Trikitilari gazteak, San Pedro egunean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 19a, 18:45

San Pedro egunean, Trikiti eguna antolatu da lehenengo aldiz. Ekainaren 29an, herriko kaleak trikiti doinuz alaituko dituzte gaztetxoek. Juan Tapiak eman ditu azalpenak.

Lehen, Asteasuko San Pedro jaietan trikiti txapelketak izaten baziren ere, aurten, lehenengo aldiz, Trikiti eguna antolatu da. Juan Tapia trikitilariari bururatu zitzaion ideia, herriko musikarien kalejirak izan duen arrakasta ikusita, “orain lauzpabost urte, Asteasun bertan bizi diren trikitilari, panderojole eta txistulariekin kalejira egiten hasi ginen. Izan duen arrakasta ikusita, trikitixarekin ere zer edo zer egin zitekeela pentsatu nuen eta proposamena luzatu nuen udaletxera”. Herriko musikarien kalejira ekainaren 27an izango da; Trikiti eguna, berriz, ekainaren 29an.

Zehaztuta daukate Trikiti eguneko egitaraua: “Eguerdian hasiko gara Elizmendin. Jendea mezetatik ateratzen denean izaten den hamaiketakoa alaituko dugu. Handik behera jaitsi eta, kalejira egingo dugu herrian, bazkariaren aurretik. Bazkalondoan, herri kirolak amaitu eta gero, ordubete inguruko jaialdia eskainiko dugu plazan”. Eguerditik gauera trikiti doinuak entzun ahal izango dira San Pedro egunean Asteasun, “gu eguerdian hasi eta iluntzera arte arituko gara, baina gauean, Ostolaza eta Pujana trikitilarien emanaldia izango denez, goizetik gauera izango da trikitixa entzuteko aukera”. Juan Tapiak hartu du bere gain Trikiti eguna antolatzeko ardura baina, laguntza handia duela azpimarratu du, “Maite Iraola asko ari zait laguntzen. Megafonia, bazkaria nahiz bestelako antolakuntza lanak lotzen ari da. Ezinezkoa litzateke hau guztia bakarrik antolatzea”.

Gaztetxoak protagonista
Asteasuk musika eta dantzarako zaletasuna betidanik izan duela uste du trikitilariak. Duela lau urtez geroztik trikitixa eta pandero eskolak ematen ditu Juanek Asteasuko Kultur Etxean. “Lau urte eta gero, maila dezentea hartu dute ikasleek: gogo handia daukate, izugarri saiatzen dira”. Asteasuar trikitilari gazteak kalera atera eta ikasitakoa erakusteko ez ezik, beste eskoletako trikitilariekin harremanetan jartzeko helburuarekin antolatu du Trikiti eguna Tapiak, “beste trikitilariekin hartu-emana izan eta besteek zer egiten duten ikustea garrantzitsua iruditzen zait, denen artean giro polita sortuz”. 10-12 urte inguruko gaztetxoak izango dira Trikiti eguneko protagonistak, “lehen ere kalean jo izan dute baina, aurreneko aldiz hartuko dute parte horrelako egun batean. Urduritasuna dute batetik eta izugarrizko gogoa bestetik”.

Iaz Zizurkilen antolatu zuen Trikiti eguna Juanek eta orduan, Zizurkil eta Amasa-Villabonako ikasleak aritu ziren batik bat. “Asteasukoez gain, Donostia eta Itziar-Debako eskolako trikitilariek hartuko dute parte oraingo honetan Asteasun”. Berrogeita hamar trikitilari inguru izango dira guztira, erdiak asteasuarrak. Juanek aurrea begirako asmoak ere baditu, “orain Donostia eta Itziar-Debatik etortzen badira, gero gu hara joan eta hango ikasleak eta eskola ezagutzea gustatuko litzaidake. Harremana izatea”.

Trikitixa indarrean
Osasuntsu ikusten du Tapiak trikitixa Asteasun “Asteasu herri bizia da eta ekintza mordoa antolatzen da urtean zehar: Kantu-Jira dela, kultur ekintzak direla, Santa Ageda, Gabonak…”. Jendea kalean trikitixa jotzen ikusi eta horrek berak gogoa piztu egiten duela uste du Juanek. “Duela hogei urte inguru izugarrizko boom-a izan zuen trikitixak Asteasun. Gero jaitsi egin zen zertxobait eta orain, berriz ere gogotsu dabil jendea. Gazteak ez ezik gurasoak ere asko ari dira saiatzen; gaztetxoei babes handia eskaintzen baitiete. Une honetan indarrean ikusten dut trikitixa”.

Kalejirak, fandangoak edo arin-arinak entzuteko aukeraz gain, beraz, dantzatzekoa ere izango da San Pedro egunean Asteasun. Hainbat trikiti piezatan abestu egingo dute trikitilariek, “denetarik izango da, baita abestutako piezak ere. Ahotsak asko janzten du eta tartean, kantatutako piezak ere izango dira”. Aurtengoa lehen saiakera izango da, urtez urte aurrera egiteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!