Urban Topagunea, gazteei zuzendutako eskaintza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 20a, 13:48

Haur eta Gazteria Sailak kaleko kultur adierazpen desberdinak biltzen dituen ikastaro bilduma antolatu du. Olatz Berastegi Gazte Informatzaileak xehetasun gehiago ditu.

Urban topagunea. Zer da?
Olatz Berastegi: Kaleko kulturaren adierazpide anitzak biltzen dituen jardunaldiak antolatu nahi izan ditugu Urnietan, uztaileko lehenengo hamabostaldian. Hala nola, Graffiti eta D.J. tailerrak, eta Break Dance eta Funky ikastaroak.

Jardunaldion helburuak zeintzuk dira?
O.B.: “Kalea “ espresio gune alternatiboa bezala aldarrikatzen duten adierazpen artistikoak azpimarratu nahi izan ditugu. Kalea, harremanak bultzatzen dituen gunea da, eta egungo gazteen artean jarraitzaile asko dituen ekimena da. Gazteriatik aisialdia lantzea helburu dugunez, aukera hau oso aproposa ikusi dugu, gazteen zaletasunak biltzen dituelako. Gaur egun haien artean jarduera hauek oso zabalduta daude. Uda, atseden garaia da, eta askotan gauza desberdinak egiteko momentu aproposa ere izan daiteke.

Nondik dator ekimen hau antolatzeko asmoa?
O.B.: Urtarrilean, eta bi urtez jarraian, “hip hop jaia” antolatu izan dugu Sarobe Kontzertuak ekimenaren barne, eta bertan DJ-ak, breakerrak eta graffiteroak izan dira protagonistak. Festa honek arrakasta handia izan du urnietar gazteen artean eta haiei zuzendutako topagune berezi hau antolatu nahi izan dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!