Xoxokako eskola

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 27a, 20:51

Gaur egun udal aterpetxea eta garai batean, inguruetan bizi ziren hainbat gaztetxoren eskola. Halako eboluzioa izan du 1926. urtean eraikitzen hasi ziren Xoxokako eskolak.
Gune hura irekitzeak, garai batean Urnietako auzo handiena den Goiburuko biztanleei lasaitasun ederra eman zien. Ahalik eta herrigunerako bideak hobetu eta eskola hustutzen hasi zen arte.

Lasaitu ederra herriko eskoletara joan beharra saihesten baitzien, eta beraz, baita etxetik herri gunera jaitsi eta klaseen ostean, auzora igotzeko bidaiak ekidin ere.
Xoxokako eskola eraiki baino lehen, Kintalaenea baserriaren etxabean jasotzen zituzten ikasgaiak auzoko haurrek, nahiko baldintza kaskarretan. Euria egiten zuenean baserri barruan lokatza sortzen zen eta, hortik atera kontuak. Leku aldaketa gehiago izango zuen gerora, Kintalaeneako jabeak klaseak ematen jarraitzea debekatu baitzuen. Handik Larburu baserrira igaro zen auzoko eskola, gaur egun aterpetxea dena eraiki zuten artean.
Hain zuzen, premia nabarmena izan arren, denbora dezente igaro zen Xoxokako eskola zabaldu arte. 1926. urtean hasi ziren lanak, Mainguanea baserriaren ondoan, herri lurretan. Auzotarrentzat eta auzolanean gauzatu zuten proiektua, haiek egindako ekarpenekin; materialak eskuratu eta eskulanetan jardun baitzuten. Maistrarentzat sukalde eta logela eta guzti egokitu zituzten. Hainbat belaunaldiaren ikastoki bihurtu zena, gerora, herri bideen egoera hobetu eta Ikastola zabaldu ahala, ikaslez husten joan zen. Itxi zuten arte. Gerora, Udalak erabilera atera dio gune hari, aterpetxean bihurtu baitzuen urte batzuk lehenago eskola izan zen lekua.

AURRENA ETXEKO LANAK, ESKOLA GERO
Xoxokako eskolak alargundu berria zen Aragoiko irakaslea zuen. Bi alabekin Donostiara bizitzera joan zen. Astegunak Urnietan igarotzen zituen, hara trenez joan ostean. Herritik Xoxokako eskolara bide pixka bat zegoen, eta horretarako ziren ikasle Maritxu Miner eta bere sendia. “Astoarekin gurdian igotzeko”, gogoratzen du Xoxokan kokatzen zen eskolako ikasle ohiak. Bera eguerditan joaten zen ikastera, Donostian esnea banatu ostean. “Pare bat urte egin nituen han”, gogoratzen du. Hamaika urtetik hamahirura artean. Hain zuzen, garai hartan ohikoa baitzen eskolara gutxitan joatea. “Zortzi anai-arrebetatik zaharrena naiz eta amari laguntzen gelditu behar”, gaineratzen du. Etxeko lanekin batera, zuten tabernaren kargu ere egin behar izaten zuen. Eskola joateari gaur egungo garrantzirik ere ez zitzaion ematen garai hartan. “Bi egun etxean eta hirugarrengoan joateko gogorik ere ez zen izaten”, gaineratzen du urnietarrak. Etxean jasotako heziketak ordea bai, garrantzia bazuen. Eskolakoak baino askoz gehiago.
Xoxoka eta Ergoien aldeko ikasleak hartzen zituen eskolak. Baita Andoaingoren bat ere. Sei eta hamalau urte arteko neska-mutilak, denak gela berean biltzen ziren Xoxokako eskolan. Ikastetxe handiagoetan gertatzen ez zena, nahiz eta garai hartako errealitatea ere eskola hartan islatu. “Emakumeak oso zanpatuta ginen. Beste ikuspegi bat zegoen”, adierazi du urnietarrak. Jolas garaietan ere bereizketa nabaria omen zen; neskak alde batetik, mutilak bestetik.
Atseden hartzeko tartea hartuta berriz ikasgelara. Mahai borobil batean esertzen zen irakaslea. Binakako garai hartako ikasmahaitan ikasleak. Bertan, lumarekin idazteko tinta izaten zuten, “litro bat aste osorako. Harekin moldatu behar”, gogoratzen du ikasle ohiak. Pizarra bat ere izaten zuten, baita blok bat eta kaligrafia ikasteko bi lerrodun koadernoa ere. Ikasketa gaiak berriz, aritmetika, geografia, matematika eta historia. “Guztia erdaraz, noski”, adierazi du. Eta animalien izenak, ibaiak edota aditzak zirela, ikasitakoa buruz, ulertu eta barneratu gabe. “Loro baten moduan, buruz esan behar”, adierazi du.
Aipatzekoa da bestalde, gurasoen elkarlana, negu gorrian, eskolan berogailurik ez eta sua egiteko egurra falta zenean. Egurra ebakitzeko lanak, gurasoen zereginetako batzuk izaten ziren. Baita behar zuenean, maisua laguntzea ere. Hain zuzen, lan egunetan Urnietan bizi zen, bakarrik, eta zerbait behar zuenerako auzokoak bertan izaten zituen, bera laguntzeko prest.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!