Euskal Herrian Barrena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 2a, 20:02

Iritsi da uda eta askorentzat baita oporraldia ere. Euskal Herriko txokoak, ohiturak eta historia gertu-gertutik ezagutzeko aukera bikaina eskaintzen du Euskal Herrian Barrena egitasmoak.

Duela bi urte, Beterri-Aiztondoko Udalen, Eusko Jaurlaritzako kultura sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko gazteria sailaren laguntzaz, Larramendi Bazkunak Euskal Herria gertutik gertura ezagutzeko egitasmoa jarri zuen abian. Iaz, txoko ezberdinetara txangoak eginez, hilero egin ziren asteburuko irteerak. Aurten, asteburuko aukera horrez gain, egun bakarreko monografikoak ere eskaini dira. Proposamena benetan erakargarria izanagatik, aurtengoan ez da oraindik egitasmoa aurrera ateratzeko talderik osatu. Jarraian ageri dira datozen hilabeteetarako proposamenak: Asteburu osoko irteerak nahiz egun bakarrekoak.

Asteburuko irteerak
18-30 urte bitartekoentzat
Helburua gazteei Euskal Herria bertatik bertara ezagutzeko aukera ematea da, lurralde bakoitzeko historia, kultura eta errealitatea erakutsiz, lagunarteko giro euskaldunean.
• Uztailak 19-20, Arabako bazterrean, aialatarren lurretan: Kexaa, Amurrio, Nerbioi ibaiaren jauzia, Urduña…
• Abuztuak 30-31, Gipuzkoako bidegurutzean: Debagoiena (Leintz-Gatzaga, Arrasate…) eta Burdinaren Haranean barrena (Legazpiko Mirandaola…).
• Irailak 27-28, Ebro ibaiaren nortasuna: Nafarroako erdialdetik (Artaxona, Berbinzana) Ebroruntz abiatuz eta Vianatik Tuteraraino.
• Urriak 25-26, Pirinioetako lurralde malkartsuak: Erronkaribar (Burgi, Erronkari…) eta Zuberoako mugak (Arroilak, Barkoxe, Eskiula…).

Monografikoak
18-80 urte bitartekoentzat
Gazte nahiz helduek parte hartu ahal izango dute egun bakarreko txango monografikoetan, Euskal Herriko hainbat txoko, pertsonaia edo istoriotara gerturatuz. Aisialdia euskalduntzeko helburu tinkoz, Euskal Herriko errealitatea erakusteko ahalegina da.
•Irailak 13, Tornaviaje edo Urdanetaren lorpena: Andres Urdaneta Ordiziko esploratzaile, kosmografo eta militarraren jaiotzaren 500. urteurrena izanik, bere bizitza eta lorpenei buruzko txango monografikoa.
•Irailak 20, Sartagudako Memoriaren Parkea: Joan zen maiatzaren 10ean, Gerra Zibilean Nafarroan fusilatu zituzten 3240 euskaldunei eskainitako parkea inauguratu zen Sartagudan. Parkea bisitatuz, urte latz haietako gertaerak hobeto ezagutzeko aukera izango da.
• Urriak 11, Saltus Vasconum, Globalizazioa duela 2000 urte hasi zen: Historiografiak, erromatarrak euskal lurretan gehiegi kokatu ez zirela esaten zuen orain dela gutxi arte eta ez zutela apenas ekarpenik utzi. Egun, ezin zaio aipamen horri eutsi eta erromatarren eraginez euskal lurretan ere globalizazioa duela 2000 urte hasi zela esan daiteke.
• Azaroak 15, Euskal eskultura: Jorge Oteiza, XX. mendeko euskal eskulturagile ospetsuenetako bat ezagutzeko aukera eskainiko da. Alzuzan bere lanekin osatutako museora izango da irteera.

