Ametsezko mundua, zaldien gainean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 19a, 18:49

Ekainaren 28an ikuskizun berritzaile eta berezia egingo da Lamiategiko belazean. Zaldia, dantza, musika eta kantua bateratuko dituen ekitaldiak “Ni zaldi” du izenburua eta ametsen munduan murgilduko ditu ikusleak.

Zaldunak, Oinkari dantza taldeko kideak, Donostiako Udal dantza eskolako dantza garaikideko ikasleak, Jaxenolaf malabare taldekoak, Asteasuko kantu taldeko kideak, musikariak..., guztira hirurogeita hamasei pertsonak parte hartuko du ordubete inguru iraungo duen zaldi ikuskizunean.

Mirari Irurzunek sortu du ikuskizunean aurkeztuko den ipuina: “Gizon baten istorioan oinarrituta dago. Zaldiekin amets egiten du etengabe eta azti batengana jotzen du arazoa zein den argitzeko. Azti horrek aurreko bizitza batean gizon hori zaldi izan zela eta bere aurreko bizitza harekin amets egiten duela azaltzen du. Zaldiaren bizitzako pasadizo ezberdinak izango dira ikusgai: zaldia oraindik muxal zenekoa, baserri batean bizitzen denekoa, zaldi demetan parte hartzen duenekoa, amesgaiztoren bat ere bada tartean... istorio bakoitzak bere musika izango du.  Musika moldaketa batzuk egin ditut eta ikuskizunerako espreski konposatutako pieza batzuk ere izango dira. Txalaparta, pianoa, kontrabajua, bateria, klarinetea, euskal txirula, saxofoia..., tresna ezberdinek zuzenean eskainikoo dute musika. Musikari gehienak ere herritarrak dira”, azaldu du Mirarik.

Herriak, herriarentzat
Herritarren artean, elkarrekin zerbait egitea da ikuskizunaren helburuetariko bat: “Pastoralen kontzeptua dago oinarrian. Herritarrek elkarrekin lan eginez gauzak egitea da helburua, ilusioz parte hartzeko gogoa bultzatzea. Horrez gain, kulturarekiko sentsibilizazioa ere sustatu nahi genuke, kulturalki denak aberasteko”, dio Mirarik. “Asteasuar asko izango da era batera edo bestera parte hartzen. Esaterako, zaldia baserri batean bizi deneko pasartea irudikatzen denean, lanabes ezberdinak jarriko ditugu eszenatokian eta herriko jendeak utzitakoak dira. Jendeak harrera ona egin dio ideiari”, gaineratu du.

Herritarrez gain, ikuskizuna aberastuko duten banakoak ere izango dira. Patxi Saiz kantautore getariarra, esaterako, bertan izango da. Bikoizketa lanetan aritzen den Jose Manuel Goikoetxeak ipuinaren narrazioa egingo du eta Peio Odriozola zaldi domatzaileak ere parte hartuko du zenbait pasartetan.

Urte osoko lana
Hilabete asko darama Mirari Irurzunek prestaketa lanetan: “Lehendabiziko lana ideia garatzea izan zen. Herriko zaldunei planteatu nien ideia eta haiek parte hartzeko prest agertu zirenez, udaletxean proposamena aurkeztu nuen. Eguberrien inguruan egin genituen lehendabiziko bilerak. Urte osoko lana ekarri du ikuskizuna antolatzeak, gauza asko lotu behar zelako”:

Maiatzean hasi ziren entsegu orokorrak egiten: “Talde ezberdinek, bakoitzak bere aldetik, lehenagotik egin dituzte entseguak. Maiatzean hasi ginen entsegu orokorrak egiten baina, eguraldi txarra dela eta, oso gutxi aritu gara. Lurzorua oso baldintza txarretan zegoen, ikuskizunari aldaketa batzuk egin behar izan dizkiogu euriak eraginda. Entseguetan, zaldiek irrist egiten zuten, gauzak busti egiten zitzaizkigun, dantzariek ez zuten nahi bezala aritzerik... Ezin izan dugu nahi bezala aritu. Ikuskizun egunean euria egiten badu ezingo dugu egin, musika tresnak ezin direlako busti. Hori bagenekien, baina entsegatzeko arazoak izatearekin ez genuen kontatzen. Ahal dugun hoberen egingo dugu”.

Gaueko hamaiketan emango zaio hasiera zaldi ikuskizunari: “Urte garai honetan egunak oso luzeak dira eta guk iluntasuna behar dugu nahi dugun giroa sortzeko. Argi bereziekin argiztatuta egongo da eszenatokia”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!