ma

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 27a, 11:39

Atzo iluntzean banatu ziren amodiozko Gutunen aurtengo sariak. Azken urteetako partaidetzarik altuena izan da. 56 lan aurkeztu dira guztira.

Maite Arregi euskara teknikariak eta Maialen Abaigar euskara eta hezkuntza zinegotziak banatu zituzten sariak. Adierazi zutenez, aurreko urteetan baino dezente altuagoa izan da partaidetza. "Iaz 40 gutun aurkeztu zen, aurten 56. Horietatik 29 Gazte sarira bideratuta, 25 urte bitartekoek idatzitakoak. Gehienak gipuzkoarrak izan dira: 53. Arabar batek eta bi bizkaitarrek ere parte hartu dute lehiaketan. Eskualdeka banatuta, Tolosaldeko 10 gutun jaso da eta Aiztondo bailarako 4".

Lehen saria: "... Ezagutzen zaitut eta", Maitane Salinas Beiztegi (Donostia). 350 € eta lore bat.

Bigarren saria: "Emagalduak enpresa gizonari", Ioana Alijostes Zabala (Tolosa). 225 € eta lore bat.

Villabonatar onenaren saria: "Maitasunaren errautsak", Alexander Padilla Lopez (Villabona). 200 € eta lore bat.

Gazte onenaren saria: "Urriko poema", Goiatz Labandibar Arbelaitz (Oiartzun). 150 € eta lore bat.

Sarituak mintzo

Maitena Salinas Donostian bizi den beasaindarrak eskuratu zuen lehiaketako lehen saria, "bigarren aldia da antzeko sariren bat eskuratzen dudana. Aurrekoa Uxola saria izan zen, 17 urte nituela. Ordutik orain arte, 11 urte egon naiz idatzi gabe. Ilusio handia egin dit, beraz, saria jasotzeak". Tratu txarren aurkako salaketa da Maitenaren gutuna, "eskutitzaren helbidea norberaren buru-estimua dela esanez amaitzen da gutuna. Salaketa moduko bat egin nahi izan dut eta bestelde, bakoitzak bere burua errespetatzeko eta gehiago maitatzeko aukera irekita utzi". Saria jasotzea sorpresa izan da Maitenarentzat, "sorpresa, beti. Ilusio handia egiten du, helburua transmititzea da eta epaimahaiari saritzeko modukoa iruditu bazaio, ilusio handia egiten du".

 

Goiatz Labandibar ez zen sari-emate ekitaldian izan, ezta Alexander Padilla ere. Alexanderren ordez bere arreba Arantxik jaso zuen saria. "Anaia Bartzelonan ari da ikasten eta ez du etortzerik izan. Saria jasotzeko eskatu dit". Alexander lehiaketako ohiko irabazleetako bat da, "Bartzelonan bizi den arren, ez zaio lehiaketa honetan parte hartzea ahazten", azaldu du Arantxik. Arrebari gutunaren nondik norakoen berri eman zion sari-ematearen aurretik, "gizon bat eta tabakoaren arteko harremanaz idatzi du gutuna. Bukaera arte, ordea, irakurleak ez du jakingo tabakoaren dependentziaz ari denik". Arantxik anaiak gai hori aukeratu izanak harritu egin duela azaldu zuen, "nik dakidala anaiak ez baitu erretzen".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!