Imanol Etxeberria, Kaletxikiko jai batzordea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 27a, 20:33

Auzoetako jai batzordeek mirariak egin ohi dituzte egitaraua finantzatzeko. Imanol Etxeberria Andoaingo Kaletxiki auzoko Sanpedroetako antolatzailea da.

Nola antolatzen dira Kaletxikiko Sanpedroak?
I.E.
Lehen Ontza elkarteko zuzendaritzak antolatzeko ohitura zuen. Baina orain hiru urte erabaki zen auzotarrek beregain hartzea lana. Ordutik Manu Mujika, Ramon Zalakain, Jesus Mari Ibañez, Patxi Mendikute, Joseba Arabaolaza, Nekane Lasa, Eneko Urdangarin eta neroni gabiltza; Ontzako zuzendaritzak ere laguntzen digu. Gutako bakoitza ekitaldi multzo baten arduradun egiten da. Urte osoan ari gara pentsatzen zer egin, nola egin… baina bilerekin, apirilean hasten gara.

Aurrekontuarekin larri ibiliko zarete, ohi den bezala.
I.E.
Herena Udalak ematen du, 4.000 euro; gainerakoa guk lortu behar. Iragarkiak sartzen dizkiguten laguntzaileen diru iturria daukagu. Noski, horiengana joan egin behar da, eta lan izugarria da hori. Bestalde, orain hiru urte etxez etxe sobrea pasatzen hasi ginen. Harrigarria da jasotzen dugun harrera. Auzotarrek Kaletxikirekin identifikazio handia daukatenaren seinalea da hori.

Jarritako egunek arreta deitzen dute.
I.E. 
Jende askok aipatu digu, bai, gehiegi atzeratu dugula. Baina oso berandu arte ezin izan dugu jakin Sanjuanak noiz ziren ospatzekoak, eta erabaki behar izan genuen. Urte batean Sanjuanekin batera egin genuen, eta esperientzia txarra izan zen.

Berrikuntzen artean, Kaletxiki Rock Festibala antolatu duzue.
I.E. 
Bi zatitan banatu dugu. Lehenbizikoan, herriko taldeen aldeko apostua egin dugu, Susa eta d.Devious taldeekin; 16-18 urteko andoaindarrek osatzen dituzte. Eta ondoren, Donostiako hiru talde datoz, Rusoblanco, El ultimo hombre elefante eta Rouge. Argi esan diegu xoxik ez dagoela, afaria eta musika ekipoa baino ezin diegula eskaini, baina hala ere gustura datoz, musika jotzeko plazerragatik. Iruditzen zaigu kristoren jende pila bertaratuko dela. Ea festibalak indarra hartzen duen piskana-piskanaka.

Sanpedroetako bereizgarria da Kandido eta bere Txikitxuen jaitsiera.
I.E.
Nekane Lasak eta beste auzokide batzuek orain urte batzuk sortutako ekitaldia da. Pertsonai horiek Goikoplazatik irteten dira txistulariekin, Kaletxikiko aldapan behera. Jendea ateratzen da balkoietara, eta jartzen ditu zapi zuri-berdeak. Esan beharra dago, Kandidoren papera aurrez hautatu den auzoko familiako kide batek betetzen duela. Gero Kaletxikira jaisten direnean, Kandidok pregoia irakurtzen du. Aurten Josu Otamendiri eta bere familiari egokitzen zaie. Sardin jatea dago prestatua kalean, eta horrek ere laguntzen du auzoko jende ugari biltzeko  kalean.

Oilasko hotza txanpainarekin, hori ere oso kaletxikitarra da
I.E.
Aspaldiko ohitura da. Jendea propio joaten da horretara, nahiz herriko beste auzoetan ibili goizeko ordu horietan. Andoainen edonork daki hori nahiz ez Kaletxikikoa ez izan, joan eta eseritzen da elkartean naturaltasun osoarekin. Urte batzuk izan dira apalagoak, baina iaz 40 oilasko banatu ziren, eta hala ere, jendea gehiago eskatzen aritu zen. Aurten 60 oilasko ekarriko ditugu. Gainera, orain bi urte Ramon Zalakaini elkartean bertan musika jartzea bururatu zitzaion, eta jendeak oso ondo hartu zuen. Aurten ere diskofesta jarriko da, Nemux-gang dj-rekin.

Txaranga ere baduzue Gora Kaletxiki izenekoa.
I.E.
  Jesus Mari Ibañezek osatu zuen hemendik eta handik dabiltzan musikoekin, kale bazterrak eta alaitzeko. Ideia beste auzoetara (Sorabilla…) ere zabaldu dela ikusi dugu. Jaietarako, kaldereroetarako eta horrelako ekitaldietarako bakarrik biltzen da talde hau.

Zertan datza esku pilota topaketa, Goikoplazan egitekoa dena?
I.E.:
Orain hiru urte Josema Setien auzokideak emandako  ideia da eta erantzun ona jaso izan du. Jaien barruan ere, pilota umeen artean zabaltzea da asmoa. Pilota eskolako Andoni Alvarezekin batera antolatzen da; ume txikiek elkarrekin jolasten dute, lehiaketa izan gabe. Bukaeran, domina eta kamiseta ematen zaie.

Jendetsua espero duzue izatea auzotarren bazkaria?
I.E. 
2000. urtekoa ikaragarria izan zen, auzotar guztien argazkia eta guzti. Gauza asko bezala hasi zen oso indartsu; motelagoak izan dira urte batzuk eta gehienbat jende heldua biltzea lortu da. Azken urtetan, hala ere, ematen du gaztedia ere hurbiltzen hasi dela. Aurtengoan, txahala jatea prestatu dugu. Erretzailea goizaldera hasiko da lanean, eta horretan ariko da eguerdia bitartean. Gazteak eta helduak biltzea espero dugu; 80 urte bete dituztenei ere ohiko omenaldi hunkigarria eskainiko zaie.

Mariano Zubiarrain ere omentzekoa duzue aurten.
I.E. 
Aurtengo egitarauko ekintzarik azpimarragarriena da Mariano Bombon-i egin nahi diogun omenaldia. Mariano Mariano da, pertsona herrikoia Andoainen. Omenaldia eskerrak emateko modu bat da, izan ere urte luzez berak bakarrik antolatu izan ditu festak. Beti lanean eta beti isilean, umorea galdu gabe inoiz. Kaletxikin ez da bizi, baina Kaletxiki gutxik bezala sentitzen du. Horren erakusgarri da iaz antolatu zuen erakusketa polita. Egurrezko maketak egin zituen, garai bateko Kaletxikin zeuden dozena erdi etxe eta baserri imitatuz: Arruarte sagardotegia, Berrozpe, Bodega, Ikutza, Maximino, Bombon…
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!