Euskalduna: Futbol taldeen balorazioa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 19a, 19:37

Hamaika talde abiatu ziren denboraldi hasieran, zelaian aritzen diren bederatzi eta areto futboleko beste bi. Denboraldia kasu bakoitzean desberdina izan da. Hona, banan bana, Euskaldunako Batzar Nagusian talde bakoitzaren inguruan egin zuten balorazioa:

Preferente maila
Lehen taldeak igoera lortu eta lehen denboraldian hamaikagarren postuan amaitu zuen liga. Lehen itzulian harri eta lur utzi zituzten gainerako aurkariak. Bigarren itzulian, aldiz kosta egin zitzaien hasierako erritmoari eustea.
Helburua: Taldearen oinarriari eutsi eta kategorian goruntz egitea.

Areto futbola, 1.taldea
Denboraldi bikaina, Nacional B delako mailan jokatzeko igoera lortu du. Sailkapen orokorrean hirugarren sailkatu zen ligan.
Helburua: Mailari eustea.

Ohorezko jubenil maila
Denboraldi hasieran zalantza gutxien sortzen zuen taldea zen, mailarik onena duelako. Nolanahi ere denboraldi gorabeheratsua izan du. Kopan bosgarren sailkatu zen.
Helburua: Mailari ahalik eta azkarren eustea eta lehen seiren artean sailkatzea, igoerako fasea jokatu ahal izateko.

Jubenilak, areto futbola
Denboraldi ona, zazpigarren sailkapen orokorrean.
Helburua: Taldearen oinarriari eutsi eta kategorian goruntz egitea. Hurrengo denboraldian senior mailara igaroko dira Gipuzkoako 3.mailan jokatzeko. Lehen taldearen harrobi modura arituko da.

Ohorezko kadete maila
Ezin izan dio mailari eutsi. Denboraldi zaila izango zela aurreikusten zen. Denbora eta lan gehiago beharko da etorkizunean kategoria horretara egokitzeko.
Helburua: Galdutako maila berreskuratzea.

F8 kadete neskak
Txapeldunen fasean laugarren sailkatu da, denboraldia borobilduz. Garapen bidea, etorkizuneko gakoa.
Helburua: Jubenil-senior mailako taldea sortzea.

Kadeteak, lehen maila
Jokalari hauen heziketan egindako lana nabarmendu behar da. Emaitzak ez dira lagungarri izan eta hala eta guztiz ere entrenatzeko nahiz parte hartzeko konpromisoa onargarria izan da.
Helburua: Kadete B izango da izen berria.

Lehen infantil taldea
Kopako txapeldunorde eta liga, bigarren itzuliko onena.
Helburua: Txapeldunen fasea jokatzeko sailkapena eskuratzea.

F8 infantil neskak
Denboraldia oso ona izan da, txapeldunen fasean laugarren sailkatuz.
Helburua: Aurten lortutakoa eta formakuntzan sakontzea.

F8 infantil mutilak
Kopako emaitzak oso onak dira, mailari egokitzea kosta egin zitzaien adierazgarri. Behetik gora nabarmen egin dute.
Helburua: Nahikoa jokalari egonez gero, eskola mailan arituko den hamaikako taldea sortzea.

Alebina, teknifikazioa
Emaitzak onak izan dira, eskuratu duten laugarren postua seinale ona da. Lehen itzulian txapeldunen fasea jokatzeko sailkatu eta dotore aritu ziren.
Helburua: Maila handiko jokalariak daude, infantil mailara igoko direnak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!