Amodiozko Gutunen lehiaketako sari banaketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 27a, 13:48

Atzo iluntzean banatu ziren Villabonako Udaleko Euskara Zerbitzuak urtero antolatzen duen Amodiozko Gutunen lehiaketako aurtengo sariak. Azken urteetako partaidetzarik altuena izan da, 56 lan aurkeztu dira guztira.

Maite Arregi euskara teknikariak eta Maialen Abaigar euskara eta hezkuntza zinegotziak banatu zituzten sariak. Adierazi zutenez, aurreko urteetan baino dezente altuagoa izan da partaidetza. "Iaz 40 gutun aurkeztu ziren, aurten 56. Horietatik 29 Gazte sarira bideratuta, 25 urte bitartekoek idatzitakoak. Gehienak gipuzkoarrak izan dira: 53. Arabar batek eta bi bizkaitarrek ere parte hartu dute lehiaketan. Eskualdeka banatuta, Tolosaldeko 10 gutun jaso dira eta Aiztondo bailarako 4".

Lehen saria: "... Ezagutzen zaitut eta", Maitane Salinas Beiztegi (Donostia). 350 € eta lore bat.

Bigarren saria:
"Emagalduak enpresa gizonari", Ioana Alijostes Zabala (Tolosa). 225 € eta lore bat.

Villabonatar onenaren saria:
"Maitasunaren errautsak", Alexander Padilla Lopez (Villabona). 200 € eta lore bat.

Gazte onenaren saria:
"Urriko poema", Goiatz Labandibar Arbelaitz (Oiartzun). 150 € eta lore bat.

Sarituekin solasean

Maitena Salinas Donostian bizi den beasaindarrak eskuratu zuen lehiaketako lehen saria, “bigarren aldia da antzeko sariren bat eskuratzen dudana. Aurrekoa Uxola saria izan zen, 17 urte nituela. Ordutik orain arte, 11 urtetan ez dut idatzi. Ilusio handia egin dit, beraz, saria jasotzeak”. Tratu txarren aurkako salaketa da Maitenaren gutuna, “eskutitzaren helbidea norberaren buru-estimua dela esanez amaitzen da gutuna. Salaketa moduko bat egin nahi izan dut eta bestalde, bakoitzak bere burua errespetatzeko eta gehiago maitatzeko aukera irekita utzi”. Saria jasotzea sorpresa izan da Maitenarentzat, “sorpresa, beti. Ilusio handia egin dit . Helburua transmititzea da; norbaitengana ailegatu bazara eta epaimahaiari saritzeko moduko lana iruditu bazaio, eskertzekoa da. Pozik nago”.

Ioana Alijostes tolosarrak bigarren saria jaso zuen. Bigarren saridunak ere, duela urte batzuk Uxola saria irabazi zuen, “ordudanik ez nintzen lehiaketa gehiagotara aurkeztu. Andoaingo lagun batek lehiaketaren berri eman zidan eta aurkeztea erabaki nuen”. Emagaldu batek enpresa gizon bati idatzitako gutuna aurkeztu du lehiaketara. “Emagalduaren lanaren gogortasuna ageri da eta gizon batekin maitemintzen denean, bere lanbidearen bukaera nola gerturatzen den kontatzen da”. Ioanak lehiaketan parte hartzea erabaki zuenean garatu zuen gaia, “aurrez ez neukan ezer pentsatuta”. Gustura jaso zuen bigarren saria tolosarrak ere eta idazten jarraitzeko gogoa ere piztu diola adierazi zuen.


Alexanderren ordez bere arreba Arantxik jaso zuen saria. “Anaia Bartzelonan ari da ikasten eta ez du etortzerik izan. Saria jasotzeko eskatu dit”. Alexander lehiaketako ohiko irabazleetako bat da, “Bartzelonan bizi den arren, ez zaio herriko Amodiozko Gutunen lehiaketan parte hartzea ahazten”, azaldu du Arantxik. Arrebari gutunaren nondik norakoen berri eman zion sari-ematearen aurretik, “gizon bat eta tabakoaren arteko harremanaz idatzi du gutuna. Bukaera arte, ordea, irakurleak ez du jakingo tabakoaren dependentziaz ari denik”. Arantxik anaiak gai hori aukeratu izanak harritu egin duela azaldu zuen, “nik dakidala anaiak ez baitu erretzen”.

Goiatz Labandibar oiartzuarra ez zen sari-emate ekitaldian izan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!