San Esteban baserriko Fermina Lopez de Munain mojaren ospakizuna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 2a, 20:05

75 urte bete ditu Fermina Lopez de Munain andoaindarrak Karitatearen Mesedetako kongregazioan, eta ospatzeko moduko gertakizuna da hori, zalantzarik gabe.

Hainbeste urte betetzen dituen lehen kasua da Ferminarena eta ondorioz, urteurren jaia antolatu zuen kongregazioak Zumarragako komentuan. Bertan bizi da egun Fermina, erretiratuta.


Iloba eta bestelako ahaideak, hogei lagun inguruko taldea osatzeraino, Andoaindik Urola aldera abiatu ziren aurreko asteazkenean; oiartzabaldarrek, jauregitarrek eta munaintarrek, denek ere Ferminaren ondoan ospatu nahi zuten urtebetetzea. Ferminak argi du burua eta egundoko poza eragin zion jaia beretarrekin ospatzeak.


Jaia mezarekin hasi zen, eta ondoren afari-merienda egin zuten han bildutako guztiek. Han izan zen Mari Karmen Txapartegi senideak adierazi duenez, Fermina hunkituta egon zen arratsalde osoan, eta nahiz eta hitz askorik ez egin, meza ederra izan zela eta zein gustura sentitzen zen esan zuen.Opari ugari jaso zuen Ferminak; besteak beste, iloba guztiek sinatutako erretratu pertsonala.


Moja 1933az geroztik
Goiburu auzoko San Esteban baserrian jaio zen Fermina, 1910eko maiatzaren 28an; 98 urte bete berriak ditu, beraz. 13 senide sortu ziren guztira familian. Horietatik Txertuetan bizi den Bixenta (abuztuan 101 urte), Martin (94 urte) eta hirurak bizi dira.


Donostian neskame bezala Greziako kontsularen etxean urte batzuk egin ostean, Zumarragako nobiziatuan sartu zen. 1933ko maiatzaren 28an egin zen moja. Gerra garaian Burgosko kartzelako presoei laguntzen aritu eta gero, kongregazioak Sevillan, Lezan (Araba) eta Alkozen (Nafarroa) dituen erietxeetan behartsuenei laguntzen egin ditu urterik gehienak. Sor Eugenia izenez ezagutzen da kongregazioan.


Karitatearen Mesedetako kongregazioa Juan Nepomuceno Zegrí y Moreno Granadako semeak fundatu zuen 1878an. Giza birtuteen aldetik, kongregazioak doakotasuna, apaltasuna eta karitatea  ditu, besteak beste,  ezaugarri nagusi. Kongregazioak, mila eta berrehun moja inguru ditu munduan zehar (Kolonbia, Brasil, Angola, Peru, Argentina, Korea…) banatuta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!