Andaluziako dantzak Goikoplazan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 19a, 19:14

Orain 16 bat urte sortu zen Triana Andaluziar Kultur Elkartea, Matilde Iglesias, Begoña Lurgain eta Toli Sanchez batzordekideek jakinarazi duten bezala.

Bost dantza talde ditu gaur egun Trianak, Sanjuanetako emanaldia noiz iritsiko irrikitan dira  egunotan, Hogar Extremeñok Basteron antolatu berri duen jaialdi arrakastatsua izan da orain arteko euren azken saioa.

Taldea sortzera bultzatu zuen lehen gertakizuna dute gogoan hiru solaskideek: “Dantza edo jarduera mota asko -baleta, aerobica, euskal dantzak…- gustatzen zitzaizkien hamabi bat neska gazte bildu, eta sevillanak-eta egiten hasi ziren. Geroxeago gaztetxo gehiago batu zitzai<kien”.

Dantzari gazteek babesa behar zutela eta, zenbait guraso eta bestelako jende heldua mugitu zen agudo. “Triana erakundea sortzeko beharra ikusi genuen, ateak irekitzen joateko dantzariei. Dantza mota hau ez baitzen onartua herrian edo Udal mailan”. Borroka latza eraman zuten aurrera onartuak izan arte, beraz, hasi berritan. “Sanjuanetan edo antzeko ekitaldietan parte hartu ahal izateko, Hogar Extremeñoren laguntza eduki genuen ezinbestean. Eurei zegokien denbora edo tokia eskaintzen ziguten”.

Trabak traba, Andoainen bere tokia egiten joan da Triana erakundea denboraren poderioz. “Gaudenok asko jartzen dugu taldeak iraun dezan; denbora, dirua... Denok denetik egitera ohitu gara. Egoitza bera errentan daukagu. Oso sakrifikatua da bazkide izatea; asko gustatu behar zaizu Andaluziako kultura halako saltsan sartuta ibiltzeko, urtea etorri urtea joan”.

Gaur egun, 60 bat bazkide ditu erakunde andaluziarrak; dantzariak dira erdiak, bultzatzaileak beste erdiak. Eta datu bitxia dena, herritar askoren ustearen kontra, oso gutxi dira jatorri andaluziarra dutenak: “bost bat izango dira andaluziarrak; euskaldunak, gaztelarrak, extremeñoak…, gara gainerakoak. Oso kultur nahasketa izugarria dago taldearen baitan. Ez dugu, alde horretatik, gainerako etxe erregionalen antzik. Dantza sevillarrak maitatzea da gure elementu bateragarria”.

Dantza sevillarren aldeko lanak kultura andaluziarra zabaldu nahi izatea ekarri die gerora. “Batak bestea dakar; beste etxe erregionalekin kontaktuan jartzen hasten zara, dantza saioak trukatzen, Andaluziako kulturan murgiltzen…, eta azkenean,  Andaluzia kultur mailan ordezkatzen ari zarela ohartzen zara, nolabait. Andaluzia ez daramazu odolean, baina bere kulturan inplikatzen zara. Dena ez baita dantza egitea”.

Kultur eskaintza aberatsa eskaintzen dio Andoaingo herriari Triana elkarteak urtean zehar. “Andaluziaren eguna otsailero, Rocio Giroko Jaia apirilero, 100 bat pertsonek osatutako karroza inauteritan… Horiek Andoainen antolatzen ditugunak dira. Gero makina bat irteera egiten dugu, deitzen diguten herrietan gure dantzariek emanaldia eman dezaten”.

Triana baliabide material urriko taldea izan arren, laupabost dantza talde osatzeko gaitasuna eduki du, urtero-urtero, jaio zenetik. Bazkide guztien sakrifizio pertsonala azpimarratu dute arestian, arrakasta hori esplikatzeko. Bigarren arrazoia, bazkide helduek dantzariekin dute tratuan egon liteke: “Mimatu egiten ditugu, giro polita sortzen saiatzen gara eta ez diegu inoiz presionatzen hau edo beste egin dezaten. Indartsuak eta bazkide ugariko  etxe erregionalak ezagutzen ditugu, baina dantza taldeak horrenbeste denboran mantendu ezin izan dituztenak”.

Egun bost dantza talde dauzka Trianak. Hara euren izenak: “Triana”, “Rocieras”, “Amanecer”, “Azahara” eta “Al Alba”. 9 urteko gaztetxoak dira gazteenak; 34 urteko gurasoak zaharrenak. Talde horien dinamikari begiratuz gero, ezaugarri bat bereizten da nabarmenki: “erakuslerik gabe aritzen dira. Eurek erabakitzen dute zer dantzatu, eurek osatzen dituzte koreografiak”.

Maiz gonbidatzen dituzte Euskal Herri osotik, emanaldia eman dezaten; “gertatu izan zaigu ezetz ere erantzun beharra eskaerei, aktuazio zerranda luzea daukagulako. Gonbidapenik ez jasotzea ere eskertu izan dugu tarteka…”.

anjuanetan, ekainaren 27an, arratsaldeko 20:00etan zer eskaini behar duten galdetzean, hara erantzuna: “Runbak, sevillarrak eta tangoak dantzatuko ditugu. Ikuskizuna ez da ordutik pasako, ikuslea gogoz utzi, eta hurrengoan ere azal dadin”.

Aitortzen dute San Juan jaia aukera bikaina dela urteko beste ekitaldietan baino publiko zabalagoa azaltzeko plazara. Horrela, aurtengo jaia ere “16 urteko bizitza izan arren, oraindik gure esistentziaren berri ez duten herritarrengana iristeko baliatu nahi genuke. Merezi baitu gure ikuskizunak”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!