Oier Mendizabal, pilota jaialdien atarian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 19a, 19:20

Sanjuanetan izango den pilota jaialdian parte hartuko du Mendizabalek. Opor txikiak hartu bezperan hitzordua jarri zuen Aiurrik, arrate pilotalekuan, non bestela. Jokalari eta prestatzaile jardunaz mintzo da.

Kontzentrazio bezperatan zaude. Zer egin ohi duzue tarte horretan?
Oier Mendizabal:
Egun batzuk igarotzen ditugu geure artean, giroa pixka bat mantentze aldera. Gero, hitzaldiak izaten ditugu, eta entrenatu ere egiten dugu. Lau egun nahiko lasaiak igarotzen ditugu.

Denboraldi berezia izan da hau. Zeure ametsetako bat finalean egotea zen. Urte batzuk barru, aurtengo denboraldia nola gogoratuko duzu?
O.M.:
Ikaragarria izan da. Amesten duzun helburu bat betetzea, ikaragarria da. Hala ere, nahiko lasai hartu behar da, hankak lur gainean izan behar dira. Ia orain udarako ondo jarri eta uda polita egiten dugun.

Andoainen Sanjuanetako jaialdian parte hartuko duzu. Bestelakoan, uda bete samar al datorkizue?
O.M.:
Orain partida jolasten ari gara astero. Hala jarraitzen badugu, uda polita izango da.

Amets hura beteta, zein beste amets duzu aurrera begira?
O.M.:
Helburuak ez ditut finkatzen. Orain arte bezala entrenatzen jarraitu behar dugula uste dut. Izan ditugun gabeziak hobetzen jarraitu behar dugu. Pixkanaka ikusiko dugu zein helburu jar daitezkeen eta lanak esango du.

Irabazi edo galdu, beti dago zer ikasia. Pilotako irakasle ere bazarenez, hala helaraziko al diezu ikasleei?
O.M.:
Bai. Azkenean, maila desberdinetako pilotariak daude. Bakoitzak helburu desberdinak ditu, eta bakoitzari hobetu behar dizkiozun gabeziak desberdinak dira. Partida galdu edo irabaztearekin, beti ikasten dela uste dut nik. Maiz galtzean gauza askoz gehiago ikasten da, irabaztean baino.

Halako emaitzak eskuratu ahal izateko faktoreak zeintzuk izan dira?
O.M.:
Haimarrek txapelketan diferentzia markatu duela iruditzen zait. Nik lagundu diot eta jasotakoa, nire buruarekiko urteetan egindako lanaren ordain edo saria izan dela uste dut. Azkenean, arrazoi bat gehiago ere bada lanean jarraitzeko.

Zer moduz doa bestelakoan, pilota teknifikazio eskola?
O.M.:
Ondo. Klubak pozik daude eta gu ere bai mutikoekin. Azkenean ikusten da ilusioa dagoela eta ilusio horrek lan ona egiten laguntzen du.

ZER ESAN
Oier Mendizabalek ezagunak dituen zenbait izen iradokita, berak zer esango lukeen, ariketa planteatu diogu. Hona hemen, bere gertukoei buruz dioena:

Andoni Alvarez
O.M.: Nik uste, gaur egun Andoainek pilota eskola badu, berari esker dela. Urteetan lan asko egin duen eta herrigintzan asko saiatzen den pertsona bat da. Estimu handia diodana eta laguna.

Iñaki Mendizabal
O.M.:
Ni naizena, sortu eta hezi nauena. Eta oso harro nago nire aita delako.

Ekaitz Mendizabal
O.M.:
Berarengatik hasi ginen pilotan jolasten. Ekaitz anaia Usurbilen hasi zen eta ni ere han hasi nintzen. Harreman handia dugu eta laguna izateaz gain, anaia da. Bere gomendioak eta iritziak oso baliagarriak zaizkit.

EKAINAREN 27AN, PILOTA JAIALDIA
Arrate Udal pilotalekuan jokatuko diren bi norgehiagokekin osatuko da aurten San Juan jaietan antolatu duten pilota jaialdia. Mendizabalek eta Olaizolak Koka-Begino bikotearen aurka lehiatu beharko dute. Gau horretako bigarren norgehiagoka izango da. Lehenik Olaetxea-Urrizalki eta Belloso-Oteizaren neurketa ikusi ahal izango baita. Jaialdia, gaueko 22:30etatik aurrera. Sarrerak 18 eurotan salgai dira. 14 urtetik beherako haurrek doan izango dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!