Kaletxikikoen esker ona Mariano "Bonbon" Zubiarraini

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 2a, 20:08

Kaletxikiko auzotarrek Marino Zubiarrain Bonbon omentzekoa dute San Pedroko jaietan.
Larunbatean, Ontza elkartean izango da ekiltaldia. Pertsona herrikoia, maitatua eta umore zalea izateaz gain, auzo festak urtetan antolatzen ibili izana eskertu nahi diote. 

“1954an edo hasiko nintzen, eta igual 1976a arte hor ariko nintzen. Hiru edo lau lagunek osatutako komisioan batzutan, baina bakarrik ere ibilia nago hiru-lau urtetan!”.
Jaien antolaketan ez zegoen miraririk, Marianoren iritzian. “Korrika apostuak, zezenak, dantzaldiak…, eta antzekoak prestatzen ziren eta gero horiek ordaintzeko, zozketa egiten zen; binako pezetako txartelak ateratzen ziren.  Emakumeen kristalezko pare bat galtzerdi eta beste pare bat oilasko jartzen ziren jokoan”. Lotsak alde batera utzi eta jendearengana jo behar izaten zuen, patrikerak pixka bat astindu zitzan. “Kuadrila handia ikusten banuen, bati saldu eta errenkadan etortzen ziren besteak. Laborde edo Laminaciones de Oriako nagusiak ikusterakoan ere, haingana jotzen nuen”.


Tabernariek laguntzen zuten diruz “komeni zitzaielako; baina auzotarrei edo Udalari ez zitzaion ezer eskatzen. Behin, hala, ere, Garagorri alkatea Bazkardoko aldapan harrapatu, eta “Kaletxikiko jaietarako dirurik izango al zuen galdetu nion. Erantzuna, “aiba hogei duro, baina ayuntamientura ez hadi joan!”.


Auzoan festa nola edo hala eratzea zen kontua, eta maiz, herri-kirolariak, korrikalariak eta horrelakoak ezeren truke ekarri ohi zituen. Behin edo behin gaixtakeriren bat ere egin izana aitortzen du: “Herri-kirolen ekitaldian, orduan aizkolari onenak ziren Astibia-eta iragarri nituen, jendea etortzeagatik. Nahiz eta jakin etorri ezina zutela. Gero bigarren mailakoak aritu ziren”.

Lanean, beti besteentzako
Dena ez zen ordea, festetarako diru biltzea. Karroza ere antolatzen zen, “ospital zaharrarentzat kolekta egiteko. Labordeko kamio zaharra hartu, Arberasen orkestina edo Ajona anaien eta Luxio Aranbururen Hiruboys taldea jarri musika jotzen, eta Andoain goitik behera korritzen genuen herritarrei diru eskean”.


Jaietako edozein ekitaldi izaten zuen gustuko, baina bereziki herri kirolak eta zezenak. Bera da, hain zuzen, aurtengo jaietako esku programaren azalean zezenaren aurrean lasterka ageri den gaztea. Egun sagardo txapelketa besterik ez du antolatzen. Baina Kaletxikiri zor dion maitasunaren lekuko da aurreko urtetan eratu zuen erakusketa, garai bateko auzoan ziren etxeak gaitzat hartuta egin zituen maketekin. Bonbon esanda ezagutzen zen bere jaiotetxea ere sartu zuen erakusketan. “Izengoiti hori garai batean han gozotegia egon omen zelako jarri zioten. Horrela, han jaiotako guztiak gara bonbontarrak”.
Labordetik ere orain 13 urte jubilatu zen, baina Trentxikiko bidean alde batera dagoen Bonbonen Borda izenekora joaten da egunero, bertako lurra lantzera eta hurbiltzen denarekin hitz aspertua egitera.


Omenaldia nola hartu duen galdetzean, serio jarri  da Mariano. “Hitz gutxi aterako zaizkit,  emozionatu egingo bainaiz. Eskerrak eman eta izugarri estimatzen dudala adieraziko diet, besterik ez”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!