UDAren erantzuna PSE-EEri

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 27a, 20:49

Hermenegildo jauna, hitz egin gutxiago eta lan egin gehiago”. Modu horretan erantzun zioten UDA-ko ordezkariek prentsaurrean, PSE-EE-ko ordezkariek egun batzuk lehenago esandakoei. Sozialistek azken udal hauteskundeetako emaitzak ez dituztela onartu diote plataformatik. Gogorarazten zutenez, Urnietak hirutan ukatu die alkatetza. Hala ere, herriak erabakitakoarekin desados badaude, zentsura-mozioa aurkeztera deitzen diete PSE-EE-ko ordezkariei. Eta hitz ematen dute, egun udal gobernu taldean daudenak oposizio eraikitzailea egitera igaroko direla.

KRITIKA
Bestalde, UDA-tik urnietarentzat garrantzitsuak diren gaietan sozialistek erakutsitako jarrera gaitzesten dute. Garaian garaiko udal gobernu taldeak aurkeztutako proiektuen aurka agertu bai, baina iniziatiba propiorik ez dutela aurkeztu salatzen dute. “Partekatzen ez dituzten proiektuen aurrean alternatibak aurkezteko eskatu eta sozialistek beste batzuk erabiltzeko ez dituztela aurkeztuko diote”, adierazten du UDA-k kaleratutako komunikatuak. Plataformako kideek urnietarren ongizatearen alde lanean jarraitzeko apustua berresten dute.
Urnietako alderdi sozialistari, etika, koherentzia eta ideia argien eredurik garbiena ez izatea leporatzen diote. UDA-tik ika-mika hau bere horretan uzteko borondatea agertzen dute, baliabideak eta denbora galtzeko gogorik ez baitute. “Herrialde honetan beti gertatzen den bezala, batzuek kobratu gabe egiten dute lana eta beste batzuek lanik egin gabe kobratzen dute”, adierazi zuten.

 

PSE-EE: ZEBRA BIDEEN SEGURTASUNA HIZPIDE

Datorren udalbatza saioan eztabaidatzeko Urnietako sozialisten udal taldeak mozioa aurkeztu du. Zebra-bideetan segurtasun neurriak indartzea eskatzen dute, bereziki, marra gorri eta zuridunetan. Bustitzen direnean, oso arriskutsuak direla baitiote eta baita legearen aurkakoak ere; haien esanetan, araudiak marra zuriko zebra-bideak soilik onartzen baititu. Herritar bat motoan zihoala erori eta udaletxean otsailaren 12an idatzi bat errejistratu zuenetik ez zaiola erantzun ikusita, aurkeztu dute sozialistek aipatu mozioa. Etorkizunari begira, erabiltzaileei arriskurik ekarriko ez dieten konponbideak planteatzea eskatzen dute. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!