Izen-ematea
Kostua eta epeak
Izena emateko edo informazio zehatzagoa jasotzeko, bi telefono zenbaki edo helbide elektronikoa erabil daitezke:
• 943 696 450 / 943 300 732
• txangoak@topagunea.com.
Asteburuko irteeretan nahiz monografikoetan parte hartzeko, txango bakoitza burutu beharreko data baino astebete lehenagora arte luzatuko da izen-ematea.
Kostuari dagokionez, asteburuko irteera bakoitzeko, 60  euro ordaindu behar da. (Garraioa, ostatua, otorduak eta sarrerak…, guzti-guztia barne). Monografikoetan, berriz, parte hartzeko bi aukera daude: 1.- Garraioa eta sarrera bakarrik ordaintzea (20 euro inguru), jatekoa etxetik ekarriz. 2.- Garraioa, sarrera eta bazkaria ordaintzea (35  euro inguru). 18 urtetik beherakoek nagusi baten ardurapean etorri beharko dute.

 
Josu Zumetarekin solasean

Historian eta dokumentazioan lizentziatutako hondarribiarra da egitasmoaren arduraduna.

Iaz nahiko ondo erantzun zuen jendeak asteburuetako egitasmoaren aurrean. Aurten ez. Zergatik ote?
Iaz taldea osatuta, ez genekien eskualdeak gehiagorako emango ote zuen. Iaztik interesa mantentzen zutenak hurbiltzeaz gain, jende berria erakartzea zen aurtengo gure helburua. Ez da, ordea, jende berririk gehitu. Dagoeneko jendeak egitasmoaren berri izango duela uste dugu. Ondorioz, agian arazoa ez da herritarrek proposamenaren berri ez izatea, aitzitik, ez dugula euren interesa pizten asmatu. Jendearen iritzia jakin nahiko genuke eta bereziki, zein interes duen. Azken batean, euskararen edo kulturaren alde lan egiten duen zerbitzua gara eta jendearen erantzunik gabe, nekez egin dezakegu lanik. Ideia ona litzateke hurrengo Aiurri aldizkariaren bidez, jendearen iritziak jakitea.


Egun bakarreko irteerak jarri dituzue abian aurten lehen aldiz. Erantzuna urria…

Monografikoetara ere oso jende gutxi hurbildu da. 80 urte bitarteko muga oso zabala da eta harritu egin gaitu hain oihartzun gutxi izateak. Gustatuko litzaiguke erantzun urri horren zergatia jakitea ere. Monografikoen formula azkarragoa da. Egun bakarreko irteerak dira, ez hain sakonak baina, gai bati helduz, egun batean gauza asko ikus daiteke. Gai interesgarri eta bitxiak aurkitzen saiatu gara, denbora askorik ez duenari eskaintza gustagarria aurkezteko.

Zergatik animatuko zenituzke herritarrak irteeratan parte hartzera? Zer aurkituko du txangoetara hurbiltzen denak?

Hurbileko paraje hauek ezagutzeko aukerarik ez duen jendea animatu nahiko genuke bereziki. Gure eskaintza ez da turismo hutsa. Betiere eduki historikoa, kulturala nahiz etnografikoa lantzen saiatzen gara, lurraldera ez ezik, gizartearengana hurbilduz. Euskal Herriko hainbat txoko, ikuspegi ezberdinetik ezagutzeko aukera eskaintzen dugu. Ez dira bidaia itxiak, sortzen den taldearen barne-dinamikak bideratzen ditu txangoak. Era batera edo bestera, guztiok ezagutzen dugu Euskal Herria eta guztiok dugu iritziren bat: bakoitzaren ikuspegien topaketak ere badira, beraz. Taldekideek duten jakin-minaren arabera, neurrira moldatzen dugu bidaia. Familia txikian ibiltzeko modua da gurea, ongi pasatuz eta ikasiz.

Ikastetxeekin irteerak egin dituzue estrainekoz. Zer nolako esperientzia izan da?
Oso ona. Gazteengana hurbiltzeko eta irakaskuntzan txertatzeko beste modu bat da. Txango horiekin ikusmina sorraraz diezaiekegu gazteei eta nola lan egiten dugun ikusita, dagoeneko ez ginateke ezezagunak haientzat. Ikastetxeentzat ere aurrerapausoa izan da; azken finean, denen interesa baita gure historia eta kultura sustatu eta ezagutzera ematea.

Gehitzeko beste ezer?
Jendeari parte hartzeko deia egingo nioke. Ez dugu inor jaten, ongi pasatzeko proposamena da eta denbora probesteko modua. Jakin-mina duenak dei dezala lasai, inolako konpromisorik gabe.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!