Kattalin Olasagasti, elkarrizketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 27a, 20:42

Andoaingo eskubaloiaren historian ez dago Kattalin Olasagasti bezain urrun iritsi den jokalaririk. Euskadiko eta Espainiako selekzioetan jokatutakoa da nahiz 17 urte besterik ez eduki. Munduko txapelketa jokatzeko atarian da oraintxe.

Azalduko al diguzu zure ibilbidea eskubaloian.
K.O.
12 urterekin hasi nintzen infantilen mailan, ikastolako taldean. Eskubaloia edo boleia zegoen aukeran orduan, eta lagun gehienek eskubaloia hautatu zutenez, nik ere horretara jo nuen. Gurasoek ez ninduten horretan ikusten baina… Gipuzkoa eta Euskadiko txapelketa irabazi genuen urte hartan. Hurrengo urtean kadeteko bigarren mailan, Leitzaranen sartu nintzen.

Definituko zenuke zeure burua jokalari gisa?
K.O.
Atezain bezala hasi banintz ere, pibotea izan naiz beti. Indarra eta gorputza badaukat, baina hortik aurrera, sekula ez naiz jarri pentsatzera nolakoa naizen. Hori hobe entrenatzaileei galdetzea, Josema Fernandezi eta Gorka Matuteri.

Garaiera handiko jokalaria zara, bistan denez. Horrek badu eraginik jokalari batengan?
K.O.
Bai, noski. 1´86 neurtzen dut; Euskal Herrian dagoen jokalaririk handiena izango naiz seguruenera, maila honetan. Altuera ez da nahitaezkoa, baina oso lagungarria da.

Euskadiko selekzioarekin zenbat jokatu duzu?
K.O.
Hiru urtetan segidan jokatu dut, bi txapelketetan: Erkidegoen artekoan eta Kopan. Iaz maila galdu genuen, baina berriro igo gara aurten. Lastima da, hurrengo urtean jada ezingo baitut jokatu, seniorretara pasatzen naizelako.

Espainiako selekzioak iaz hots egin zizun lehen aldiz.
K.O.
Europako txapelketa jokatzeko eraman ninduten. Aurreko sailkapen fasea Italian jokatu genuen; gero udan kontzentrazioa egin eta Austrian adiskidetzako partidak jokatzera joan ginen. Lehenbiziko partidan, hatz txikia puskatu nuen. Ebakuntza egin eta etxera etorri behar nuela esan zidaten. Zilarrezko domina irabazi zuen selekzioak.

Eta aurten?
K.O.
Iaz Europako txapeldunorde geratu izanak, aurtengo munduko txapelketa jokatzeko eskubidea eman dio Espainiako selekzioari. 50 geunden lehen-lehenbiziko zerrendan. Lehengo astean, berriz, horietako 18 kontzentrazioan izan gara eta horietatik 16 jokalari aukeratu. Orain 15 eguneko atsedena, eta Suediako Openera goaz, prestaketa txapelketa batera. Handik, behin betiko hamaseiko zerrenda jakinaraziko dute, Bratislaban (Eslobakia) jokatzekoa den Munduko txapelketan parte hartzeko.

Itxaropenik bai?
K.O.
Bai, espero dut hautatuen taldean egotea. Hiru izan gara orain arte nire postuan, eta ez gara aldatu. Baina inoiz ezin da esan… nik adina aukera baitituzte gainerakoek. Ilusionatua nago erabat; are gehiago jakinda iaz ezin izan nuela jokatu.

Gogorra da diziplina han?
K.O.
Entrenamenduak dira gogorrak. Oraintxe nago gerriak minberaturik eta bizkarrean kontraktura batekin. Euskaldun bakarra Zarauzko Maialen Mujika eta biok ezik, gainerakoek senior mailan jokatzen dute. Gu baino ohituago daude halako gogortasunera. Aguantatzen da eta asko ikasten da, hala ere.

Hurrengo urtera begira?
K.O.
Senior mailara igarotzen naiz adinez, baina ez dakit non jarraituko dudan. Izan ditut eskaintzak, Gipuzkoatik eta kanpotik; esku dirua eta bizilekua eskaintzen didate. Gizateriak eta Enpesa izeneko karrera berria nahi nuke egin, eta hori hartuko dut kontuan, erabakia hartzerako orduan. Non egin ahal izan ikasketak, inguruko taldera joango naiz.

Ez da erraza izango erabakia hartzea.
K.O.
Ataka hori daukat buruan. Nire bizitzako unerik latzenean nago. Eseri, pentsatu, ideiak argitu. Selekzioarekin bildu aurretik hartu beharreko erabakia da unibertsitateko epea bukatzen delako eta klubak ere taldea isten doazelako. 17 urtez, gehiago bete gabe, geratuko nintzateke gustura asko.

Jokalari profesional bezala ikusten zara, beraz?
K.O.
Probatu egin nahi dut. Eta ondo joanez gero aurrera, eta bestela, handiegia geratzen bazait mundu hori, orduan beste zerbait egitera jarriko naiz. Argi daukadana da nesken mailan oso jokalari ona izanda ere, urte bat edo bi egingo dituzula bakarrik profesional modura.

Zer moduzkoa izan dira 5-6 urteak Leitzaranen?
K.O.
Oso onak. Pena handia ematen dit Leitzaran uzteak; oso ondo zaintzen dute jokalaria. Familia bat da, eta oso gustura ibili naiz klubarekin. Naizena Leitzarani esker da, eta hori ezin dut ahaztu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!