Udal batzarraldiaren kronika

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 27a, 20:48

Hamar minutu eskas iraun zuen ekaineko udal batzarraldiak. Gutxitan izaten den lasaitasuna nagusi izan zen eta, behin batzarraldia amaituta, Sergio Barreiro IU-EB alderdiko zinegotziaren urtebetetzea ospatzera joan ziren.

ZINEGOTZI BERRIA
Erabaki gutxi hartu ziren ekaineko osoko bilkuran. Alderdi sozialistak jakinarazi zuen bere alderdiko hautes-zerrendako lau kideren errenuntzia aurkeztuko zuela hamalaugarren postuan doan Fernando Gomez Idiakez jauna zinegotzi izendatzeko. Gogoan izan behar da azken hilabeteetan alderdi sozialista zinegotzi bat gutxiagorekin lanean ari dela Jose Antonio Lealen heriotza gertatu eta gero.
Hurrengo batzarraldian, beraz, Fernando Gomez Idiakezek kargua har lezake alderdi sozialistaren hautesti modura.
GIZONDUZ KANPAINA
Udal ordezkariek, bestalde, gay eta lesbianen aldeko egunarekin bat egin zuten. Aho batez erabaki zen manifestuarekin bat egitea. Emakunde erakundeak sustatu duen “Gizonduz” sinadura-bilketa kanpainarekin ere bat egin zuten hautetsi guztiek.

Pediatria zerbitzua
Herrian urgentziazko pediatria zerbitzua hobetzeko hiru mila sinadura bildu da Andoainen. Horren harira, eta batzarraldiari amaiera eman aurretik, Josean Perez Gabarain alkateak aurreratu zuen Udala Osakidetzarekin negoziatzen ari dela.
Ostegunean bertan bilera egitekoak ziren osasun ordezkariekin. Ikustear dago, beraz, Osakidetzak epe laburrean zein erabaki hartzen duen gurasoen artean kezka handia sortzen duen gaiaren inguruan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!