Udal batzarraldiaren kronika

Ekainaren 24an egin zen Adunako Udaleko batzar orokorra. Hainbat puntu izan zituzten aztergai.

Maiatzeko batzarreko aktak onartu ondoren, eguneko puntuei eutsi zieten batzar aretoan bildutako Udal hautetsiek. “Eskola zabaltzeko obrei baimena emateko eskaera iritsi zaigu Eusko Jaurlaritzatik. Lanak ez dira oraindik hasiko, baina lehen pausoak ematen hasi beharra dago. Proiektu handia da eskola zabaltzearena, 531.000 euroko aurrekontua duena. Orain arteko eskolari, bi solairuko eranskina gehituko zaio atzealdetik. Solairuetako batean bi gela egongo lirateke eta bestean gela bakarra eta bainugelak. Igogailua ere jarri beharko da”, azaldu du Arantza Aburuza alkateak.


2008ko urtarrilaren 1eko biztanleen Udal errolda ere onartu zuten pasa den asteko batzarrean. “376 biztanle dago Adunan erroldatuta. Pixka bat igo egin da biztanle kopurua, baina ez da igoera handia izan. Azken urteotan berdintsu mantendu da”.

Erriberako Plan Partziala
Ingurumen zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa baten kontratazioa ere aztertu zuten osoko bilkuran. “Izadi enpresak izango du ingurumen azterketak egiteko ardura. Herrian egingo diren zenbait lanek ingurumeneko azterketa teknikoa behar duela iruditzen zaigu. Esaterako, ur araztegia egingo dute herrian bertan, Erriberako Plan Partziala ere hor dago, minak behar bezala seilatu eta tapatzeko proiektua ere aurkeztu du enpresa batek..., hori guztia ondo aztertu behar dela uste dugu. Garai batean igeltsua ateratzen zen Lizarreta enpresaren ondoan dagoen mendixkatik eta mina horiek behar bezala aztertu behar dira ondo itxi ahal izateko”, azaldu du Aburuzak. “Erriberan berriz, 230.000 m2 hartuko dituen industriagunea egingo da. Bertan kokatuko dira ur araztegia eta agroaldea. Erriberako Plan Partzialean, plangintza egiten ari gara, zonalde horretan zein zerbitzu jarriko den erabakitzeko. Gune berdea, industria, aparkalekuak, bide gorria... Herritarrek zabalik dute alegazioak aurkezteko epea, uztailaren 7a bitarte”, gaineratu du.


Ingurugiroari dagokien beste zenbait puntu ere aztertuko dira: “Herriko enpresek egiten dituzten jarduera baimenen txostenak egingo dira. Adunako sailetan dauden lur potentzialki kutsatuak aztertzeko lanak ere egin litezke. Azterketa horien ondoren, benetan kutsatuta daudela ondorioztatzen bada, beharrezko tratamendua egin beharko litzateke edozein proiektu garatu ahal izateko. Lau hilabeteko kontratua egingo zaio Izadi enpresari, eta hileko 2.200 euroko kostua izango du Udalarentzat”.


Eguneko hurrengo puntua udaletxerako mahaiak eta aulkiak erostea izan zen: “Ehun aulki eta hamar mahai erostea adostu zen. Herrian antolatzen diren ekitaldietarako erabiliko dira”.


Herritar guztiei Udaleko osoko bilkuretara etortzeko aukera zabaltzen zaie: “Etxeetan banatzen dugu aztertu beharreko puntuen informazioa. Argi utzi nahi dugu udaletxean ez dela ezkutuko ezer egiten, horregatik gonbidatzen ditugu herritarrak etortzera”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!