Andoaingo Rock Jaialdia: Antolatzaileen balorazioa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 27a, 20:37

Juan Carlos García •  Bloody Mary, Antolatzailea

                                                                                                                                                                                             Nazioarteko bost talderen parte hartzearekin amaitu berri dugu Andoaingo lehen rock jaialdia. Hauez gain, Alakantetik etorritako bat eta Euskal Herriko zazpigarrenarekin osatu da egitaraua.

Taldeen aukeraketa egiteko garaian, Rock and roll musikaren joera ezberdinak kontutan hartu genituen entzulea benetako maratoi batera erakartzeko. Ez da erraza horrelako jaialdi batera agertzea, talde baten eta bestearen artean atsedenik hartu gabe, baina pasa den larunbatean ikusi genuen entzulegoa uxatzeko gai izan zen bakarra eguraldia izan zela.

Soinua eta potentzia primerakoa izan zen. Niri bereziki kezkatzen nauen gauza da eta horiek konpontzeko oso gainean egoten ahalegintzen naiz. Lerro hauetatik alde teknikoan aritu zen lantaldea eskertu nahi dut.

18:30tan ipinita zegoen hitzordua, Lisäboren emanaldiarekin. Piskanaka entzulegoa gerturatzen ari zen. Une horretan beroa jasanezina zen. Euskal herriko taldeak beste behin zur eta lur utzi zuen entzulegoa maila handiko zuzenekoarekin, nazioarteko edozein taldeen pare.

Haien atzetik Viva L'America... taldea. Disko berriko kantu gehienak aurkezteko baliatu zuten zuzenekoa. Agian aurreko emanaldietan baino lasaiago aritu ziren, Dub askorekin. Nolanahi ere, deigarria eta interesgarria.

Estiloa guztiz aldatuz, euriari aurre eginez Las Membranas taldeak saio ahaztezina eskaini zuen, garaje ye-ye musika eskainiz. Fan amorratuak ez ziren lehen ilaratik mugitu eta gainerakoak nonahi babestu ziren taldearen zuzenekoa jarraitzeko.

Euria apaltzen ari zela jendea gogo biziz zegoen Maharajas taldea ikusteko. Ordu horretarako plaza ia jendez gainezka zegoen. Sueziarrak baterijole berriarekin etorri ziren, melodia gozoak eskaini saio osoan zehar. Deigarria egin zitzaidan ikuslegoa hauen kantuak abesten eta dantzatzen ikustea.

Ia-ia otartekoa jateko astirik gabe, talderen bat galtzeko beldurrez, Neanthertals leizezuloetako gizonak agertu ziren taulagainean Eddie Angel kitarjole txundigarria buru zela.

Ordurako plaza beteta zegoen, showarekin gozatuz.

Ikusmin handia sortu zen Trashmen mitikoen inguruan. Ahotsa eta kitarjoleen teknika ez da urteen poderioz urratu eta kantu klasikoak bata bestearen atzetik eskaini zituzten. Amaitzeko rock and rollaren historian aski ezaguna den “Surfind bird”. Ikuslegoak ederki asko pasa zuen, gogotik dantza eginez. Nahiz eta une horietan euri tanta batzuk erori.

Eta amaitzeko Detroiteko piztia: Mick Collins eta bere Dirtbombs taldea. Gogoangarria izan zen zuzenekoa, bi baterijoleekin eskaini zutena. Pantera gosetia taulagainera igotzearen parekoa izan zen. Atsedenerako tarterik ez, tentsioa aldioro, kantu berriak eskainiz eta aurreko diskoetako batzuk... zuzeneko ikusgarria.

Antolatzaile naizenez ziurrenik ez naiz ni jaialdia baloratzeko eta kritikatzeko pertsonarik egokiena, baina beti ikuslearen lekuan jartzen saiatzen naiz eta ahal den neurriane errealista izaten saiatzen naiz.

Frantziatik etorritako jendea ikusi genuen, Espainiako leku askotatik ere eta nola ez Euskal Herri osotik etorritakoak ere.  Gaur, ekainak 23, telefono dei eta email ugari jaso dut jaialdia dela eta egindako lanagatik zorionak emateko. 2.000-2.500 lagun izan zen jaialdian. Talde guztiekin hitz egin dut eta denak pozarren daude antolaketarekin, jasotako tratuarekin eta jaialdiaren emaitzarekin.

Jaialdi honen inguruan egiten dugun balorazioa oso positiboa da maila guztietan. Ezagunak eta hain ezagunak ez diren taldeak aukeratu ditugu, denek maila bikaina eskainiz. Argi dago ere horrelako jaialdietarako badagoela gogoz dagoen entzulegoa.

Gaua zirraragarria izan zen, ahaztezina. Aipatzekoa ere giro ona eta jaigiroa bizitzeko ikusleen gogoa.

Bukatzeko, jaialdia ikusgarria izan da. Ikuslegoaren parte hartzea bikaina izan da. Eta hauxe da, egiari zor, rock and roll jaialdi bat ondo burutzeko atalik garrantzitsuena. Bikain.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!