Imanol Lion Oriondo, atleta bikaina

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 19a, 19:39

Odoletik datorkio atletismorako iaiotasuna, aita Behobia-Donostia proban parte hartutakoa baitu. Bere amaren osaba berriz Josetxo Imaz atleta ohi ordiziarra da, txapelketa bat baino gehiago irabazitakoa. Imanol Lion 14 urterekin, urrezko atletan bihurtu da aurten.

Urrezko domina ugari irabazi dituzu urte berean?
Imanol Lion:
Domina guztiak aurten eman dizkidate. 80 metroko probatan, 150 metroko probatan, Gipuzkoako Txapelketan eta Gipuzkoako Selekzioarekin Euskadin parte hartu dudanean.

Nolatan hasi zinen?
I.L.:
Hamar urterekin, Urnietan hasi nintzen. Bi urtez egon nintzen, entrenatzaileak nahiko ona nintzela ikusi zuenez, Hernanira bidali ninduen, Urnietan ezin bainuen denbora gehiagoz jarraitu. Hernanira pasa behar nintzen.

Urnietan kirol taldea izan bazenu, hobe ezta?
I.L.: 
Hobe bai. Hernaniko taldean dagoen urnietar bakarra naiz.

Emaitza oso onak izan dituzu. Zeintzuk dira giltzarriak?
I.L.:
Ez dakit. Akaso entrenamendu saioengatik; astean hirutan ordu eta erdiz prestatzen naiz.

Urtean zehar, zer nolako kirol egutegia duzue?
I.L.:
Web orri bat dugu. Bertan, antolatzen diren proben eta emaitzen berri ematen da. Parte hartu nahi duenak, proba bakoitzean izena ematen du. Entrenatzaileak atleta bakoitzaren izena, banaka ematen du.

Nongo probatan parte hartu ohi duzue?
I.L.:
Donostialdean antolatzen direnetan. Normalean, Tolosan, Hernanin, Lasarte-Orian, eta Donostian izan ohi dira.
   
14 urte izanik, hainbat domina eskuratu badituzu, zer erronka dituzu aurrera begira?
I.L.:
Atletismoan jarraitu nahi nuke, baina urte batzuk barru zer egingo dudan ez dakit.

Atleta askok diote zerbaitek erakarri dituela haien kirol modalitatera. Zeure kasuan zerk bultzatu zaitu?
I.L.:
Hasieran futbolean jokatzen nuen. Nahiko azkarra nintzela ikusi nuen. Horregatik, atletismoan izena eman nuen, futbola ez bainuen hain gustukoa. Ona nintzela ikusi nuenez, eta emaitza hobeak lortzeko, atletismoan hasi nintzen.

Atletismoa, kirol modalitate osoena dela diote?
I.L.: 
Denetik egiten baituzu. Entrenatzaileak egun bakoitzean komenigarrienak zaizkizun ariketak planteatzen dizkizu. Proba bakoitza asko lantzen da.

Emaitzak hor daude. Amaitu duzu aurtengo kirol denboraldia?
I.L.:
  Bukatu da. Aurredenboraldiari iraila hasieran ekingo diot. Baina probak azarora arte ez dira hasiko.

Atletismo barruan, mota ezberdinetako probak daude. Zeinetan sentitzen zara erosoago?
I.L.:
Aurten, oraindik kadete mailakoa ez naizenez, ehun metro egin beharrean laurogei egiten ditut. Laurogei metroko probetan aritzen naiz ondoen.

Zer moduzko maila dago zeure adinekoen artean?
I.L.:
Denbora markak, bataz beste, nire adin tartean daudenenak hobetu izan ditut.

Zeure adin inguruko urnietarrik arituko da atletismoan?
I.L.: Beste kiroletan jende asko dabil, atletismoan nabarmendu daitezkeenak eta egiten ari diren kirolean onak ez direnak. Baina, hala ere, aukeratutako kirol jardueran jarraitzen dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!