Goitibera lasterketa mundiala Elizmendin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 19a, 18:52

Herriko gaztetxoen ekimenez, ekitaldi berria izango da aurtengo Sanpedroetako egitarauan. Asteasuko gazteek, goitibera lasterketan parte hartzeko aukera izango dute ekainaren 28an, 16:00etan hasita.

Hamaika eta hamabi urte bitarteko umeek izan dute goitibera saioa antolatzeko ideia. Peru Ortiz de Zaratek eman du ekimenaren sorreran berri: “Andoaingo festetan egiten den goitibera lasterketa ikustera joaten ginen urtero. Lagun artean pentsatu genuen, goitiberak horrenbeste gustatzen zitzaizkigunez, gureak egin behar genituela. Lagun guztiek egin genuen bana. Eskolaz kanpoko orduetan geratu gabe aritzen gara goitiberekin eta ideia polita iruditu zitzaigun festetan lasterketa egitea”.
Lagunen artean eskaera bat idatzi eta udaletxean aurkeztu zuten: “Lasterketa antolatzeko genituen arrazoiak aurkeztu genituen idatzian. Eskolako irakasleak akats ortografikoak zuzendu zizkigun eta hogei bat lagunek sinatu genuen. Udaletxera eraman genuen idatzi hura eta gero, jaietako zinegotziarekin bildu ginen”.

Elizatik behera, maldan behera
Elizatik hasi, eskola pasa eta errepideko zuzengunean bukatuko da lasterketa. “Zinegotzia konbentzitzea pixka bat kosta egin zitzaigun, arriskutsua iruditzen zitzaiolako. Bilera asko egin genituen. Gure hasierako asmoa Larraulgo errepidetik behera egitea zen, baina oraindik gazteak garenez, Elizmendin egingo dugu lehendabiziko lasterketa hau. Ondo ateratzen bada, gu ere hazi egingo garenez, pixkanaka ibilbidea handiagotzen joango garela esan ziguten”, azaldu du Peruk.

Gaztetxoen ekimena izan da
Laugarrren eta bosgarren mailako ikasleen ekimena izan da goitibera lasterketa antolatzearena: “Hamahiru goitibera izango direla uste dugu. Bakoitzak hiru jaitsiera egingo ditu eta erlojuaren aurka arituko gara. Hamabi urtetik beherakoek parte hartuko dugu. Oraindik ez dakigu saririk izango den edo ez, ez dugu galdetu”.
Parte hartzaile bakoitzak bere goitibera prestatuta dauka dagoeneko: “Eskolaz kanpoko orduetan erabiltzen ditugu. Gehienek egurrezko goitiberak dituzte, hiru gurpildunak. Burnizkoak ere badira tartean. Lasterketa baino lehen aldaketak eta konponketak egiten ari gara, ondo prestatuta egoteko. Puskatutako egurrak aldatu eta horrelakoak egin behar izaten dira”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!