Urnietako pilotarien albistegia eta denboraldiko balorazioa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 27a, 20:39

ARRIOLA-K.URBISTONDO    22
N.ZABALA-BAÑALES    30
GOMAZKO PALETA. SENIORRAK.
Urbistondok eta Arriolak gogor saiatu arren, aurkariak nagusitu ziren. Kanporaketa jardunaldia zailtasunez betetakoa izan zen, garaileak faborito nagusiak baitziren. Beraz, ez dute finalerako txartela eskuratu.

JON PAGOLA-M.GARMENDIA    22
LEGUTIANO-PEREZ    13
SALBATORE TXAPELKETA. JUBENILAK.

Garaipenen arora itzuli dira berriz ere urnietarrak. Getarian jokatzen ari den pilota txapelketan, erosotasunez eta tarte handiz irabazi zieten aurkari arabarrei. Kostaldeko herri hartan ospatzen ari diren norgehiagoketan ilusio handia jarria dute Pagolak eta Garmendiak, frontoia ezin egokiagoa baita haien kirol gaitasunak garatzeko. Estalkirik ez duenez, ordea, datozen jardunaldiei begira, onena euririk ez egitea litzateke. Duten onena eman beharko dute, aurrez aurre kalitate handiko pilotariak izango baitituzte.

ASTEBURURAKO PARTIDAK
Trinketako Emakumea
Pilotari Txapelketa: finala
Arantxa Goenaga-Pierola
Zabala-Bañales
Gaska (Donostia). Ost,27. 20:00

 

DENBORALDIKO BALORAZIOA

Herriko pilotariek ez dute atsedenik hartzen, urte osoan nonahi txapelketak antolatzen baitira. Baina atzera begira jarri eta orain artekoaren errepasoa egiteko unea iritsi da. Pilota Eskolan eta Federatuan dabiltzanak ez baitira gutxi Urnietan. Eta lortutako emaitzak ez dira nolanahikoak.

Aipatu bezala, pilota jardunaldiek etenik ez dute, baina jokalarien maila aldaketak irailean gertatzen direnez, une horretan hasi ohi dute UKE Pilota Sailekoek kirol urte berria. Abuztu amaieran egingo dute aurkezpen ofiziala. Hortik aurrera, ohiko txapelketatan parte hartzearekin batera, aurten jorratzen hasitako bidetik jarraitu nahi dute; trinketako modalitatean trebatuko dira. Urnietan ez, Iruran.

PILOTA ESKOLA
Ordutegi aldetik malgutasunez, presio eta lehiarik gabe, eskupilotan eta kirol heziketan murgiltzea. Modu horretan jardun dute irailean hasi eta orain arte Pilota Eskolan parte hartu duten 5-11 urte arteko gaztetxoek; 18 aurrebenjaminek eta 9 alebinek. Pilotan jolastea, hori zen adin tarte honi dagokionez, eragileek bete nahi zuten helburu nagusia.

Esperientzia hartzen joateko beste herri batzuetako kirol taldeekin dituzten harremanak ezin egokiagoak dira gainera. Hala, Usurbilgo Txapelketan parte hartu dute Pilota Eskolako benjamin mailako lau partaideek. “Galtzen eta irabazten ikasi beharra dute. Horretarako ordea, beste frontoietara mugitu behar”, adierazi du UKE Pilota Saileko arduradun Txema Gonzalezek. Aurtengoan gainera, nobedade gisa, eguberrietako oporretan ere ateak zabalik gisako jardunaldiak antolatu zituzten.

PILOTA FEDERATUA
Ikasketak edo norbere lanpostuetako ordutegiek utzi ahala hurbiltzen dira entrenamendu saioetara Urnietan federatuta dauden 37 pilota eta pala jokalariak. Kirola egitea da haien abiapuntua, eta harrobi falta, arazo nagusia. Hain zuzen, bereziki palan aritzen den senior kopurua beherantz doa. Eta momentuz, atzetik gazterik ez datorrela dirudi.

PILOTA

  • • 28 pilotari federatu: 3 alebin, 15 infantil, 3 kadete, 6 jubenil eta 22 urtez azpiko 1.
  • • Jokatutako txapelketak: ezker pareteko binakako Gipuzkoako Txapelketa; Banakako eta Binakako Trinketako Gipuzkoako Txapelketa; Trinketako Euskal Herriko Txapelketa; Binakako Neguko Eskualdeko Txapelketa; Binakako eta Banakako Udaberri Txapelketa; Herriarteko Txapelketa; EiTB Kantxa; herri desberdinetako elkarteek antolatutako txapelketak.
  • • Emaitza aipagarrienak: Binakako txapeldun 2.mailako jubeniletan; Trinketako Gipuzkoako azpitxapeldun jubeniletan; Binakako Neguko Eskualdeko azpitxapeldun infantiletan; Gipuzkoako finalerdiak binakako 3.mailako kadeteetan; final-laurdenak Udaberriko Lehen Mailako Binakako Jubenil Txapelketan; Usurbilgo Alebin Txapelketan finalerdietan.


PALA

  • • 9 federatu: seniorrak.
  • • Emakumezkoek gomazko paletan jokatutako txapelketak: Emakumea Pilotari eta Emakumea Pilotari Irekia, Lekunberriko Txapelketa, Ezker paretako Gipuzkoako Txapelketa, Trinketako Gipuzkoako txapelketa.
  • • Gizonezkoek larruzko paletan jokatutako txapelketak: Gipuzkoako Txapelketa, Udaberri Txapelketa eta larruzko paletan zein pala motzean Herriarteko Txapelketa.
  • • Emaitza aipagarrienak: Udaberri Txapelketako azpitxapeldunak lehen mailan; Emakumea Pilotari Txapelketako finalerdiak; Emakumea Pilotari Irekian, finalerdiak eta final-laurdenak; Emakumea Pilotari Trinketako Txapelketan finala eta finalerdia.


Esan bezala, Urnietako pilotariek atsedenik ez dute hartzen urte osoan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!