Soka-dantza eta Axeri dantza: Kronika

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 27a, 20:45

Soka-dantza, iaz kale egin eta gero

Oso itxura polita izan du aurtengo Soka-dantzak. Udal hautetsiek egindako entsegu kopurua kontutan hartuta, oso maila ona erakutsi dute nahiz eta baten batek ahalegin handiagoa egin beharko luke dantzan hobeto aritzeko edota dantza saioan parte hartzeko. Dantza prestatzeko garaian zinegotziek portaera serioa agertu dute, aspaldian ez bezalakoa. Argi geratu da orokorrean herritarrek agintarien parte hartzea eskertu egiten dutela. Nabarmena zen, Goikoplazan zegoen giroa eta sortu zen ikusmina ikusita.
Bereziki, txalotzekoa da Mari Jose Izagirre, Petri Romero, Asun Guerra eta Sergio Barreiro zinegotzien parte hartzea. Estrainekoz aritu ziren, txukun antzera gainera. Haiekin batera, aurtengo soka-dantzan aritu dira Josean Perez Gabarain alkatea eta Estanis Amutxastegi, Toñy Landa, Iñaki Egibar, Gurutz Irigoras eta Iñaki Irulegi zinegotziak. Denera, hamar udal hautetsi. Bost izan ziren huts egin zutenak: PSE-EEko Jose Luis Vela, Daniel Garcia eta Fernando Narciso, PPko Juan Carlos Cano eta EAko Gabino Agudo. Bitxikeria modura, aipatzekoa da Iñaki Egibar jeltzalea maiz izan dela soka-dantzan parte hartzea, txistulari modura ordea. Eta, aurten, estrainekoz dantzari modura aritu zen.

gitarauan txertatu zuten arren udal hautetsien dantzarik ez zen izan. Bezperan dantzarik ez zela izango iragarri zuten. Galtzen ari zen seriotasuna berreskuratzen ari dela dirudi. Orain urte gutxi hautetsien gutxiengoak parte hartzen zuen. Aurten, berriz, hamabost zinegotzietatik hamarrek parte hartu dute. Seinale ona, iraun dezala geroan. Ea lortzen den guztiek parte hartzea.

 

Merezitako omenaldia Juantxo Arregiri

Omenaldi apal bezain hunkigarria eskaini zioten Juantxo Arregiri Axeri Dantzan parte hartu zuten 28 dantzarik zein plazan bildu ziren ikusle ugarik. 1975ean berreskuratu zenez geroztik Adunan eta Andoainen dantzatzen den dantza tradizional honen alde egindako lana eskertu nahi izan zioten era horretan.

Omenaldia Axeri Dantzaren ostean egitea pentsatua bazegoen ere, dantza hastearekin batera heldu zen eguerdiko lehenbiziko gertakizun deigarria: Juantxo Arregi bera ez zen plazara atera dantza egitera, 33 urteren ostean. Ikusle ugariren harridura sortu zuen horrek. Eta ulertzekoa da, bera izan baita dantza horren buruzagia, elementurik adierazgarriena alegia, urte horietan.

Hiru egun lehenago, nonbait, Juantxok kalean irrist egin eta min latza hartu zuen eskuineko zangoan. Ezin parte hartu dantzan! Bittor Uria dantzariak hartu zuen buruzagitzaren funtzioa, eta ezin hobeago jardun zuen, hasierako urduritasunak gainditu eta gero.
Omenaldia, Axeri Dantza bukatu ostean heldu zen, esan bezala. Omenduak berak ezer ez

jakiteko moduan zegoen prestatua ekintza, eta jendartetik udaletxe aurrera joatera behartu zuten; han blusa eta buruko zapia jantzarazi zioten. Segidan, Jone Larrañaga dantzariak mikrofonoetatik ekitaldiaren zergatia azaldu zuen. Aldi berean, ikusleak plazara irtetera gonbidatu zituen, Juantxori zortziko berezia egin behar zitzaiola eta. Zortzikoa eginda, “Juantxo Arregi, Andoaingo axerien buruzagia” esaldia bordatuta zeraman gerrikoa opari gisa jaso zuen, Haize Irulegi dantzariaren eskutik.

Omenalditxo xume horrekin batera, Axeri Dantzaren aldeko taldeak Juantxo Arregi eta Axeri Dantza beraren istorioa kontatuz argitaratu duen liburuxka banatu zuen ikusleren artean. Liburuxka horrek, Juantxori egindako elkarrizketa eta Aitor Amutxastegi eta Jone Larrañagaren artikuluez gain, 33 urtetan Axeri Dantzak eman dituen irudiak jasotzen ditu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!