Soka luzeko tradizio euslea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 19a, 19:10

Diskrezioa protagonismoa baino gehiago maite du Jose Luis Etxeberriak. Andoainen ospatzen diren herri zein auzo jaietako pertsonairik ezagunenetakoa da, hala ere.

Bai Udal txistularien Bandaren eta baita Alberto Agirre abesbatzaren sorreretan parte hartu zuen, eta hasi zenean bezain gogotsu jarraitzen du, oraindik, txistua jotzen eta kantari.

Atsedenik hartzen al duzu San Juanetan?
J.L.E.:
Ez uste hainbesteko lana denik.  Gaur egun dultzaineroek egin ohi dute diana, eta horri esker, lan gutxiago izaten dugu txistulariek. San Juan bezperan eta San Juan egunean jo behar izaten dugu gehiena. Bezperan, agintarien Soka-dantza daukagu. Gero, gauean, hamar bat txistulari Etxeberrietan bildu, eta San Juan zortzikoa egiten dugu kalez kale. Herritarrei festa hasi dela jakinarazteko ekintza izaten da. Ondoren izaten den San Juan suaren inguruko emanaldian ere parte hartzen dugu. San Juan egunean, berriz, Axeri-dantzan aritzen gara. Abesbatzari dagokionez, berriz, bi txandatan parte hartzen dugu: Agustin Leitzari esker oneko Salbe Gorena San Juan bezperan, eta Meza Nagusia San Juan egunean.  Jakina, horretarako guztirako entsaio ugari tokatzen da egitea batzuekin eta besteekin. Egunero, azken astean.

Zuri nork irakatsi zizun txistua jotzen?
J.L.E:
Inaxio Aizpuruak erakutsi zidan, bere etxean. Laborden lanean hasi berritan 1952an, 16 urterekin edo. Labordeko eskolan ikasita, baziren orduan txistua jotzen zutenak: Jose Goikoetxea, Pablo Etxeberria, Ramon eta Emilio Trutxuelo anaiak, Pio eta Jose Mari Huizi anaiak…. Horiek banda sendoa osatzen zuten. Baina utzi egin zuten denbora batera, eta nik bakarrik jarraitu nuen.   

Eta nondik sortu zitzaizun txisturako grina?
J.L.E:
Aitona, Angel Urrutia, txistularia genuen. Inaxio eta Jorge Aizpuruarekin Andoainen urtetan jo izan zuen. Etxean beste inork ez zuen jotzen, eta nire artean “nik jo behar diat” esan eta hasi nintzen, etxeko tradizioa ez hausteko. Gero gure aitona hil zenean, aizpuruatarrak ere zahartu eta utzi egin zuten erabat txistua. Urte mordoska batean ez zen txisturik ez ezer izan herrian. Izan ere, Alberto Agirrekn zuzentzen zuen musika banda ere desegin egin zen 1955 aldera. Handik bost bat urtera Fracak musika banda sortu zuen berriro, baina ez nintzen ibili horretan, ez nuelako loturarik nahi; hala ere, inoiz ez nuen txistua utzi. Udaletik edo beste nonbaitetik deitzen bazidaten, hara joaten nintzen.     

1979an txistularien banda berriro sortu zenuten arte…
J.L.E:
Labordetik atera ginen garaian izan zen, 1979ko maiatzean. Baxoerditako lagunekin atera zen dena, badakizu. Nola ez zegoen txistularirik herrian, Goikoetxeak txistua jotzeko eta jotzeko eskatzen zidan. Bitartean, aldamanetik Fidel Arrietak esaten zigun: “zuek bai kontua eta zikina, baina ez duzue ezer egingo!”.  Langabezian geunden eta, “oraintxe dek okasioa!”, esan eta ekin genion taldea osatzeari. Pio eta Jose Mari Huizi, Felix Martinez de Lezea, Ramon Mendiluze, Migel Mari Otamendi…, jendea biltzen joan ginen pixkanaka. Gero ikastolako Sabin eta Jon Mikel Mujika, Jon Lizarribar, Jauregi, Xabier Ansa…, etorri ziren; horiei Huizi, Otamendi eta hirurok irakatsi baikenien ikastolan. 1979ko Gabonekin batera atera ginen kalera.

Alberto Agirre abesbatzaren sorreran ere aritu zinen…
J.L.E:
Goikoetxea eta biok Pio Huizi tentatu genuen: “Hi, Pio, orain dakak okasioa, herriaren alde lan egin nahi badek, korua prestatzen. Guk lagunduko diagu, hik nahi badek”. Hark baietz esan eta erretore etxean entsaioak egiten hasi ginen, 1981-1982an. Nahiko koru ederra izan zen hasierako urtetan, gazte jende askorekin.

25. urteurrena ospatu zenuten 2007an…
J.L.E:
Nahiz urte oparoak bizitu hasieran, gauza guztiak bezala joaten dira uzten-uzten. Gero taldeko gazteak ere bere aldetik beste koroa sortu zuten… Mantentzen garenak zahartzen ari gara, eta atzetik berririk ez datorkigu. Oraintxe, egia esanda, egoera prekarioan gaude. Dezenteko bi tenoreek huts egiten badigute, zer egin behar ote dugu? Astean bi egunetan entsaiatzen dugu, baina gero ez dugu aktuazio askorik; Sanjuanetan, Sorabillan, Santakutzetan. Aste Santuan ere kantatzen dugu, baina herritik kanpora ez gara gehiegi ateratzen.  

Jose Luis, noiz arteko kuerda txistulari eta kantari bezala?
J.L.E:
72 urte dauzkat, eta bihotzetik hondatua; aldapan gora kosta egiten zait txistua jotzea…  Felixek eta Migel Mari Otamendik esana didate: “hik uzten dekenean, guk ere utzi egingo diagu”. Behin baino gehiagotan ere erantzun diet nik: “izurratu behar dizuet oraindik, hor aguantatu behar dezue!”. Arituko ez banintz ere, ez nintzateke penatuko. 75 urterekin jubilatzen omen dira obispoak…
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!