Villabonan. Mentalitatea aldatu eta oinez ibiltzen ikasteaz gain, erantzuna eman beharra dago arazo horri. Herri barruan dagoeneko ez dago ezer egiterik baina, Villabonako sarreran eta Legarreta auzoan aukerak eskainiko ditugu. Babes ofizialeko etxebizitzekin amaitzean ere aparkatzeko aukera gehiago izango da. Bi gai horiek dute nire ustez lehentasun nagusia. Era berean, Oria ibai ertzeko paseoa ere garrantzitsua da, diru-sarrera adostuta dago eta urte honetan egin behar denez, lehentasuna du horrek ere. Egia esan, egitasmo asko daukagu esku-artean, kultur egitasmoen inguruan saiakera handia egin dugu, baita euskarari dagokionez ere. Euskararen ordenantza onartu nahi dugu udaletxean.

Zein izan da alkatetzako orain arteko unerik zakar edo gogorrena? Eta atsegin edo goxoena?

M.A. Dudarik gabe, etika mozioa izan da orain arteko unerik bortitzena. Sekulako gogorkeria eratu du. Giza eskubide guztiak defendatu behar direla esaten zuen mozioaren puntuak, gu gizakien tartean ikusten ez gaituztela eta gure eskubideak ez daudela berdin baloratuta ikusi nuen. Ni gizaki sentitzen naiz eta oso gaizki sentitu nintzen hura irakurri nuenean. Izugarrizko tentsio uneak pasa genituen batzarrean eta ikaragarrizko erantzukizuna. Mozio hori onartuta, Arrasateko alkatea espetxean dago. Ez dira txorakeriak, asko egon gintezke egoera berean. Nire ideiak garbi dauzkadanez, horiekin jarraituko dut aurrera baina, horrek ez du beldurrik pasatzen ez dugunik esan nahi. Alderik bortitzenak, era berean, oso buelta goxoa ekarri zuen: herritarren erantzuna, hain zuzen ere. Herritarren babesa jasotzea oso hunkigarria izan zen niretzat. Ezker abertzalekoa ez den batek baino gehiagok kalera ateratzeko prest zegoela esan zidan. Eta horrek ere zerbait adierazten du.


Lehendik ere ezagutzen zenuen alkate postua. Zer nolakoa da zuen langintza? Herritar guztiekin asmatzea ez da kontu erraza izango…

M.A. Udala herritarrengandik gertuen dagoen administrazioa da eta gestio lanak egiteaz gain, herritarrei erantzutea da nire lehentasuna. Jendeari ahalik eta gehien entzuten saiatzen naiz eta baita kalera ateratzen ere, kalean udaletxe barruan ikusten ez ditudan gauza asko ikusten baitut. Aurreko legealdian ere oso esperientzia ona eduki nuen herritarrekin eta horregatik onartu nuen berriro aurkeztea. Lehen eta orain, herritarrekin oso ondo sentitu naiz beti. Denekin asmatzea ez da erraza baina, saiatzen bazara, haiek ere ahalegin hori ikusi egiten dutela uste dut.

Zein mezu luzatuko zenieke herritarrei?
M.A. Udaletxea irekia dela gogoraraziko nieke eta etor daitezela lasai, arazoren bat edo bestelako proposamenen bat dutenean. Garai batean, edozein ekintzen aurrean partaidetza askoz ere handiagoa zen irudipena daukat. Orain oso indibidualista bihurtu gara eta bakoitza bere esparruan aritzen gara. Zailagoa izangatik, partaidetza askoz ere aberatsagoa dela uste dut. Festak gainean direnez, herritar guztiak Santio jaietan parte hartzera animatu nahi ditut, partaidetzak ematen baitio bizitza herriari.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!